Irune Lasa.
GEURE KONTU

Hidrogenoaren apustua

2020ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Pandemiarena txiki uzten duen olatua datorkio gainera gizateriari: klimaren aldaketa. Haren ondorioak jada antzematen hasia da mundua, eta beroketa globala ahalik eta gehien, ahalik eta bizkorren murrizten ez bada, latzak etorriko dira.

CO2 isurketak dira beroketa horren erantzule nagusiak. Eta, hain zuzen, isuri horiek gutxitzeko modu bat ezagutu berri dugu, eraginkorra eta bizkorra. Kalkulatu dute CO2 isurketak %17 murriztu direla munduan, herritarrak COVID- 19arengatik itxialdian egon diren bitartean. Isurien eta kutsaduraren arazoaren neurria ikusteko baliagarria izan da itxialdia, eta baita irtenbiderako erronkaren tamainaz jabetzeko ere.

Europako Batasunak karbonogabetzearen alde apustu egin du, eta, Itun Berdea goiburu, 2050. urterako klima neutraltasuna jarri dio helburu bere buruari. Horrek esan nahi du urte horretarako berotegi gasak neutralizatu, konpentsatu edo harrapatzeko sistemek erauzitako bolumenak handiagoa izan beharko duela Batasunetik atmosferaratutako gasen bolumena baino. Hori lortzeko moduetako bat izan daiteke, Batasunaren ustez, hidrogenoa.

Uztail hasieran jakinaraziko du Europako Batzordeak bere Hidrogenoaren Estrategia, baina haren nondik norakoaren zantzu bat ikus daiteke hain zuzen orain Batasuneko lehendakaritza hartuko duen Alemaniaren estrategian: 7.000 milioi euro jarriko ditu hidrogeno garbiaren inguruko teknologia eta negozio berriak sustatzeko.

Ez da gauza berria, eta gaur egun ere ekoitzi eta kontsumitzen da hidrogenoa Europan bertan. Baina hidrogeno horretatik gehiena ekoizteko, iturri fosilak erabiltzen dira; prozesua garestia da, eta erabilera gehienetan hidrogenoa baino efizientzia handiagoko teknologiak existitzen dira. Horrek esplikatzen du zergatik izan duen orain arte hidrogenoak halako arrakasta eskasa.

Baina gauzak aldatu egiten dira; horren erakusle Alemaniaren eta Europa iparraldeko herrialdeen apustua —eta laster batean Europarena—. Ez da kasualitatea apustu hori egin duten herrialde horiek haize errotaz beteko den Ipar Itsasoaren kostaldean egotea. Izan ere, iturri berriztagarriek egin dute hidrogeno garbia posible. Argindar horrekin ekoitzita, orduan bai, bihur daiteke hidrogenoa erabilgarri karbonogabetzerako.

Hala ere, erronka asko ditu hidrogenoak egiaz baliagarri izateko. Ekoizteko garestia izaten jarraitzen du, eta haren efizientzia ere hobetu beharko litzateke. Adibidez, garraio arinerako askoz ere hobeagoak dira bateriadun ibilgailu elektrikoak. Inor gutxik ikusten du, oraingoz, hidrogenoa baterien lehiakide izan daitekeenik.

Bateriak iristen ez diren tokira iristeko gai izan daiteke, ordea. Maerks itsasontzi enpresa handia, esaterako, bazkide da Danimarkan hidrogeno garbiarekin erregaiak ekoizteko abiatu den proiektu batean. Bultzatzaileek uste dute industria astuna eta garraiobide handiak karbonogabetzeko modua izan daitekeela hidrogenoa, isuriak konpentsatu ditzakeelako, CO2a erabiliko delako, esaterako erregaion fabrikazioan.

Bateriak oso garestiak zireneko eta autonomia oso gutxi eskaintzen zuteneko egunak ez daude horren urrun. Lor al dezake hidrogenoak arrakasta bertsua? Itxaropen hori dute gobernuek eta Europak. Eta bateriekin egin bezala, hidrogenoarekin ere saiatu nahi dute.

Abagune horretan, Repsolek eta Petronorrek Bilboko Portuan hidrogeno garbia erabiliz erregai sintetikoak ekoizteko lantegia eraikiko dutela iragarri dute aste honetan. Negozio gutxi egingo dute oraindik hortik, izatez teknologiak probatzeko lantegia delako. Apustu bat.

Lantegiak eskura izango du Repsolen penintsulako haize errota eta zelai fotovoltaikoetako argindarra, kilometro gutxira Petronorren beraren CO2a, eta ez oso urrun etorkizuneko bezero izan daitezkeen altzairutegi, kimika lantegi eta antzekoak. Oinarri horietatik karbonogabetzerako teknologia eta industria baliagarriak etorriko diren ala ez, hori denborak erantzungo du.

Eta erantzun horren araberakoa izango da Petronorren beraren etorkizuna. «Etorkizuneko Petronor» aipatu zuen enpresaren lehendakariak, Emiliano Lopez Atxurrak, lantegiaren berri emateko aurkezpenean. Klima neutraltasunean nekez egongo baita oraingo Petronorrik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.