Iker Aranburu.
GEURE KONTU

Amaitu da datu txukunen uzta

2020ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Aro bat amaitu da, eta beste bat hasten ari da. Ekonomiari buruzko datuak onak edo txukunak izan diren tarte behar baino laburragoa, ziur aski, bukatu da dagoeneko, udako hilabeteetan barne produktu gordinaren igoera ikusgarria erakutsi duten zenbakiekin. Horrela, aste honetan jakin da Nafarroako ekonomia %15,7 hazi zela uztailetik irailera, eta eurogunean ere oso handia izan dela errebotea, %12,7koa. Aurreko astean, berriz, Eustatek aurreratu zuen hiruhileko arteko tasan%15,2 handitu zela Araba, Bizkai eta Gipuzkoako BPGa. Baina datu makroekonomikoak berandu iritsi ohi dira, eta beti ez dute erakusten zein den egungo egoera; oraingoan, ekonomia eta gizartea udaberri goibel batetik esnatu ziren aldi bat islatu dute, eta amaitu egin da uzta eskas hori.

Udak aurrera egin ahala hasi zen berriro COVID-19a zabaltzen, eta, hura gerarazi nahian, bizitza soziala murrizteko neurriak ere hedatzen hasi ziren, lotsati lehenik eta indarrez azken asteetan. Martxoan bezala, ostalaritzak hartu du lehen kolpea, baina, debekuak zabaldu ahala, beste zerbitzuetara ere zabaldu da motelaldia. Estatistikoki, baliteke datorren asteazkenean ikustea haren lehen isla, SEPEk langabezia erregistratuaren zenbakiak argitaratzen dituenean. Adi enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteen datuari.

Eroriko ote dira berriro atzeraldian Euskal Herriko eta euroguneko ekonomiak? Baietz esaten hasi dira iragarleak, berriro geure hiztegietan sartu baita 2020ko hitz mamuetako bat: konfinamendua. Irlandak eta Frantziak hasi dute dantza, baina, kasuak gutxitzen ez badira, orain itxialdia baztertzen duten beste herrialde batzuk ere batuko dira, domino efektuaren ondoren. Azken egunotako ukoek inor gutxi lasaituko zuten.

Uste okerren zama

2.0 konfinamendua aurrekoa bezain kaltegarria izango da ekonomiarentzat? Hori ez dago jakiterik, besteak beste, inork ez baitaki noiz arte iraungo duen. Nahikoa izango dira aste batzuk berriro birusaren hedapena moteltzeko? Ezkorrak izateko arrazoi on bat eman du Olivier Blanchard Nazioarteko Diru Funtseko ekonomista buru izandakoak, txio hari batean. «Ziurgabetasuna lehen olatuan baino handiagoa da. Lehenengoan, ustea zen (uste okerra) kutsatzeak bizkor gutxituko zirela eta gutxi izango zirela aurrerantzean. Oraingoan, ikusteko dago bizkor gutxitu ahal izango ditugun eta maila txikian geratuko diren. Ziur aski, horrek kalte egingo dio enpresen eta langileen gastuari». Hau da, hau parentesi labur bat ez baizik eta luzatzeko itxura duen egoera bat dela ohartzeak are gehiago uzkurtuko dituela enpresen inbertsioak eta herritarren erosketak, eta horiek gabe ekonomiak ezin duela ongi funtzionatu.

Egia da konfinamendua ez dela martxotik maiatzera artekoaren berdina izango, ez behintzat haren hasieraren berdina. Oraingoz, Frantzia joan da urrunen, etxean geratzeko agindua ezarri baitu ostiralaz geroztik. Baimenduta dauden gauzen zerrenda luzeagoa da martxoan baino: ikastetxeak ez ezik, lantokiak ere irekita nahi ditu Emmanuel Macronek.

Zoritxarrez eta ohikoa den moduan, ahulenek ordainduko dute gehien konfinamendua, lanpostu prekarioak dituztenek. Horiei batu dakizkieke negozio txiki askoren jabeak: oso litekeena da lehenengo olatuan ito ez zirenetako askok bigarrenean amore eman beharra. Zer egin daiteke haiek laguntzeko? Erantzun bat Blanchardek berak ekarri du. «Politika fiskalak lehen itxialdian baino eskuzabalagoa eta oldarkorragoa izan behar du. Bi arrazoirengatik: hasteko, lehen olatuan enpresei maileguen eta zerga atzerapenen bitartez lagundu zieten. Hori berriro egiteak zor handia ekarriko lieke, eta, beraz, porrot egingo lukete askok. Hortaz, diru laguntza zuzenak behar dituzte, eta hori garestiagoa da gobernuentzat. Gainera, ziurgabetasunak eskaera pribatua gehiago ahulduko duenez, babesa ematea baino urrunago doazen neurriak beharko dira [...] Sosak zenbatzea eta porrot masiboak ahalbidetzea erokeria da. Gobernuek nerbio sendoak beharko dituzte. Izango dituztela espero dut».

Hau da, gobernuek gastu publikoaren bidea hartu beharko dutela. Laguntza agindu die asteon Christine Lagarde EBZko lehendakariak. Orain arte, merke eta erraz finantzatzen lagundu die Frankfurtek, eta hala jarraitu ahal izango du, merkatuak aztoratzen ez badira, noski.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.