Euskal ondare kulturalaz

2019ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Pertsonak erdigunean jarriz politika egiteko moduaz hitz egiten dugu sarritan, ez, ordea, politika erdigunean jarriz pertsonok egiten dugunaz. Nire bizitzako momentu honetan esaten didate politikoa naizela; eta nik erantzun militante politikoa naizela legebiltzarrean, eta, jakina, pertsona beste edozeren gainetik. Eta politikagintzan, bizitzako esparru gehienetan bezala, aurrean dituzun pertsonak erabakigarriak izaten dira beste elementu batzuen gainetik, kasu batzuetan alderdi politiko baten sigla eta ideologia beraren gainetik ere. Pertsonala politikoa da, eta politikoa pertsonala, eta, agerikoa badirudi ere, ideologia eta kultura politiko ezberdinen ordezkarien artean egunero lan egin eta negoziatzerakoan oso presente izan beharreko kontua da, milaka pertsona ordezkatzeak dakarren arduragatik eta are gehiago akordioa akordioagatik bilatzen den garai hauetan.

Duela urte eta erdi, ardura horretatik abiatu genuen Euskal Kultura Ondarearen legearen lanketa. 15 eragile eta adituren batzorde-agerraldiak eskatu genituen; bilera, mezu elektroniko eta telefono dei gehiegi ziurrenik, baina ekarpen bilakatuta kasu askotan, eta iparrorratza hasieratik argi: kultura-ondareak identitate eta jarraidura-sentipen bat ematen die komunitateei, belaunaldiz belaunaldi helarazia eta ingurunearekin eta historiarekin elkar eraginez etengabe berritua dena. Hiru lerro horiek biltzen duten sakontasunetik eta arestian aipatutako arduratik abiatuta onartu da Euskal Kultura Ondarearen Lege berria EAEko legebiltzarrean.

Asko izan dira legeari egindako ekarpenak, eta ezin denak aipatu, baina zalantzarik gabe esan dezakegu egindako lanari esker ondare immaterialari dagokionez oso lege aurreratua izango dugula Europa mailan. Hori inportantea da mundu globalizatu honetan, ondare immateriala delako edozein giza komunitateren identitatearen oinarri eraginkorrenetarikoa; izan ere, identitateajardunean eraikitzenda; egitenduguna gara, eta, egiten dugun hori modupartekatuan besteekin egiten dugun heinean, sarea sortzen dugu eta, ondorioz, herrikideak ere bai. Beraz, garrantzitsua da legeak geure herriaren izaera babestea, gu geu garena, hori adierazten duen ondare kulturala.

Arau berrian ikuspegi zabalenean ulertuta jaso egiten da Euskal Kultura Ondarea, Euskal Kulturak ez duelako lurraldetasun edo zatiketa administratiborik ulertzen. Hori dela eta, nahiz eta egungo marko administratiboaren ondorioz Araba, Gipuzkoa eta Bizkairako legea izan, Nafarroa, Iparralde eta diasporako hainbat ondare kultural, Euskal Kulturaren parte diren heinean modu koordinatuan babestu, sustatu eta balioan jartzeko neurriak jaso dira legean egindako ekarpenen ondorioz. Asko errepikatzen da legean «EAEko Euskal Kultura» kontzeptua eta antzekoak, argi utziz Euskal Herriaren zati bateko kulturak ezin duela Euskal Herriko kultura bere osotasunean ordezkatu.

Ahozko tradizioak, toponimia, bertsolaritza, musika, dantza, emanaldi tradizionalak eta oroitzapenezkoak, usadio sozialak, gastronomia, kirolak, jai-ekitaldiak, naturarekin eta unibertsoarekin lotutako ezagutzak eta usadioak edo eskulangintzari eta industriari buruzko teknikak babestu ahal izango dira legez hemendik aurrera. Bost indar politiko ordezkatzen ditugun bost pertsonak mahai baten inguruan orduak eman ditugu. EAJk, EH Bilduk, Podemosek eta PSEk argi berdea eman diogu legeari; PP abstenitu egin da.

Aniztasun politiko horren erdian, lehen aipatutako iparrorratza bistatik galdu gabe lortu dugu herri eta nazio ikuspegitik ekarpen inportantea lege honen bitartez, eta horretarako zerikusi handia izan dugu mahai horretan eseri garen pertsonok, entzuten jakin izan dugulako eta kultura, ondarea, legea eta politika erdigunean jartzea lortu dugulako testuinguru eta beste behar politikoen eta elementuen gainetik. Beraz, asko izan dira legeari egindako ekarpenak, baina asko ere legeak politikari eta herriari eginikoak.

Horregatik, artikulua hasi dut azpimarratuz zerikusi handia izan dezakeela alderdi politiko bakoitzetik zein den gaia eramaten duena; pertsonala politikoa delako eta politikoa pertsonala bihurtzen delako, baina politika maiuskulaz ulertuta erdigunean jartzen dugunean pertsonek irabazten dute beti, zalantzarik gabe, gure herriak irabazten du, hemen politika ulertu eta egiteko era euskal ondarea ere badelako, zaindu dezagun beraz. Euskal Ondare Kulturalaren Lege berriarekin pertsonek, politikak, herriak eta kulturak irabazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.