urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Aldatu ohitura

2021eko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Bill Nye telebistako zientzia-saioen aurkezleari egozten diote esaldia: «Zerbait oker dago gizartean, jendea autoz badoa gimnasiora, han bizikleta estatikoan entrenatzeko». Horixe etorri zitzaidan gogora Euskara ikasgelan: gero eta gutxiago eta okerrago erreportajea irakurrita. Arazo bati denek modu berean erantzun, eta arazoa konpontzen ez bada, errezeta bera egon liteke oker, ziur aski.

Batzuetan, aski da begirada aldatzea horretaz ohartzeko. Behinola aspaldiko lagun batzuk bisitatu genituen Norvegian. Zortzi urteko alaba zuten, baina, gure harridurarako, ez zekien berbarik ere ingelesez. Eskolan ez omen ziren hasi hizkuntza hori ikasten. «Datorren ikasturtean ekingo diote», bota ziguten, kezka berezirik gabe. Gure alabak, hiru urterekin, bazuen orduren bat edo beste ikastolan ingelesez jolasteko, Euskal Herriko ikastetxe askotan legez. Orduak eta urteak ikasten eta, nerabezaroan, erdipurdikoa da ikasle gehienen maila. Oso gutxi dira elkarrizketa arrunt bat izan edo film batez gozatu dezaketenak; Erasmus urtea egitera doazenek inbidiaz begiratzen diete Herbehereetako edo Eskandinaviako —edo Balkanetako—ikaskideei. Eurek, oinarrizko solasaldiak dituzte, behar-beharrezkoa denean soilik, urduri eta artega, elkarrizketa noiz amaituko.

Ingeles kaskar horretaz jabetuta, guraso askok seme-alabak akademiara eramaten dituzte, derrigorrezko eskolaz gain beste bizpahiru ordu izan ditzaten. Batzuetan, oporretan ere badituzte ikastaroak, akademiak berak antolatuta edo, adinean aurrerago eta gurasoek ordaintzerik badute, Irlandako egonaldietan. Gurasoen presioaren ondorioz, euskara geroz eta gutxiago entzuten den gure ikastolak ameto eman du datorren ikasturterako: eguerdiko eskolaz kanpokoetako bat ingelesez ematea onartu du.

Ñabardura bat, horri lotuta: Herbehereetako familia kurdu batek esaten zidan han posible zela txikitan ingelesez irakasten hastea, baina betiere nederlanderaz ondo zekiten haurrentzat. Kexurik gabe zioten, munduko gauza logikoena balitz legez: herrialdeko hizkuntza ondo ikastea da lehenengoa, eta atzetik ingelesa. Horren ondorioa da herrialdera iritsi berri diren familietako haurrek ezin dutela hasi ingelesez. Baina ez du aparteko kezkarik sortzen: eskolatik kanpo ere, gizarteak, aisiak, bikoizketarik gabeko telebistak, zinemak, telesailek, denek bat egiten dute nerabetan den-denak erabat elebidun izateko. Pentsa hemen halakorik planteatuko balitz: ingelesez txikitan hasteko, irakasleak bermatu beharra haurrak badakiela ondo euskaraz. Entzun beharko genituzkeenak.

Kanpotik begiratzen digunak, zenbat diru eta ordu joaten zaizkigun hizkuntza hori ikasten, ingelesarekin oso kezkatuta gaudela ondorioztatuko du. Izan ere, ingelesez jakitea etorkizuneko berme bezala ikusten dugu, eta gure seme-alabentzat onena nahi dugunez, haiek ingelesez jakitea nahi dugu. Horregatik, ahal den guztia egiten dugulakoan gaude, gure patrikatik eta umeen aisialdiko denboratik kenduta.

Norvegian eta Herbehereetan, aldiz, ez akademia, ez oporraldi, ez berebiziko obsesio. Ez doaz autoz gimnasiora bizikleta estatikoan ibiltzera. Lanerako darabilte txirringa, eskolarako, lagunak bisitatzeko. Bizitzeko, alegia. Hemen, delegatzea da arau. Gure ardurarik gabe, gimnasiora/akademiara jotzen dugu, handik bueltan ekarriko dugulakoan gorputz osasuntsua eta ingelesez dakien seme-alaba. Ustez, badugu kezka, umeentzat onena nahi dugu, baina horretarako euren denbora eta gure dirua baino ez ditugu ematen. Ez gaude prest egunerokotasuna eta ohitura txikienak aldatzeko. Ikastolako lehen egunean esan ziguten legez:jantokian bazkari osasuntsu eta orekatua emango diogu, baina ondo eta denetik jaten etxean ikasi behar dute.

Eskolatik ingeles-akademiara, eta hortik kanpo egunerokotasuna gaztelaniaz da gehiegitan: etxeko liburu gehienak, Netflix, Disney+, oporraldia Cadizen edo Kantabrian... Etxean gurasoek etengabe ikusten badituzte gaztelaniara bikoiztutako filmak eta telesailak, nola nahi dute umeek jatorrizkoa ikustea?

Euskarara ekarrita: badakigu eskolak bakarrik umeak euskalduntzeko eragin mugatua duela, gero kalean eta etxean dena erdaraz bada. Guraso erdaldun euskaltzale askori esker ditugu ikastolak; ez zekiten euskararik, baina euren ezinaz jakitun, ikastolatik kanpoko jarrera, Durangoko Azokatik aisialdira, euskarara bultzatzea zen. Baina hor ere delegazioa nagusituz doa: D ereduak egin dezala dena. Norvegiarrek ez dute ingelesez egiten elkarren artean, are gutxiago etxean, baina ingelesa hortxe dago presente azpidatzitako film eta telesailetan egunero, astiro txipli-txapla zipriztintzeko.

Medikuak azukrea edo gatza kentzea edo murriztea agintzen digunean legez egin beharko da euskara indartu eta —ondorioz, ezinbestean— gaztelania apaltzeko: gatza zein espainola ez da berez txarra mundu guztiarentzat; baina Hegoaldeko euskaldunok gaztelaniaren kontsumoa murriztu ezean (internet, liburu, film, aisialdi...), jai dugu. Goxoa da eta bizia errazten digu, ondo ez dakigun hirugarren hizkuntza batean borrokan egin beharrik gabe, baina erabateko dependentzia hispanikoa ere sortzen digu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.