Iker Aranburu.
GEURE KONTU

Diru publikoa, zertarako?

2020ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Koronabirusaren bigarren oldea osasun kontuetan indarra galtzen ari dela dirudien momentu batean, lehen olatuaren kolpea iristen ari da euskal ekonomiaren bihotzera, industriara. Aisialdiari lotutako jarduerek jaso dute krisiaren bat-bateko erasoa —ostalaritza, turismoa, kultura...—, baina olatuaren azpiko indarrak astindu gogorra eman dio industriari, azken asteetako kaleratze eta itxiera iragarpenek erakutsi dutenez.

Aeronautikak ireki zuen iragarpen beltzen dantza, eta inor gutxi harrituko zen, sektore hori guztiz lotuta dagoelako seko geratutako bi jarduerari: turismoari eta lan bidaiei. Kolpea koiunturala dela eta aurki hegazkin berrien eskaera itzuliko dela argudiatu dute langileek kaleratzeen aurka egiteko, eta sektorea krisi aurreko hazkunde zenbakietara itzuliko dela defendatu dute. Baliteke egia izatea, eta hemendik gutxira munduko beste puntara joatea berriro gauza arrunta izatea, eta aurrez aurreko bilerek ordezkatzea Zoom eta Skype bidezko bilera hotzak. Baina kontrakoa ere gerta daiteke, hau da, gertuagoko bidaiak eta bilera telematikoak nagusitzea. Era batera edo bestera izanda, aeronautikak goranzko bidea hartzea ez da ziur aski hilabete batzuetako kontua, urte batzuetakoa baizik. Berri onak dira agian planetarentzat, baina txarrak Euskal Herriko hegazkingintza indartsuarentzat, eta Aernnovako, ITPko, Alestiseko, eta beste enpresetako langileentzat.

Zoritxarrez, dantza tristea beste sektore batzuetara hedatzen ari da, eta krisietan erraz hedatu ohi den susmo bat indartu dute: enpresa batzuk krisia baliatzen ari direla erabaki mingarriak errazago irentsarazteko.

Lantegiek galerak eragiten dizkietela argudiatu dute CAFek eta Gestampek; lehenengoak Trenasa ixteko (Castejon, Nafarroa), eta bigarrenak Matriceria Deusto eta GTS zarratzeko (Zamudio, Bizkaia). Konponketarik ez bada, lehenengoan 118 langilek galduko dute lanpostua, eta bigarrenean, 230.

Iragarpenak bereziki kezkagarriak dira, hainbat faktore direla eta. Batetik, ezin zaie errua urrutiko kapitalista bihozgabeei leporatu —Siemenseko alemaniarrei, esaterako—, CAF eta Gestamp bertakoak baitira, bertako multinazionalak, eta langile kaleratuen haserrea bertatik bertara jasan beharko dute.

Bestetik, biak ala biak enpresa indartsuak dira, errentagarriak, eta azken urteetan nazioartean hedatzen ari diren horietakoak —makina bat enpresa erosi ditu Gestampek azken hamarkadan, eta Galesen fabrika handia eraikitzen ari da CAF—. Arazoak dituztela orain? Bai. Hainbat urtez irabazi oparoak izan ondoren, Gestampek 120 milioi euro galdu ditu urteko lehen erdian, konfinamenduak kolpe gogorra eman diolako auto salmentari —Europako Batasunean, %32 jaitsi da urtarriletik abuztura—, modelo berriak urritzen ari direlako, eta auto elektrikoetarako jauziak osagaien industria birmoldaketa zail baten atarian jarri duelako. CAFi dagokionez, eskari berrien erritmoa asko moteldu zaio, eta itxaropena galdu du Renferen kontratu erraldoiarekin zakua berriro betetzeko.

CAF eta Gestamp batzen dituen hirugarren faktorea da batak zein besteak laguntza publikoak jaso dituztela proiektu berrietarako. CAFi dagokionez, 2018ko udan Nafarroako Gobernuak hitzartuzuen sei milioiren inbertsioa egingo zuela Vectia proiektuan, haren autobus elektrikoak Castejonen egin zitezen —Manu Aierdi Ekonomiaren Garapenerako kontseilariak, berriz, aspaldi emandako bi milioi euroz hitz egin du, eta berreskuratzeko modurik ez duela ikusten—. Vectiaren proiektuak, ordea, ez du aurrera egin,CAFek Solaris poloniarra erosi zuelako, eta horretan jarri duelako indarra.

Gestampi, berriz, zortzi milioi euro agindu dizkio Jaurlaritzak, Boroan (Zornotza, Bizkaia) auto elektrikoetarako materialak ikertzeko zentro bat egin dezan.

Ongi dago gobernuek industria proiektu berriak sustatzea, lurraldean aberastasuna eta enpleguak sor ditzaketelako. Baina laguntza ematearekin batera, ez al litzateke egokia izango diru publiko horrek gutxieneko baldintza batzuk ekartzea? Eta sobran al legoke diru horren jarraipena egitea, helburuak betetzen direla ikusteko? Nolabait, azken hori ez dela ongi egiten ari iradoki du Pedro Azpiazu Jaurlaritzako Ekonomia sailburuak, elkarrizketa batean iragarri baitu politika publikoen azterketa unitate bat sortzeko asmoa duela, emandako diru publikoaren helburuak betetzen direla egiaztatzeko. Badu lana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.