Txinako agintariak kezkatuta daude ekonomiaz. Horren erakusle azken asteetan hartutako neurriak: Interes tasak jaitsi zituen orain bi aste; tokietako gobernuei gehiago zorpetzeko baimena eman berri die; bankuek atzerriko dibisetan izan beharreko kopuruak ere murriztu ditu banku zentralak, yuana sostengatzeko; eta aste honetan, tokiko bankuei baimena eman die interesak jaisteko indarrean diren hipoteka maileguetan, eta baita hipoteka berrietarako derrigorrezko gordailuetako diru kopurua murrizteko ere.
Konponbideok nahikoa izango dira Txinako ekonomia suspertzeko? Ez da erraza, aldi berean arazo askori erantzun beharrean baitago Xi Jinpingen gobernua. Etxebizitza burbuilak eztanda egin du, etxebizitza berrien salmentak amildu egin dira, eta sektoreko enpresa erraldoiak—Evergrande, Country Garden— kiebratik gertu daude, tokiko bankuen kalterako.
Lurzoruen salmenta eta etxebizitza berrien gaineko zergak izan dira azken hamarkadetan estatuetako gobernuen diru sarrera nagusia, eta horiek gabe geratu dira, noiz-eta COVIDari aurre egiteko neurriekin oso zorpetuta geratu direnean.
Pandemiari aurre egiteko neurri zorrotzak 2022. urte bukaerara arte luzatu zituen herrialdean, ekonomiaren goraldi handia espero zitekeen 2023. urtean, bainaez da halakorik gertatu oraingoz. Etxebizitza burbuilaren eztandak txinatarren kontsumoa ere ukitu du, eta kezka iturri bihurtu da gazteen langabezia tasa, gobernuak hari buruzko daturik ez emateraino, —%21,3koa zen tasa ekainean—. Txinako ekonomiaren beste iturri nagusia ere, esportazioak, pattaldu egin dira —%14,5 jaitsi dira uztailean—.
Hala ere, herrialdea ez dago atzeraldian: ekonomiak hazten jarraitu du, eta 2023. urtearen bigarren zatian hobetze bat iragartzen dute analista gehienek;eztulka egongo da herensugea, baina oraindik erebadu surik. BPGa aurten %5 inguru haziko da Txinan.
Horrek ez du esan nahi herrialdea garai bateko hazkundeetara itzuliko denik —batez beste ia %10eko hazkundeak izan zituen 80ko urteetatik 2010. urtera—. Azken 40 urteetan Txinak izan duen hazkundea ikusgarria izan da. The Economist-ek eman ditu datuak asteon: Deng Xiaopingek bere erreformak abiatu zituenean, 1978an, Txinako per capita errenta 1.800 euro ingurukoa zen; biztanleen %70ek nekazaritzan egiten zuten lan; pobrezia tasa %90ekoa zen; eta soilik 12 enpresak zeukaten baimena atzerriarekin merkataritzan aritzeko. Gaur egun, per capita errenta 18.000 eurotik gorakoa da; pobrezia nabarmen murriztu da; Txinako milaka konpainia arrakastatsu zabaldu dira munduan; eta Txina herrialde esportatzaile nagusia da.
Arrakasta horrek, hala ere, badu Akilesen orpoa, merkataritza superabitean oinarritutako hazkundea erabat baldintzatuta geratzen baita atzeraldiekin eta jokabide protekzionisten goraldiekin. Horregatik, atzerriko eskariak kale egiten duenean, hazkundearen beste oinarri nagusia, barne eskaria, garrantzitsua izaten da. Eta hortxe du ajea herensugeak.
Barne eskaria azpiegitura erraldoiek eta industriarako inbertsioek bete dute orain artean, eta behar-beharrezkoak izan dira herenguse indartsuaren esnaera ikusgarrirako. Baina, analista askoren arabera, unea iritsi da non halakoak jada ez diren beharrezkoak, nahikoa baitago, eta gehiago egoteak ez baitu alde handirik ekarriko herrialdearen produktibitate tasetan.
Xi Jinpingen gobernuak, berriz, uste du baietz. Goi teknologian inbertitzea da helburua, eta baita barne eskariaren beste hanka nagusian ere, herritarren kontsumoan. Baina hor ohiturak aldatzea kostako zaio; txinatarrak oso aurrezleak dira, beren gain hartzen baitute etorkizuneko segurtasuna, gorriak pasatutako belaunaldietatik datozelako.
Orduan, nola bultzatu kontsumoa? Gizarte sarea eta zerbitzuak handituz, segurtasun gehiago emateko herritarrei? Xiren gobernua ez omen dago horren alde: ongizate gizarteak nagitasuna pizten duela uste du.
Bateko edo besteko egin, argi dago aldaketa garaiak datozela Txinara, herrialde garatuen ajeak baititu herensugeak, eta orain arteko ereduak ez baitio balioko etorkizunerako. Baina oraindik badu sugarrik.
GEURE KONTU
Herensugea eztulka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu