Iker Aranburu.
GEURE KONTU

Zurekin, ez; zu gabe, ezta ere

2022ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Tango baten izenburua izan liteke: zurekin, ez; zu gabe, ezta ere. Eta halakoa da Argentinaren eta NDF Nazioarteko Diru Funtsaren arteko harremana ere: bi lagunek egiten dute dantza, orain ongi helduta, eta orain elkarrengandik urrunduz, baina beti pasio handiarekin. Argentinak ez du bizi nahi NDFrekin, herrialdearen krisi ekonomiko ia etengabea gogorarazten dion erakundea baita —eta askotan krisia bera eragin duena—, baina hari lotuta dabil 1957an Pedro Eugenio Aranburu jeneral kolpistak haren laguntza lehen aldiz eskatu zuenetik. Orduz gero, beste hogei itun egin dituzte bi aldeek.

Harreman tirabiratsuaren azken atala aste honetan izan da ikusgai. Ohikoa den suspensearekin, default edo zor ordainketaren etena gainean zegoela, 44.000 milioiko zorra ordaintzeko egutegi eta baldintza berriak adostu dituzte Funtsak eta Argentinako Gobernuak.

Alberto Fernandez peronistaren gobernuak oinordekotzan hartutako zorra da. Mauricio Macri eskuindarrak hartu zuen, 2018an, Argentinak bere burua finantzatzeko arazoak zituelako pesoaren ahularen ondorioz. «Bere kanpaina finantzatzeko hartutako zorra», ezkerrak argudiatu duenez, diru gehiena 2019ko hauteskundeen aurretik iritsi zelako. Donald Trumpek maileguaren aldeko presio egin izanak ez zion sinesgarritasuna gehitu.

Gogo txarrez hartutako zama izan da peronistentzat. Ez alferrik, haietako batek lortu zuelako Argentinaren eta NDFren arteko harreman toxikoa etetea, Nestor Kirchnerrek, lehengai garestien aroak krisiaren amesgaiztoa uxatu zuenean. 2006an kitatu zuen Kirchnerrek geratzen zen zorra, 9.500 milioi dolarrekoa, eta agindu zuen Argentinak ez zuela inoiz gehiago haren dirua eskatuko. Baina promesek, gezurrek bezalaxe, hanka motzak dituzte.

44.500 milioi euroko zorra

Zorra legez kanpokotzat jo eta pagatzeari uzteko bere barruan zeuden ahotsak entzun gabe —oso esanguratsua da Nestor Kirchnerren emazte eta haren ordezko Cristina Fernandez oraingo lehendakariordeak ez duela baloraziorik egin nahi izan akordioari buruz—, Alberto Fernandezen gobernua zorra ordaintzen aritu da, gehiago ezin izan duen arte. Iaz nekez lortu zuen 5.100 milioi dolar itzultzea, baina gehiegizkoa zen hurrengo urteotako faktura: 19.100 milioi aurten, 19.300 milioi 2023an, eta 4.900 milioi 2024an.

Ordainketa horiek lau urte eta erdiz atzeratuko dira, eta, tarte horretan, NDFk 44.500 milioi dolar gehiago emango dizkio Argentinari, eta hark berriro itzuliko dizkio Funtsari, oraingo zorra pagatzeko. Akordioa betetzen bada, lau urteak igarota zorra 44.500 milioikoa izango da oraindik, NDFk Macriri utzitako kopuru bera—53.000 milioi ziren, baina azken ordainketa bat geratu zuen Funtsak—.

Buenos Airesek hamar urte izango ditu dirua itzultzeko, betiere NDFko buruzagitzak eta Argentinako parlamentuak ere ituna onartzen badute. «Espero dugu Kongresuak ulertuko duela. Egin zitekeen akordiorik onena da. Zorra itzultzeko epe bat agortzen zenean genuen agoniatik ateratzen gaitu», esan zuen Fernandezek ostiralean, azken hauteskundeen ondoren parlamentuan indar handia duen oposizio eskuindarrari dei eginez. «Ulertu behar dute arduraren zati bat haiena dela. Onartu behar dute haiek sortutako arazo bat konpondu nahian gabiltzala».

Macristak ez ezik, bere aldekoen botoak ziurtatzeko ere badu karta bat Fernandezek. Izan ere, NDFk ohi baino bigunago jokatu du harekin, eta ez du oraingo honetan austeritate programa zorrotz bat inposatuko. Programa horietako bat izan zen, hain zuzen ere, Argentinarren begietara NDF etsai publiko nagusia bilakatu zuena: 2001ean ere, Buenos Airesko Gobernua diru eske joan zen Washingtonera, eta diruarekin ez ezik, gastu publikoan murrizketa gordinak egin behar izatearekin ere itzuli zen. Errezeta mingotsak okertu egin zuen egoera ekonomiko larria, eta krisi politiko eta sozial ikaragarri bihurtu. Azkenean, corralito-a ezarri eta gero, herrialdeak historiako porrotik handiena iragarri zuen.

Funtsak onartu zuen gaizki jokatu zuela 2018an Argentinari hainbeste diru utzita—inoiz emandako kopururik handiena izan da, nori eta zorrak ez ordaintzeko tradizioa duen bati— eta ez zuela diruaren erabilera kontrolatu.

Defizita txikitu beharko du

Iraganeko akatsengatik ikasi duela erakusteko, oraingoan NDFk ez du zuzenean eskatu gastu publikoa murrizteko, Martin Guzman Ekonomia ministroak nabarmendu duenez. Baina horrek ez du esan nahi argentinarrek ez dutenik nolabait gerrikoa estutu beharko. Hasteko, energiari emandako dirulaguntzak gutxitu beharko dituzte, eta hori mingarria izango da pobrezia hedatu den herrialde batean —biztanleen %35etik %40ra izatera igaro dira Fernandezen agintaldian—. Gainera, hitzartu dute defizit publikoa %2,5etik %0,9ra gutxituko dela hiru urtean. Orain arte, defizit hori Argentinako Bankuak diru gehiago isuriz bete du gobernuak —hori da inflazioa %50en bueltan izatearen arrazoietako bat —, baina akordioak dio banku zentralak diru gehiago inprimatzeari utzi beharko diola 2024rako.

Gastua murriztu nahi ez badu, diru gehiago lortu beharko du, zergak igoz edo hobeto bilduz, baina adituek ohartarazi diote ez dela hain erraza izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.