Marie Immacule Ingabire. Ruandako Emakumeen Sareko presidenteordea

«Beharrezkoa zen emakumeek bakegile rola beren gain hartzea»

Ingabirerentzat, «indarkeriaren ziklo etengabeak izan dituen herria» da Ruanda; baina baita emakumeen arteko elkarlana bultzatzen jakin duena ere, «bizirik irauteko» modu bakarra hori dela ulertuta.

O. E. J.
Oskar Epelde Juldain.
Bujumbura
2022ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Ruandako emakumeen eskubideen alde lan egiten duten emakumeen erakundeekin aritzen da lanean Marie Immacule Ingabire, baina Ruandako Emakumeen Sareko presidenteorde gisa joan da forora.

Zein da zure hausnarketa 1325 ebazpenaren inguruko jardunaldi honi buruz, eta zer iritzi duzu Aintzira Handietan bakea lortzeko asmoz emakumeen eskualdeko foroak egiten duen lanaz?

Oso pozik eta harro nago egiten ari garen lanarekin. Indarkeriaren ziklo etengabeak izan dituen eremua da. Begira zer gertatzen ari den Kongoko Errepublika Demokratikoko ekialdean, eta emakumeak dira beti gatazka armatuen lehen biktimak. Orain, emakumeok gizarte zibil gisa batzea erabaki dugu, eta ahots bakarrarekin hitz egiten dugu. Emakumeek hartutako erabakiak eta engaiamendua ikusita, «aupa!» esan dut. Gure helburua lor dezakegu, horixe nahi izan dut beti.

Zer esango zenieke indarkeria jasaten ari diren emakume kongoarrei?

Ez da erraza horrelako egoera batean bizi, eta norbait aholkuak ematen etortzea... Nik zera esango nieke: «Ahizpa, zutitu, elkarrekin gaude, gure babes moral guztia daukazu, eta ahal dugun guztia egiten ari gara politikariengan eragiteko. Denok ahots bakarrarekin hitz egiten dugu: 'Nahikoa da, nazkatuta gaude'» .

Kongo ekialdeko biztanleek uste dute Ruanda ari dela Kongo ekialdean segurtasunik eza eragiten.

Kazetaria naiz formakuntzaz, eta ez dut inoiz aipatzen aurrez baieztatu ez dudan informaziorik. Ez NBEren misioak, ez Aintzira Handietako egiaztapen mekanismo bateratuak ez dute horren inguruko txosten ofizialik egin. Denok nahi dugu bakea eta segurtasuna, bakoitzak bere bizitza, bere proiektuak eta bere familia zaintzeko. Tristea da zibilak baldintza hauetan ikustea. Dakigun bakarra da gatazkaren atzean ezkutuko agendak daudela, eta, bitartean, biztanleria ari sa sufritzen.

Ruandan emakumeak instituzioetan ordezkatuta egoteak zer hobekuntza ekarri ditu?

Borondatea da gakoa. Emakumeak ordezkatuta egon arren, politikarien eraginera makurtzen badira, ordezkatuta egoteak ez du asko laguntzen. Ruandak XX. mendeko genozidioa ezagutu du. Herrialdeko azpiegiturak eta giza baliabideak suntsitu zituzten. Genozidioaren ostean, emakume asko zeuden, gizon gehienak hil zituztelako, beste batzuk espetxeratuak izan ziren edo erbestera egin zuten ihes. Horretaz gain, bortxaketa sistematikoak baliatu zituzten arma gisa. Beraz, bortxaketen biktimek, genozidiotik bizirik atera ziren emakumeek, genozidioa burutu zutenen emazteek, Kongon sakabanatuta zeudenen emakumeek... guztiok arazo bera genuela ulertu genuen. Aldi berean, emakumeak, inoiz egin gabeko ardurak euren gain hartzera behartuta zeuden, adibidez, familiaburu izatea. Bat-batean, erabakiak hartu behar zituzten. Eta konturatu ginen elkarri lagundu behar geniola. Beraz, elkarlanean hasi ginen, beste aukerarik ez zegoelako. Gizonek ulertu zuten emakumeak gai direla hori eta gehiago egiteko, espazioa bakarrik falta zitzaiela. Politikariek emakumeei lekua eman zieten, elkarrekin lan egitea beharrezkoa zelako, bizirik irauteko bide bakarra zelako.

Eta aldaketa onerako izan da?

Noski. Ezin diozu norbaiti parte hartzeko eskatu bere etorkizuna ezin badu bere gain hartu. Beharrezkoa zen emakumeek bakegile rola beren gain hartzea. Pozik gaude ditugun legeekin; emakumeak ditugu ministerio garrantzitsuetan. Parte hartzea etxetik hasten da, komunitatean. Gizartearen oinarrietan hasten da aldaketa. Goitik behera agindutako aldaketa ez da ez egonkorra ez iraunkorra.

Ikusi gehiago: Auzoko emakume eragileen bideari so, Kongon
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.