Iker Aranburu.
GEURE KONTU

Errusiatik, maitasun gutxiz

2021eko irailaren 26a
00:00
Entzun
Udazkena hasi besterik ez da egin, eta neguari buruzko kezka zabaltzen ari da Europan. Nahiko gas izango al da etxeak berotzeko eta argindarra sortzeko? Noraino iritsiko dira prezioak gas eskasia baldin badago? Galdera horien erantzuna nahi duenak badu eskutitza nori zuzendu: Vladimir Putin, Kremlin jauregia, Mosku, Errusia. Baliteke erantzuna gustukoa ez izatea, Errusiak gasa bidaltzen baitu, baina maitasun handirik ez.

Gasaren prezioak duela urtebete baino %440 handiagoak dira Europan. Horien eskutik garestitu da argindarra udan, eta horien eskutik puztuko dira hemendik aurreragoko gas fakturak ere, berogailuek lozorroa utzi eta lanean hasten direnean.

Gasaren prezioa jaisteko —eta horren ondorioz argindarra ere merkatzeko—, gauza bat ziurtatu behar da lehenik: nahiko gas izango dela. Gaur-gaurkoz, ez dago hain garbi. Europako gas biltegiak ohi baino hutsago daude, 2021eko negua luzea izan zelako, eta udako hilabeteak ez direlako baliatu erreserbak betetzeko. GNL gas natural likidotua erosteko lehia handia da arrazoi bat, baina baita gas hornitzaile nagusiak, Gazprom Errusiako konpainiak, ez duela nahi izan ere. Erabaki horren atzetikPutinen esku beltza ikusten dute askok, eta ikerketa bat eskatu dute Europako Legebiltzarreko 40 bat kidek.

Errusiak, bestalde, EBri berari egotzi dio errua, merkatu liberalizatua bultzatu duelako, epe luzeko kontratuen kaltetan. Merkatu horretan, edozein arazok eragiten du gasaren prezioa bizkor igotzea.

EBk IEA Nazioarteko Energia Agentziaren laguntza jaso du aste honetan: «IEAk uste du Errusiak gehiago egin dezakeela Europari gas gehiago hornitzeko […] Errusiarentzat aukera ona da hornitzaile fidagarria izan daitekeela erakusteko».

Errusia, lehenik

Gazpromeko buruek beren burua defendatu dute esanez luzerako kontratuak bete dituela, eta inork ez dio kontrakorik leporatu. Baina Europako biltegiak betetzea ez den lehentasun bat izan du Gazpromek azken hilabeteetan: Errusiako gas erreserbak betetzea. Neguaren bukaeran, %16 baizik ez zeuden beteta, ohikoa den %35-40 baino nabarmen gutxiago. Urrian ere horretan arituko dela iragarri du, eta azaroan, dena ongi badoa, hasiko dela sobran duen gasa Europara igortzen.

Bere herritarren hornidura hobestea logikotzat jo daiteke, nahiz eta Europara saltzen duen gasarekin etekin handiagoa lortzen duen, are gehiago orain. Baina nahiko arrazoi daude auzitan jartzeko Gazpromen erabakien atzean soilik zerbitzu publikoaren defentsa dagoela. Gazpromek lotura estu-estuak ditu Kremlinekin, gasa joko geopolitikaren parte da, eta Moskurentzat, gasa da Mendebaldearen aurrean bere burua potentzia gisa aldarrikatzeko armarik potenteena. Bereziki, Europako Batasunaren aurrean, haren gas horniduraren %40 datorrelako Errusiatik —ez, ordea, Euskal Herrira, batez ere Aljeriako gasa eta AEBetatik datorren gas natural likidotua erabiltzen baititu—.

Gasaren arma izaera argi erakusten du Nord Stream 2 gasbideak. Errusiak baditu gasa Europa erdira eta mendebaldera eramateko beste bide batzuk —Brotherhood eta Sojuz Ukrainatik, eta Jamal Poloniatik—, baina beste bat egin du, Itsaso Baltikoaren azpian, Alemaniara zuzenean eramateko, eta, batez ere, bere orbita utzi duten herrialdeak zigortzeko. AEBen presioa gainditu ondoren, Nord Stream 2 bukatu berri dute, eta Alemaniako erakundeen oniritzia behar dute gasa zirkulatzen hasteko. Eta zer hoberik prozesua azkartzeko gas eskasiaren beldurra baino?

Nord Stream 2ri esker, EBra gas esportazioak handitu ditzakeela azaldu du Errusiak, eta iragarri du keinu gisa aztertzen ari dela Gazpromek esportazioan duen monopolioa hautsi, eta Rosneft konpainiari ere baimena ematea gasa esportatzeko; Nord Streamen bidez, noski. Baina, aldi berean, ia hutsik ditu beste gasbideak: Jamalek eraman dezakeen gasaren heren bat bakarrik garraiatuko du urrian, eta Ukrainakoak erdi hutsik ditu.

Europak badu beste arazo bat: Errusiak gero eta gas gehiago bidaltzen du Turkiara eta Asiako beste herrialde batzuetara, han ere ikatza erretzen duten zentral termikoak bidea egiten ari baitzaizkie gasa erabiltzen dutenei. Txinarako esportazioak hirukoiztu egin dira, eta joera horri jarraituko diote aurrerantzean,

CO2 isurketa eskubideak

Gasaren eta argindarraren garestitzeak urduri jarri ditu Europako Batasuneko gobernuak, eta horren erakusgarri da CO2 isurtzeko eskubideei buruz aste honetan izan den eztabaida. Green Deal-en barruan, Batzordeak proposatu du autoen erregaiari eta etxeetako eta bulegoetako gasari ere karbono eskubideak ordainaraztea. Horren helburua da gasarekiko menpekotasuna gutxitzea, eta energia berriztagarriak erakargarriagoak egitea.

Baina, berriztagarriak eta auto elektrikoak erabat nagusitu bitartean, erregai fosilak ezinbestekoak dira, eta gasaren eta gasolinaren garestitzea arazo sozial eta politiko latza bihur daiteke. Jaka horien matxinada buruan dute agintariek, eta horrek CO2 isurketa eskubideen hedapena tiraderan uztea ekar dezake —edo Batzordearen proposamena urardotzea—. Hori eskatu dutenen artean daude Espainiako eta Frantziako gobernuak. Ez zaizkie aliatuak faltako. Eurostaten 2019ko inkesta baten arabera, EBko herritarren %7k diote ezin dituztela beren etxeak bero mantendu, baina %30 dira Bulgarian, %27 Lituanian, %21 Zipren, %19 Portugalen...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.