Iker Aranburu.
GEURE KONTU

Moncloan geratzeko zergak

2022ko uztailaren 31
00:00
Entzun
4.894 , 3.001, 2.075, 1.900, 1.573, 393, 162... Ez, ez dira herriko festak ordaintzeko txarteletan saria lortutako zenbakiak. Bankuek eta energia enpresa handiek aurtengo lehen sei hilabeteetan lortutako irabaziak dira; milioi eurotan, noski. Santander, BBVA, Iberdrola, Caixabank, Endesa Sabadell, Kutxabank... aste honetan jakinarazi dute 2022ko lehen erdian zenbateko mozkina izan duten, eta, halaber, aste honetan jakin dute mozkin horietako batzuk erabili beharko dituztela Espainiako Gobernuak jarri nahi dizkien zerga berriak ordaintzeko.

Kasualitateetan sinistea zilegi da, baina oraingo honetan nahiko garbi ikusten da uztaileko azken astea espresuki hautatu dutela PSOEk eta Unidas Podemosek beren proposamena azaltzeko. Garai hoberik ba al dago irabazi mardulak dituzten enpresak nola zergapetu nahi dituzten jakinarazteko?

Helburu bikoitza dute iragarritako zergek —edo ondare prestazioek, hala baitira teknikoki, Jaurlaritzaren atsekaberako—. Batetik, eta ofizialki, inflazioari aurre egiteko hartutako neurrien zati bat finantzatzea dago. Bestetik, eta agian nagusiki, inkestetan PSOE eta UP jasaten ari diren higatzea behingoz geratu eta gorako bidea hartzea. Izan ere, bi zergekin 2023an eta 2024an lortu nahi dituzten 7.000 milioi euroak bezain garrantzitsua da beren hautesleei erakustea prest daudela neurri ausartak hartzeko, prest daudela botere ekonomikoari masaileko bat emateko. Zergatik orain? Andaluziako hauteskundeetan lortutako emaitza kaskarrek PSOEri sinetsarazi diotelako epelkeriak alde batera utzi eta ezkerrera gehiago begiratu behar duela, horrek baitirudi biderik egokiena Moncloako giltzei eusteko hurrengo hauteskundeetan, 2023ko azaroan beranduenik.

«Geure esku dagoen guztia»

Jokaldi politikoa hain gardena izan arren, gobernuko alderdien jokoan buru-belarri sartu dira bankuak eta energia konpainiak. Zerga «okerra, bidegabea eta desitxuratzailea» dela esan du Gonzalo Cortazar Caixabankeko kontseilari ordezkariak. «Bankuen estigmatizazioa», salatu du Santanderreko Jose Antonio Alvarezek, eta «astakeria», Bankinterreko Maria Dolores Dancausak.

Azkenaldiko polemikek Iberdrolaren irudiari kalte egin diotela jakinik, tentu handiagoarekin mintzatu da Ignacio Sanchez Galan, eta gobernuari baino gehiago, hidrokarburoak ustiatzen dituzten lehiakideei erantzun die:«Europan irabaziak handitzen ari direnak gas eta petrolio konpainiak dira, eta ez elektrikoak».

Erregai fosilak negozio dituen enpresa baten burua nabarmendu da kritikoen artean, Repsoleko Josu Jon Imaz. «Geure esku dagoen guztia egingo dugu eragoztearren neurri arbitrarioek geure konpainiari kalte egitea», esan du Imazek, eta egurra jaso du. Baina zergak trabatzeko ahaleginean ez zaizkio aliatuak faltako; auzitegietako bidea aztertzen ari dira bankuetako eta energia alorreko patronalek, eta aurrekariek diote epaileek abegikor hartzen dituztela haien eskariak.

Baina epai posibleak urrun daudenez—eta denbora politikoa laburragoa denez—, Pedro Sanchez Espainiako presidenteak paparra ateratzen erantzun die protestei: «Botin andrea eta Galan jauna protestan ari badira, bide onetik goazelako izango da. Haiexek esan zuten SMIa igotzeak eta lan erreformak lan merkatua eroraraziko zutela». Hurrengo inkestek esango dute esaldi horrek balio ote duen.

Zerga presioa, beti behetik

Baina kritikak beste muturretik ere iritsi zaizkio Sanchezi; hau da, zerga berriak adabaki bat direla uste dutenen partetik, ez dutelako sakoneko arazoa konpontzen: zergek ez dute ematen gizarte gastua handitzeko, eta hor badu zeresana enpresa handiek ez dutela nahiko ekarpenik egiten. Europako Batzordearen arabera, aurten zerga presioa %37,3 izango da Espainian, eta %40,5 eurogunean. Azken horrekin parekatuz gero, 40.000 milioi euro baino gehiago bilduko lituzke Espainiako Ogasunak. Baina bi urte eta erdi luze igaro dira legealdia hasi zenetik, zerga erreforma bat egiteko astirik ez dute izan PSOEk eta UPk, eta dagoeneko onartu dute bazterrean geratuko zaiela gaia.

Gogoeta horrek balio du Hegoalderako ere, batez ere zerga presioa are txikiagoa delako hemen. ELAren azken txostenak dio 6.400 milioi gehiago bilduko lituzketela lau foru ogasunek EBko presio fiskalarekin, baina erreforma ahotsak isildu dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.