Aznarrek, bere lehenengo inbestidura babestearen truke, eman zion hainbeste desio zuen sagarra, eta EAJk kosk egin zuen. 1996an izan zen, eta istorioa ezaguna da: Jaurlaritzak telekomunikazio sare propioa sortzeko aukera eskuratu zuen, telekomunikazioen monopolioa Telefonicak zuen garai batean eta sektorearen pribatizazioaren atarian. Euskaltel «herri proiektu» gisa aurkeztu zuten. Baina iritsi zen momentu bat zeinean galdera bati erantzun behar izan zioten: EAEren neurriko administrazio bat gai al da telekomunikazio sare eta enpresa publiko bat kudeatzeko? Egindako urratsek agerian utzi dute Eusko Jaurlaritzak eta berau gobernatu dutenek behintzat ezin izan dutela edo ez dutela nahi izan.
Orduko agintariek eta haien ondorengoek galdera horri erantzuterakoan azaldu dute merkatuaren logikak eraman duela Euskaltel egun dagoen tokira. 2000. urte hasieran inork gutxik zekiela zein bilakaera izango zuen sektoreak. Eta ingurura begiratu besterik ez dagoela: estatuek telekomunikazio enpresetan duten boterea nabarmen murrizten ari dela eta kontzentraziorako joera handia dela, inbertsioei eta lehiari aurre egiteko.
Baina, egindako urratsak gertakari bakan moduan aztertu beharrean bere osotasunean ikusiz gero, argi dago aste honetan gertatu dena ez dela ustekabea; gerta zitekeela, bereziki, Euskaltel pribatizatu zutenetik, alegia Jaurlaritza kapitaletik atera zenetik (2012an), eta are gehiago enpresa burtsara atera zutenetik (2015ean). Horren eraginez, gaur egun Zegona inbertsio funts britainiarra zen akziodun nagusia. Eta aste honetan MasMovil Euskaltelen jabe egin izana ezin da ulertu osotasun horren parte bat bezala ez bada.
Euskal erakundeek egun Euskaltelekin zuten lotura bakarra Kutxabanken bitartez zen. Saski horretan jarriak zituzten arrautza guztiak. Baina araudiek, batetik, eta banku pribatuen dinamikek, bestetik, eraman dute azken urteetan hark bere partaidetza murriztera. Jaurlaritzak ziurrenik nahiago zuen Kutxabankek Euskaltelen jarraitzea, pisu txikiarekin bada ere, eta telekomunikazio enpresak bere independentzia mantentzea, eta ahal zuen neurrian hazten jarraitzea. Hori zen zuzendaritzaren asmoa ere, eta hasia zuen hedatzea: Galizian, Asturiasen eta iaztik Espainian. Baina MasMovilen eskaintza «baztertu ezinezkoa» izan da Kutxabankentzat.
Promesak eta proposamenak
Badirudi asteon gertaturikoa ez dela Jaurlaritzaren gustukoa izan, eta eman dituen azalpenak ez dirudi nahikoak izan direnik alde askotatik jaso dituen kritikak baretzeko. Eta normala izan daiteke, neurri batean behintzat, kontraesanezkoak ere badirelako. Batetik, nabarmendu du MasMovil euskal enpresa bat dela, jakin badakien arren Donostian bulego huts bat baino ez duela, erabakiak Madrilen hartzen dituela, eta Jersey uharteko funts baten mende dagoela. Bestetik, azpimarratu du akzioak erosteko kontratuetan Euskaltelen egoitza, lantaldea eta marka mantentzeko konpromisoa jasotzen dela, gutxienez bost urtez. Hori hala izanik ere, zeinek ziurta dezake bihar edo etzi MasMovil ez dela Vodafoneren esku geratuko eta konpromiso hori ezerezean ez dela geratuko? Euskaltel erosi aurretik hori gertatuko zen susmoa zabaldu zen.
Horrez gain, bi eskaera egin ditu gobernuak, biak ere zalantzazkoak: zuzendaritzako kideei galdegin die akzioen salmentagatik jasotako bonusak Euskaltelen inbertitzea. Hala proposatu zuen 2015eko deskapitalizazioan ere, eta kasu egin zioten. Baina horrek, orain, zalantza gehiago sor ditzake, dirua erroak atzerrian dituen enpresa batean jartzea litzatekeelako.
Jaurlaritzak aztertu ei duen beste aukera Euskaltelen sarean inbertitzearena da. Jabe berriak parte bat saltzeko asmoa agertu du, erosketak eragingo dion 2.000 milioi euroren gastua murrizteko eta zuntzaren berritze lanen kostua soilik bere gain ez hartzeko. Azkenean, Jaurlaritzak aukera izango balu hori egiteko, zaila izango luke azaltzea diru publikoarekin sortu eta, gero, Euskalteli osorik saldu zion sare batean berriz inbertitzea zertan izan daitekeen errentagarria.
Jaurlaritzak efektu kolpea lortu zuen telekomunikazio alorreko enpresa publiko bat sortuz 2.000ren hasieran, etorkizun handiko alor ekonomiko batean eta enpresa publiko askoren pribatizazioa ematen ari zen garai batean. Aznarri eskutik hartutako sagarra urrezkoa balitz bezala aurkeztu zuten jeltzaleek, baina inoiz ez da argitu ekonomikoki zein onura ekarri dizkion administrazio publikoari, ekarri badizkio, eta zertan izan den benetan herri proiektu bat. Izan ere, galdera ez da EAEren tamainako administrazio bat gai ote den telekomunikazio sare eta enpresa pribatu bat kudeatzeko, baizik eta zertarako nahi den tresna hori eta nola erabiltzen den. Eta hori da gakoa, sortzetik beretik eta beti Euskaltel auzi politiko bat izan delako.
GEURE KONTU
Euskaltel: auzi politiko bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu