Euri, non hago, zer larretan

Merkurioak ez du izan atsedenerako astirik. Beroa behar baino lehenago heldu da, inoiz baino gogaikarriago. Udaberriko euriteen faltan, Nafarroako goiko larreen kolore berdexka segituan marroi bihurtu da. Eguraldiak ataka larrian utzi ditu abereak, eta are gehiago abeltzainak.

Urbasa. Euri eskasiak mendiko larreak lehortu ditu. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Julen Otaegi Leonet.
2022ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Maiatza eta ekaina inoizko beroen horietakoak izan dira. Hilabete horietan izan diren prezipitazioek —nabarmentzekorik egon balitz bezala— lurra apur bat bustitzeko besterik ez dute balio izan; lehorteek ez dute atzean paisaia onik utzi. Bizkar gainean lehendik arazo gutxi ez, eta baserritarrek orain aurre egin beharko diote bazka gutxiko urtealdiari. Abereek ez dute zer janik.

«Lehendik oker baginen, orain ja, gauzak pixka bat gehiago okertzeko, eguraldiak [belar] ekoizpena txikitu du. Bata bestearen atzetik». Mikel Nazabalen adierazpenak dira; Nafarroako Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren peko Intia sozietateko abeltzaintza arduraduna da. Giro idorrak nekez hazarazi ditu larreak: «Zer-nolako eguraldia egiten duen hilabete horietan, udaberri aldean, horrek baldintzatuko du gehienbat aurretik duguna».

Udaberri aldeko belar mozketetan, abeltzainek jasotzen dute abereek urtean zehar jaten duten bazkaren %75 inguru. Bi moztaldi egiten dira batik bat: lehena, apiril aldean, eta bigarrena, ekainean. Beroa iritsi aurretik, baldintza aproposak izan ziren belarra ondo hazi zedin, baita hura lehortzeko eta «lasai ibiltzeko» ere. Lehenbiziko mozketa hartatik lortzen da, hain zuzen, kopuru handiena.

Bigarren moztaldiarekin gertatu dena, aldiz, txanponaren ifrentzua da. Kopuru aldetik murritzagoa izan ohi da ekaineko mozketa, baina kalitate hobeagoa du belarrak. Aurten, ez bata, ez bestea. Patxiku Irisarri EHNE Nafarroako idazkari nagusiaren esanetan, «ezerezean geratu da» azken mozketa hura. Atzera begira, udaberrian normalean jasotzen den bazka belarraren bi heren inguru besterik ez dute jaso baserritarrek. «Ikusiko dugu irailetik aitzinera zenbait tokitan belarra eskas izanen dugula, eta erosi behar izango dugula», erantsi du.

Iparraldean, berdintsu. Kaiet Barberarena Iholdiko (Nafarroa Beherea) Landaia etxaldeko laborariak Ipar Euskal Herriko Hitza-ri adierazpenok egin zizkion iragan ekainean: «Jada belar guti genuen, ongailu arras guti erabili dugulako, baina hor soroarentzat aski arranguratuak gara».

Mendi idortuak

Moztaldiekin aski ez balitz bezala, goiko larreetan egoera ez da bestelakoa. Garaieragatik, udaberri hasieran ez, amaiera aldera behar dute «euri dezente egitea, ez egun batean, egunero baizik», azaldu du Nazabalek. Urbasa-Andia aldean, kolore marroia hartu zuten larreek, eta ez dira udazkenera arte indarberrituko.

Uda giroa pare bat hilabete aurreratzearen ondorio zuzena da: «Ikusten duzu larreak zer-nola dauden, eta ematen du jada abuztu lehor bat pasatu balitz bezala gaudela», kontatu du Nazabalek.

Ekain erdialdeaz geroztik hobera egin du. Alabaina, hezetasuna eta euria ez dira garaiz iritsi: Nafarroa iparralde aldean sartu, eta han geratu dira; erdialdean, prezipitazioak izan badira ere, ez dira nahikoa izan.

Abeltzainek Urbasa-Andiara zegokienean igo zituzten abereak —apiril erditik aurrera dute baimena, eta maiatzean igotzen dira gehienak—. Gaurgero amaitzear da beroaldian hazi zen belar apurra, Intiako abeltzaintza arduradunak dioenez. Hala, abere batzuk jaistekotan dira «ez dagoelako janaririk». Natur parke hartan abuztuaren amaiera aldera bueltatu ohi dira; ez aurten, ordea.

Erronkak

Aurrerantzean, abeltzainak nola edo hala konpondu beharko dute udaberrian eskuratu duten belar gutxiarekin. «Arazoen» ataria izango da uda, EHNEko idazkariaren ustetan: «Pentsuaren, argiaren prezioa eta eguneroko kostuak ikaragarri ari dira igotzen, eta esperantza genuen belar uzta ona izateko, behintzat negua pentsu gutiagorekin pasatu ahal izateko».

Prezioa ez da arazo bakarra. Etorri daitekeenaren halako aurreikuspenekin, Nazabalek ez daki «erosteko adina belar egongo den denentzat», eta baldin badago, «oso garestia» izango da. «Bazkaren eskuragarritasunaren aldetik ere, orokorrean oso gaizki gaude».

Udaz ahaztu, eta begiak udazkenean ditu Intiako Nazabalek. Eguraldia portatzen bada, arnasa pixka bat —ez asko— hartu ahal izango dute abeltzainek. Esplotazioen inguruan haz daitekeen belarra aprobetxatzea da helburua, neguko hotzaldiak iritsi aurretik. «Itxaropen hori badugu, baina udaberrian egiten duen eguraldia izaten da garrantzitsuena», gehitu du.

Apiril-maiatz aldera arte abereak ez dira igoko goiko larreetara. Baserritarrek espero duten bakarra da hurrengo urtean halako lehortaldirik eta berorik ez izatea; urtebeteko etenaldiaren ostean, euria itzultzea. Ordura arte —eta Xabier Leteren Xalbadorren heriotzean abestia oinarri hartuz—, hauxe da zeruari begira abeltzainek egin beharko duten galdera: euri, non hago, zer larretan?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.