'Bizitzaren sekretua', agerian

70 urte bete dira Rosalind Franklin, James Watson, Francis Crick eta Maurice Wilkins zientzialariek DNAren egitura helize bikoitz bat zela deskubritu zutenetik. XX. mendeko aurkikuntza garrantzitsu horrek bidea ireki zuen biologia molekularra garatzeko. Franklinen ekarpena «aitortu gabe» gelditu zen.

51. irudiak DNAren helize bikoitza agertzen du. R.GOSLING/ KING'S COLLEGE.
Iker Tubia.
2023ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Bizitzaren sekretua aurkitu dugu». Hala bota zuen Francis Crick zientzialariak Cambridgeko (Ingalaterra) ostatu batean, duela 70 urte, 1953ko otsailean. DNAren egituraz ari zen, hura deskribatzea lortu baitzuen James Watsonekin batera. Urte hartako apirilaren 25ean, gaiari buruzko hiru artikulu argitaratu ziren Nature zientzia aldizkarian. Horietako bat Cambridgeko Unibertsitateko Crickek eta Watsonek sinatu zuten: Desoxirribosa azido nukleikorako egitura. King's Collegen X izpien difrakzio esperimentuak erabiliz DNAren egiturari buruz lortutako datuen berri ematen zuten beste bi artikuluek. Batek Rosalind Franklinen eta haren ikasle Raymond Goslingen sinadura zuen; besteak, Maurice Wilkinsena. Horien guzien lana ezinbestekoa izan zen «bizitzaren sekretua» agertzeko.

DNA edo azido desoxirribonukleikoa bi helize antiparaleloz osatua dago. Hala ebatzi zuten Crickek eta Watsonek, Franklinen eta Wilkinsen datuetan oinarrituz. DNAren funtsezko osagaiak nukleotidoak dira, eta horiek, besteak beste,base nitrogenatuz osatuak daude: adenina (A), timina (T), guanina (G) eta zitosina (C). Soilik bi bikote egin daitezke: A eta T, eta G eta C. Base bikoteak dira horiek, eta helizea eraikitzen duten mailak dira. DNAk bi kate ditu, helize itxurakoak, eta baseak parekatuz heltzen diote elkarri, hidrogeno zubiei esker. Eskailera kiribildu baten itxura du, eta baseak ezkutuan eta babestuak gelditzen dira barruan. Bi nanometro (0,000002 mm) zabal da egitura.

Hura zientziaren historiako «une erabakigarria» izan zen, Ibon Santiago Nanoguneko biofisikariak dioenez. «Garai hartan, bazekiten DNA molekula interesgarria zela, material genetikoa garraiatzen zuela; haren osagai kimikoen berri ere bazuten, baina ez zekiten nola funtzionatzen zuen. Horretarako, erronka handia zen egitura ezagutzea». Artikuluaren bukaeran zera diote Watsonek eta Crickek: «Ez digu ihes egin proposatu dugun parekatze espezifikoak [A eta T, eta C eta G] material genetikoaren kopia mekanismo bat iradokitzen duela berehala».

Santiagok aipagai izan du esaldi hori: «Egitura aurkeztu, eta bazuten teoria bat DNAren bikoizketa azaltzeko. Horrekin, biologia molekularra garatzen hasi zen». Izan ere, aurkikuntza horrek modua eman zuen kode genetikoa eta biologia molekularraren dogma nagusia formulatzeko: informazio genetikoa nola pasatzen den DNAtik RNAra (transkripzioa) eta RNAtik proteinara (itzulpena).

Lau hankako aurkikuntza

Ane Miren Sagardia Navarra Biomed zentroko ikerlariak ere aurkikuntzaren garrantzia nabarmendu du. Aholkulari genetikoa da, eta medikuntza genomikoaren alorrean dihardu. «Egituraren berri izateak eraman gaitu jakitera DNA nola erreplikatzen den, nola biderkatzen diren zelula guztiak, nola pasatzen diren gure geneak herentzian hurrengo belaunaldira... Horrek lagundu du gaixotasun hereditarioak ulertzen eta nola transmititzen diren jakiten, eta hori oso inportantea da tratamenduak eta proba diagnostikoak garatzeko».

DNAren aurkikuntza dela eta, Nobel saria jaso zuten Watsonek, Crickek eta Wilkinsek 1962an. Franklinek ez, 1958an hil baitzen, obarioetako minbiziagatik. «Haren lana aitortu gabe gelditu zen», ohartarazi du Santiagok. Horregatik, Franklinek aurkikuntza horretan izan zuen garrantzia azpimarratzen dute zientzialari askok. Hala nola Sagardiak: «Franklinek egin zuen lana ezinbestekoa izan zen. X izpiekin DNAren egiturari egindako argazkiari esker frogatu zitekeen Watson eta Cricken hipotesia». 51. argazkiaz ari da, hori baitzen Franklinek eta Goslingek X izpien difrakzioko makinarekin lortu zuten irudirik onena.

Orain arte gailendu den kontakizunaren arabera, Watson eta Crick azpijokoan arituta aurreratu zitzaizkion Franklini. Bertsio horren arabera, Wilkinsek Watsoni erakutsi zion 51. irudia, Franklin kideari traizio eginda. Irudi hori eta Franklinen datuak ezinbestekoak izan ziren aurkikuntza egiteko.

Hala ere, asteartean Nature aldizkarian argitaratutako artikulu batean kontrakoa defendatu dute Matthew Cobbek eta Nathaniel Comfortek, aurkitu dituzten eskutitz batzuetan oinarrituta. Haien aburuz, Franklinek bazekien Cambridgekoek haren datuak zituztela, eta 51. irudia ez omen zen hain erabakigarria izan. «Berdintasunean ari ziren bi talde ziren: Franklin eta Wilkinsena, eta Watson eta Crickena», dio artikuluak.

Giza genoma osoa

Nolanahi ere, zientzialari horiek bide bat ireki zuten, azkenik XXI. mendean giza genomaren sekuentziazio osoa egitera eraman zuena. 2003ko apirilean burutu zen hori: «Genoma guztia sekuentziatu zutenean, ikusi zuten parte batzuk ezezagunak zirela; 2022an lortu zuten sekuentzia osatua», zehaztu du Sagardiak. «Sekulako aurkikuntza izan zen, horri esker badakigulako gure genetika nolakoa den eta nola kodetzen den. Hala ere,gene berriak aurkitzen ari dira oraindik, eta uste dut gehiago dagoela aurkitzeko».

Zientzia kriminalistikoa, biologia ebolutiboa, espezieen ulermena, medikuntza pertsonalizatua... Alor horietarako ezinbestekoa da genoma ezagutzea. Medikuntza pertsonalizatuan ari da Sagardia: «Bakoitzaren genetika ezagututa, errazagoa da tratamenduak, diagnostikoak, prebentzio programak eta abar indibidualizatzea». Horrekin batera,aholkularitza genetikoa zabaltzeko beharra aldarrikatu du, Euskal Herrian ez baitago aitortua oraindik.

Santiagok esan du CRISPR-Cas 9 edizio genetikorako tresna garatzen jarraitzea dela egungo beste erronka garrantzitsu bat. Beste erabilera bat ere aipatu du, Nanogunean egiten dutena: egiturak sortzeko baliatzen dute DNA, adibidez, informazio digitala gordetzeko. «Lego molekular baten pare erabil daiteke DNA».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.