Nirmal Purja mendizaleak ateratako argazkiak bira eman zion munduari joan den udaberrian. Everesteko gailurretik jaisten ari zela, gailurrera bidean zihoan izugarrizko jende ilara batekin egin zuen topo parez pare. Azken hilabeteetan zeresana eman du argazkiko ilarak, eta mendizale eta hedabide askok gogor kritikatu dute Everesten egungo egoera. Geroz eta leku turistikoagoa da Everest —edo, hango biztanleentzako, Chomolungma— eta ingurua.
Egoera hori kontrolatu eta hobetu nahian, jende pilaketak eta geroz eta ugariagoak izaten diren lekuetan heriotzak gutxitzeko, Nepalgo Gobernuak prestatu ditu jada zenbait neurri: Everestera igo nahi duten mendizaleek xerpa bat eraman beharko dute alboan, 31.500 euro ordaindu beharko dituzte gutxienez, eta medikuaren ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute. Lehenago, Nepalgo 6.500 metroko mendi bat igo beharko dute, eta kontratatzen duten agentziak hiru urte edo gehiagoko esperientzia izan beharko du.
Espedizio komertzialak ugaritzen ari dira, eta ilarena ez da kontu berria. Edurne Pasaban eta Felipe Uriarte mendizaleek adierazi dutenez, aspaldiko kontua da jende pilaketena. Pasabanek azaldu duenez, «azken urteetan egoera asko aldatu da, espedizio komertzialek gora egin dute nabarmen, eta, egun, dirua duen ia edonork lortzen du gailurrera iristea. Moda bat da, kapritxo bat, eta badirudi jendeak bizitzan egin beharrekoen zerrendan sartzen duela Everestera igotzea, bi aldiz pentsatu gabe».
1921. urtean zabaldu zen Nepalgo herria eta Everest mendia mendebaldarrentzat. Garai haietan, hango biztanleak ez ziren gailurrera igotzen, eta lehenengo espedizioek zaila izan zuten bertako xerpak aurkitzea. Hango biztanleen jainkosaren bizilekua zen gailur hura; izugarrizko errespetua zioten, eta horregatik ez zuten igotzeko saiakerarik egiten.
Uriarte 1974an joan zen lehen aldiz Everestera, Tximist Espedizioa-rekin, eta gailurretik 320 metrora gelditu ziren. 1980. urtean, 1980ko Everest Euskal Espedizioan parte hartu zuen, eta, orduan bai, espedizioko kide ziren Martin Zabaletak eta harekin zihoan Pasang Temba xerpak lortu zuten tontorrera iristea; Chomolungmako gailurrera iritsi zen lehen euskalduna izan zen Zabaleta. «Gu joan ginenean, oso gutxi ari ginen saiakerak egiten. Nepalgo Gobernuak ez zigun inongo baldintzarik ipintzen espediziokideei. Garai hartan gehienak mendizaleak ginen, mendigoizaleak; esperientzia bagenuen, eta mendia maite genuen. Gaur egun, ehunka pertsonak lortzen dute puntara iristea, eta gutxiengoa izango da garai haietako mendizaleak bezalakoa. Curriculumerako egingo dute gehienek, eta ez mendiarekiko duten maitasunagatik», esan du Uriartek.
Pasaban 1999. urtean izan zen lehen aldiz Everesten. Gailurrerako lehenengo bi saiakeretan Iparraldeko bidetik joan ziren. Azkenean, 2001. urtean, hegoaldetik joan, eta lortu zuten puntara iristea. Pixkanaka aldaketa ikusi duela esan du:«Lehen bi urteetan apenas ikusi genuen beste espediziorik. Iparraldeko aldetik oso jende gutxi saiatzen zen tontorrera igotzen. 2001. urtean, hegoaldetik joan ginenean, hasi ginen ikusten sortzen ari zen zirkua. Jende pilaketak sortzen ziren orduan ere; Hillaryren pasabidean, orduan, 30-45 minutu inguru itxaron behar izan genuen jada. 2011. urtean oxigenorik gabe igotzeko saiakera egin genuen, baina ez genuen lortu. Eguraldia eta bestelako arazo batzuk tarteko, buelta eman genuen. Jende kopuru handia eta sortzen ziren ilarak ere izan ziren gure kezka nagusietako bat. Gaur egun, tontorrera igotzen diren gehienak oxigenoaren laguntzaz igotzen dira. Guk, oxigeno gabe joanda, zailago genuen. Jende pilaketekin denbora gehiago behar izaten baita». Oxigenorik gabe, arnasketa arazoak ez ezik, hotzarekin ere izaten dira arazoak. Gorputza errazago hozten da, eta izozteak ugariagoak izaten dira.
Neurriak, igo nahi duenari
Pilaketa horiek ikusita, Nepalgo Gobernuak txosten bat prestatu du, eta segurtasuna handitzeko eta igoerak kontrolatzeko zenbait neurri zehaztu ditu. Mendizale eta hedabide batzuk, baina, neurrien aurka azaldu dira, esanez ez dutela aldaketarik ekarriko eta jende ilarak areagotuko dituztela. «Nire ustez, hartu dituzten neurriekin ez da aldaketa handirik etorriko jende kopuruari dagokionez. Dirua duen jendeak berdin-berdin jarraituko du joaten. Ez dira guztiz zehazten bete beharreko baldintza fisikoak. Bidaia agentziek diru kopuru handiagoak eskatuagatik ere ez dute zerbitzua bermatuko», zehaztu du Pasabanek.
Gainera, uste du mendizale bakoitzeko xerpa bat eraman behar izateak jende kopurua handituko duela: «Agentziei hiru urteko esperientzia eskatuko zaie, baina nire ustez, garrantzitsuagoa izan beharko luke xerpei eskatzea hiru urteko esperientzia; azkenean haiek izango dira mendizaleei laguntzen joango direnak», gehitu du. Pasabani zaila iruditzen zaio egoerari konponbidea aurkitzea. Neurri zorrotzagoak beharko liratekeela pentsatzen du: «Ez da erraza arazoari buelta ematea. Joera okerrera doa, eta urtetik urtera hartzen diren neurri txikiek ez dute aldaketarik edo hobekuntzarik ekartzen».
Uriarteren ustez, arazoa ez da Nepalgoena bakarrik: «Nepalgo Gobernuak zerbait esan behar zuen Everesten gertatu diren jende pilaketen ondoren, eta horregatik hartu ditu neurri horiek. Hala ere, errua Nepalgo Gobernuari botatzen ari zaio jendea, eta badirudi haien erruz gertatu direla egoera lazgarri horiek. Ez, barkatu, gu joan gara hara, eta guk sortu ditugu ilarak. Mendebaldarrek».
Uriartek gogor salatu nahi izan ditu Nepalgo Gobernua kritikatu duten hedabideak eta mendizaleak: «Nepalgo Gobernuak nahi dituen erabakiak hartuko ditu, eta guk, mundua izorratzen ari garen mendebaldarrok, ez dugu eskubiderik hura kritikatzeko. Mundua izorratzen ari gara, eta aseezinak gara; Afrikan, Hego Ameriketan eta beste mila tokitan izugarrizko kalteak eragin ditugu, eta, gainera, haiek egiten dutena edo egin nahi dutena kritikatzen pasatzen dugu denbora». Mendebeldeko mendizaleei autokritika egitea eskatu die, eta xerpen alde agertu da Uriarte: «Neurri berriekin agentziak eta xerpak pozik egongo direla kexatu dira zenbaitzuk. Komunitate bikaina da xerpena, lan handia egiten dute herrialdeko zenbait arlotan, umezurztegiak dituzte, eta kanpotik datozen mendizaleei pisu handia kentzen diete bizkarretik. Langile finak dira, eta merezi dutena irabazten dute. Neurriak ezin dira beti gure pozgarri izan», azaldu du Uriartek.
Neurrien inguruan zera pentsatzen du: «Hartuko diren neurriek ez dute hobekuntzarik ekarriko. Aditu batzuk bildu omen dira oraingo neurri berri horiek zehazteko. Ni ez nengoen aditu horien artean. Ekonomialariak eta botereari lotutako adituak izango ziren», esan du. Konponbide bat eman du Uriartek: «Chomolungma santutegi bilakatu behar da. Urte batzuetako garbiketa egin, eta, dena txukun eta garbi dagoenean, santutegi bilakatu beharko litzateke. Everestera igotzea debekatu, eta behetik begiratuko genioke mendi gailurrari. Chomolungma inguruko trekking ibilaldiek gora egingo lukete, eta xerpa nepaldarrek ez lukete lanik galduko. Mendia errespetatuko genuke, eta bai, orduan ez litzateke pilaketarik sortuko».
Haren ustez, gainontzeko zortzimilakoei ere ongi etorriko litzaieke halako egitasmo bat: «Urtean espedizioren bat onartu, eta orain arte mendia hondatzen aritu diren herrialdeei konponketa, garbiketa eta txukunketa lanetarako finantzaketa exijitu beharko litzaieke».
Zabortegia 8.000 metrotan
Zeresan handia ematen du Everesten sortzen den zaborrak ere. «Jende asko ibiltzen den lekuetan normala da halako zabor pila sortzea. Arazoa da kontzientzia gutxiko jendeak bertan uzten dituela botata», esan du Pasabanek. Nepalgo Gobernuak hartu izan ditu neurriak zaborra gutxitzeko. Urtero hamarnaka tona zabor biltzen dituzte garbiketa espedizioetan, eta isunak jartzen dizkiete zaborra jaisten ez duten mendizaleei: «Kontua da horrenbeste diru mugitzen den espedizioetan isun horiek prezioaren barnean sartzen dituztela».
Atzera-bueltaren bila Everesten
Geroz eta ohikoagoak dira urtetik urtera Everestera bidean sortzen diren jende pilaketak. Arazoa, baina, aspaldian hasi zen. Nepalgo Gobernuak neurriak iragarri ditu, bai ilarak amaitzeko, bai heriotzak gutxitzeko. Jende uholdearen ondorioz sortzen den zaborrak ere eman du zeresana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu