Duela hogei urte eman zuen lehen poesia lana Castillo Suarezek (Altsasu, Nafarroa, 1976): Amodio galdua. 2006ra bitartean, beste sei eman zituen: Bitaminak, Iragarki merkeak, Mugarri estaliak, Madarikazioa, Spam poemak eta Bala hutsak. Azken hori eman eta gero, Igor Estankonari irakurri zion kritika batean, bere liburuak irakurtzea errotondari bueltak ematea bezala zela. Seinale bat izan zen. «Hor eten bat egin nuen». Etenaren ondoren argitaratu ditu Souvenir, Urtebetetze festa eta Irautera. Azken hori, udaberrian. Aurrekoa eman eta zazpi urtera. Ez omen du paniko eszenikorik. «Nire lana defendatzera inolako arazorik gabe ateratzen naiz». Eta horixe egitera etorri da Suarez elkarrizketa honetara ere.
Bi hilabetean, egunero poema bat idatzi zenuen, 60 guztira, eta hamabosteko lau sortatan eman dituzu Irautera-n. Metodo horrek eman ote dio liburuari ikusten zaion haria, osotasuna?
Baietz uste dut. Nik aro berri bat hasi nahi nuen nire bizitzan, eta eskertza festa bat egin. Poesia liburuetan, poesia liburu bat egitea da zailena, hau da, hari bat egotea. Kasu honetan, azaleko haria naturako irudiak dira.
Naturako lehen irudia azalean bertan ageri da: iratze margolanbat. Eta, gainean, bere baitan hitz joko bat duen izenburua.
Lan hau argitaratu aurretik, irautera hitza Googlen idatzita, Xabier Gantzarainen Zuloa liburuko esaldi batean agertzen zen. Hitz hori oso potentea iruditzen zait, iratzea eta irautea biltzen dituelako. Bi hitzok ez dute erro bera, baina hitz jokoa hor dago.
Horrez gain, iratzearen irudi estetikoa dago. Iratzeak zer esan nahi du? Loratzen ez den landare bat, oso primitiboa, joango bada karearekin propio kendu behar duzuna... Iratzeek ez dute beste baten beharrik. Uste dut banaizela gisa horretakoa. Ez dakit bakartia naizen, baina nire obsesioetako bat bakardadea da, eta, aldi berean, bakarrik bizi naiz. Uste dut nire hautua dela, hein handi batean. Iratzea naiz, lur azidoetakoa.
Lehendik ere bazenuennaturari lan honetan erakusten duzun eran begiratzeko joera?
Bueno, ni ez naiz herri kaskokoa. Altsasukoa naiz, baina autobidearen beste aldera nago; Gipuzkoa aldera, esan dezagun. Mugako toki batean bizi naiz, Ibarmusun, ibarraren ondoan. Paisaia aldatu egiten den toki batekoa naiz, eta beti izan dut horren kontzientzia. Nafarroako aldean, basoak publikoak dira, eta Gipuzkoakoak, ez. Nafarroako aldean, ez dago eukaliptorik, baina paseo bat ematen badut, Gipuzkoan naiz berehala. Horkoa naiz ni. Oso nirea da, alde horretatik, Goierriko eta Sakanako begirada hori, nahiz eta liburuaren abiapuntua Baztanen izan. [Baztango alkate] Joseba Otondok sartu ninduen, hain zuzen ere, landa-ikuspegiari buruzko proiektu batean. Material asko eman zidan, erreferentzia asko, eta konturatu nintzen, landa eremu batekoa ez naizen arren, gertura begiratzearena gauza interesgarria dela. Hala, desira eta sexua, espezie inbaditzaileak eta bertakoak... kontrakotasun batzuk agertzen dira liburu honetan.
Igor Estankonaren kritika txar batek markatu omen zintuen duela hainbat urte. Orain, Estankonak berak dio zerbait gertatu zaizula. «Irautera eder honen bitartez ekarri dizkigu zaurgarritasuna eta indarra, etsi gaiztoa eta kreatibitatea», idatzi du.
Bueno, zerbait gertatu... Uste dut liburu hau bizitzaren erdian egin dudala, eta badela atzera begirako lan bat, baina, aldi berean, aurrera begirakoa ere bai. Bizitzan badira momentu batzuk gogoeta egiten duzuna, eta hau eskertza liburu bat da, nik uste. Azkenean, irauten duen jendea gustatzen zait, etsitzen ez duen jendea, borrokalaria den jendea, ekintzailea den jendea. Eta Irautera horren aldarrikapen bat da, zeren denok bizi izan ditugu galerak, denok nozitu izan ditugu txikizioak, denok izan ditugu nahigabeak, eta halako guztietan aurrera jotzea da nire bidea.
Esplizitatu egiten duzu, gainera, bide hori, 60 poemetako batean «beti jarriko naiz iraun nahi duenaren alde» idatzita.
Hori Jon Gerediagaren aipu bat da: «Nola jakin, nola jardun, nola paratu, beti, iraun behar duenaren alde». Liburu hau idazten bi liburu hartu ditut kontuan, izan ere: batetik, Gerediagaren Argia, lurra, zuhaitza, zerua eta euskal poesian mugarri izan dela iruditzen zaidan Jose Luis Otamendiren Lur bat zure minari. Bi lan horiekiko eskertza ere badago liburuan. Beti egiten ditut halako keinuak, eta, kasu honetan, lau aipu daude: Gerediagarenaz eta Otamendirenaz gain, bi egile galegorenak sartu ditut, Olga Novorenak eta Yolanda Castañorenak. Iruditzen zait egile galegoek oso harreman zintzoa dutela beren inguruarekin, ez dutela galbaherik alde horretatik.
Euskaldunena baino zintzoagoa dela esan nahi al duzu?
Uste dut hemen ez dagoela parekorik. Guk, adierazi baino lehen, gehiago pentsatzen dugula. Idazterakoan ere bai. Estetizistagoak gara, beharbada. Hasier Larretxea daukagu, esaterako, baina hark ematen duen irudia oso bukolikoa da.
Eta zu ez zatoz bat irudi horrekin.
Batere ez. Ez nuen halakorik egin nahi. Ni eremu eder batean bizi naiz. Horri begiratu nahi nion, baina ez nuen gauza bukoliko-erromantikorik egin nahi.
Naturaren —eta maitasunaren— ikuspegi erromantikoari uko egiten saiatzea, nola eta euskarazko poesia liburu batean. Hori bera baino ekintza erromantikoagorik ba ote da, baina?
Zergatik idazten dudan? [barreak] Nik badut oso lan aspergarria: administrazioko langilea naiz, eta administrazioak horretara zaramatza. Suertea izan dut, gurasoak oso kulturazaleak izan direlako. Euskal Herriko museo, santutegi, kontzertu eta erakusketa guztiak ikusi ditugu, aizu, ez zeukatelako gu norekin utzi. Orduan, beraiekin eramaten gintuzten ahizpa eta biok, oso txikitatik. Esker ona besterik ez daukat haiekiko. Gurasoei esker naiz naizena. Liburu asko egon dira gure etxean; asko estimatu eta oparitu izan dira. Aita fundidorea zen, eta gure etxean beti izan dira artista plastiko asko —ahizpak horretara jo du, adibidez—. Aitak, gainera, oso ondo idazten du.
Etxean jasotako energia hori, sormen hori, indar hori, idazten bideratzen dut. Eta, gero, literaturak bizitzan asko eman didala iruditzen zait: nire lagunik onenak, nire parekoak direlako. Oso gogorra naiz itxuraz, baina oso sentikorra naiz, oso maitemintzen erraza. Hau irakurrita, jendeak Tinderreko nire argazkia ikusi eta raka egingo du [barreak].
Tinderren al zaude?
Bai. Bueno, sartu nintzen, eta 300 like jaso nituen. Hortik irten nahi izan nuen, baina ez dut asmatu behar bezala baja ematen [barreak]. Ez, serio: harremanak ulertzeko, Tinder eredua daukagu gaur egun. Eta eredu hori honako hau da: ez dezagun denbora gal, esan diezaiogun besteari lehendabiziko hitzordutik zeintzuk diren gure etorkizuneko asmoak.
Tinder harremanak ere ageri dituzu Irautera-n, bada.
Hori da. Uste dut gisa horretako aplikazioek erlazioak ulertzeko beste modu bat ekarri dutela, eta niri gustatzen zaidana desagertu egin da: sedukzioa, jokoa, anbiguotasun hori. Horregatik, uste dut ez dudala balio horretarako, eta sekula ez dut hitzordu bat lotu Tinder bitartez.
Maitasunak daukan gauzarik zailenetako bat da inoiz ez dakizula parekoak zuk bera maite duzun gisan maite zaituen; maite ote zaituen egiazki. Esan ezin daitezkeen gauza asko daude hor. Tinderren, berriz, esplizitatu egin behar duzu zeintzuk diren zure asmoak. Eta bizitza, zorionez edo zoritxarrez, ez da horrelakoa. Hautatzen dugun hori inoiz ez da guretako. Nik hori ikasi dut, behintzat.
Hori, eta norberaren iraupenak, askotan, albokoaren iraupenikeza dakarrela.
Naturak hala funtzionatzen du.
Harremanek ere bai?
Segur aski. Harremanetan gerta dakizukeen gauzarik txarrena, nik uste, beste batekin batera hondoratzea da. Ez naiz koldarra, ez harremanetan ez beste gauza askotan, eta ez zait gustatzen gisa horretako jendea. Orduan, batzuetan, zure paretik kendu behar dituzu zure bidaideak izan direnak edo.
Esana duzu jendeak narratibari fikzioa aurreikusten dion bezala poesiari ezetz, eta zure poesian fikzioa dagoela.
Nik ez daukat nire poemetan agertzen dena bezain bizitza interesgarria. Autofikzioa oso zabalduta dagoen korronte bat da, baina niri ez zait gustatzen. Ni ez nago eroso bizirik dagoen idazle baten autofikzioa irakurtzen.
Baina beti dago autofikziotik zerbait, ala?
Bueno, hor dagoena ni naiz. Nik badut hitz egiteko modu oso zuzena; hitz gutxikoa naiz, ironikoa, zakar xamarra ere bai batzuetan, beharbada; dialektikaren eta sedukzioaren joko hori gustatzen zait... Orduan, idazten duena ni naiz.
Anariren kanten oihartzunak ere ez ote dauden liburuan.
Lehengoan, liburu honen gaztelerarako itzulpena zuzentzen ari den mendi-ingeniariak ere esan zidan Anari oroitarazten ziola. Izan daiteke. Azkenaldian obsesionatu nauen kanta bat izan da Epilogoa. Bukle batean entzun dut. Zer galtzeko beldur garen...
Nire obsesioetako bat da bakardadea, lehen esan dut. Eta beste bat, zaintza: ea gai izango ote naizen nire hurbilekoak zaintzeko, eta ea nork zainduko nauen ni. Iratze izateak badu kostu bat. Handia, gainera. Zaintzarena, esaterako. Epilogoa izan daiteke soinu banda bat liburu honetarako, bai. Eta kanta hori jasotzen duen Epilogo bat diskoan, bada Intro (Geure alde) pieza ere. Agur, Jesusen ama-ren bertsioa da. Aurrekoan, Jon Barberenaren hileta mezan, hunkitu egin nintzen entzun nuenean. Agur marabillosoa iruditzen zait; eta ez dakigula agur esaten, oso zaila dela. Ni agurtzen nauten egunean agurtu nazatela kanta horrekin.
Gaztelerarako itzulpena aipatu duzu. Irautera honen zikloa ez da itxi, beraz.
Ez. Fernando Rey ari da gaztelerara itzultzen; eta Itxaro Borda frantsesera, Isaac Xubin galegora eta Jaume Gelabert katalanera. Galegoz aterako da lehen itzulpena. Horrez gain, liburuaren bonus track-a egiten ari naiz. Maitasunaren botanika deitzen da, eta naturan egiten diren esku hartze batzuen irudiak hartu, eta testu batzuk sortzen ari naiz. Clara Peya izeneko pianista bat oso presente daukat, eta harekin egin nahi nuke zerbait.
Hamargarren poesia liburua duzu hau. Badira hilabete batzuk argitaratu zenuela. Gustura al zaude izan duen harrerarekin?
Normalean, kritika onak jaso izan ditut. Alde horretatik, pozik nago, nahiz eta badagoen kanonaren kontua. Nik hautu bat egin dut Elkarren argitaratzeko, eta, batzuentzat, liburua hobea litzateke beste argitaletxe batean argitaratuko banu. Obsesionatzen nauen gauza bat da kanona. Nor bidaltzen dugun atzerrira, nor saritzen dugun, nor kritikatzen dugun, nortzuek errezitatzen duten, zer erosten dugun, zein argitaletxetan argitaratzen duzun, zein taldekoa zaren... Neu ere kanonaren parte naiz, jakina. Euskadi sarien epaimahaiburu izan naiz aurten, eta badakit beharbada ez dela ulertuko epaimahaiaren erabakia. Horregatik egiten dut Iparraldeko neska bloga, adibidez, kanon propioa izan nahi dudalako, gustatzen zaidana hautatu.
Kanonarena, hala ere, pentsatzen dut ez dela soilik euskal literaturaren gaitza.
Kritika ezinbestekoa da edozein sistematan. Zaurgarritasun handiko eta kide gutxiko hizkuntza eta kultur sistema batean, mugatuago al dago kritikarako tartea?
Poesia oso gutxi saltzen da. Eta liburua aurkeztu eta berehala hasi zitzaizkidan galdetzen ea errezitalik egingo ote nuen. Liburua bere horretan irakurtzearen garrantzia aldarrikatu nahi dut. Ez zait iruditzen idazleei hori ere eskatu behar zaionik. Performanceak egitea, sinpatikoak eta guapoak izatea... gauza asko eskatzen zaio idazleari, idazteaz gain.
Lanbide zaila da kritikariena. Hala ere, gaitz hori ez da soilik gurea. Gure txikitasunak areagotu egiten du, nahi baduzu, baina ez zait iruditzen beste sistema batzuetan gertatzen ez denik.
Castillo Suarez. Idazlea
«Gauza asko eskatzen zaio idazleari, idazteaz gain»
Arbolak, orbela eta iratzeak; pertsonak, harremanak eta bakardadea. Baso bat abandonu, eta poesia bete baso. 'Irautera'. Zazpi urteko etenaren osteko liburua. Idazlearen hamargarrena. Atzera eta aurrera begiratu nahi izan duen lana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu