«Emakumeak eusten dio zeruaren erdiari». Mao Zedongen esaldia da. «Garaiak aldatu dira. Gaur, gizonak eta emakumeak berdinak dira. Kamarada gizonek egin ahal duten guztia egin dezakete kamarada emakumeek ere», gehitu zuen Txinako Herri Errepublikaren sortzaileak. Neurri batean behintzat, teoria praktikara eraman du Txinak.
Nazio Batuetako Garapenerako Programaren arabera, Txinako emakumeen %61,5 daude lan merkatuan. Afrikako zenbait herrialde pobrek eta Asia hego-mendebaldekoek soilik dute tasa handiagoa; Europako Batasunean, emakumeen %51 dira, nahiz eta Txinak baino ekonomia garatuagoa duen.
Gutxienez bigarren mailako ikasketak dituzten emakumeetan ere Txinak atzean uzten ditu Mendebaldeko hainbat herrialde. Txinan %74 dira, eta Espainian, esaterako, %72,2. Unibertsitateetan ere gehiago dira gizonak baino: Txinako emakumeen %56,1 matrikulatu dira unibertsitateetan, gizonak baino 9,7 puntu gehiago.
Datu horiek eragin garbi bat dute emakumeen botere ekonomikoan. Txinaren barne produktu gordinaren %41 sortzen dute emakumeek, Deloitteren Aro digitalean emakumeek enpleguan duten eragina txostenaren arabera. Munduan ez dago halako portzentajea duen beste lurralderik.
Anbiziotsuagoak ere badira Txinako emakumeak: familiari garrantzia handiagoa ematen diote Mendebaldeko herrialde gehienetan baino, baina, hala ere, %78k dute beren lanean ardura postuak lortzeko helburua.
Anbizio handikoak
«Txinatarrak oso ekintzaileak dira. Baina emakume txinatarrak are gehiago gara», dio, erdi txantxetan, Dai Yinhuak. Daik enpresa bat dauka, Nanjing hirian. Enpresa txikia da; bost langile baizik ez ditu, eta Europako produktuak inportatu eta Internet bidez saltzen ditu. Enpresaburu handi baten anbizioa dauka, ordea. «Azken lau urteetan fakturazioa %50 handitu dugu. Txinak baldintza perfektuak ditu nire gisako pertsona batek bere ametsak egia bihur ditzan. Espero dut askoz jende gehiago hartu ahal izango dudala eta beste probintzia batzuetara hedatu ahal izango naizela».
Atzerriko konpainiek ere nahiago dute emakumeak kontratatu administrazio lanetarako. «Askoz langile bizkorragoak dira. Ekimen handiagoa dute; lanean gehiago murgiltzen dira», azaldu du autogintzako euskal enpresa bateko kudeatzaileak—ez du izenik eman nahi—. «Gizon txinatarrek, oro har, beren buruari garrantzi handia eman ohi diote, eta beren gaitasunarekin eta produktibitate neurriarekin bat ez datozen helburu ekonomikoak dituzte».
Baina, edonola ere, Txinako emakumeek hautsi behar duten sabaia ez da kristalezkoa, granitozkoa baizik. Berez, emakumeen eta gizonen arteko arrakala handitu egin da azken urteetan. Munduko Bankuak genero arrakalari buruz egiten duen txostenak dio aztertutako 149 herrialdeetatik 103. lekuan dagoela Txina. Nazio Batuetako Genero Berdintasunaren Indizeak puntuazio hobea ematen dio, baina hasierako postuetatik oso urrun: 189tik, 36.a.
Emakumeak Herri Asanblea Nazionaleko aulkien %24 baizik ez dituzte betetzen; bakar bat ere ez Politburoan, eta enpresetako zuzendaritza postuetan %38 besterik ez dira. «Urrun iritsi nahi baduzu, onena zeure enpresa sortzea da, gizonek gidatutako batean ez baitzara inoiz helduko», ziurtatu du Daik. Haren aholkuari jarraituz, Txinako start-up-en %55 emakumeek sortutakoak dira
Izan badira multinazional handietan goiko lekuetara iritsi diren emakume gutxi batzuk, eta egoera barrutik irauli nahian dabiltza. Haietako bat da Jane Sun; Ctrip Txinako Internet bidezko bidaia agentzia handieneko kontseilari ordezkaria. «Gogoan dut Japoniara lehen aldiz joan nintzenean Ctripeko finantza adarreko buru gisa, hango bazkideek erreberentzia egin ziotela gure presidenteari, baina niri eskua ere ez zidatela eman, pentsatu zutelako laguntzaile soil bat nintzela. Silicon Valleyn ere antzeko zerbait gertatu zitzaidan, ekintzaileen afari batean. Askok galdetu zidaten non nuen senarra. Ez dut uste mindu nahi nindutenik, baizik eta uste zutela Asiako emakume gazte batek ezin zuela zuzendaritza postu bat lortu».
Haurdun daudenak, taxian
«Txinan bertan egoera are okerragoa da, ez delako asko aurreratu genero berdintasunean. Horregatik uste dut gizarteak aldaketa sakona egin behar duela, eta enpresek esku hartu behar dutela», azaldu du Sunek. Etsenplu ona izaten saiatzen dira Ctripen. Esaterako, haurdun geratu diren emakumeak kalera botatzeko mehatxu egin beharrean, enpresak taxi zerbitzu bat eskaintzen die haurdunaldiko seigarren hilabetetik aurrera. «Haurra jaiotzen denean, ongietorri saria ematen diegu, 800 yuanekoa (105 euro), eta 3.000 yuaneko laguntza bat ematen diegu gurasoei hezkuntzarako».
«Uneotan, eskulan kualifikatua falta dugu, eta, hortaz, enpresen artean lehia handia dago langileak erakartzeko. Enplegatuen kezka bakarra ez da soldata eta, horregatik, gu emakumeentzat inguru abegikorra sortu nahian gabiltza», azaldu du Sunek. Enpresako langileen erdia baino gehiago emakumeak dira, baina egia da buruzagitza postuetan gutxiago direla. «Denbora eman zaie hasiberriei gora igotzeko. Baina geure asmoa da goranzko bide hori ez eragoztea». Sun ez dago emakumeen gutxieneko kuotak inposatzearen alde, baina bai generoen arteko oreka baten alde, uste baitu enpresen emaitzak hobetzen dituela.
Ekinaldi deigarriago bat hautatu dute Hangzhou hiriko beste bi enpresak: 30 eguneko oporraldi berezi bat eskaintzea 30 urtetik gorako emakume ezkongabeei.Helburua da ez daitezela bilakatu Txinan «soberan dauden emakumeak» gisa ezagutzen diren emakumeak, hau da, bikotekiderik izateko denborarik hartzen ez duten emakume profesionalak. «Pozik bizi badira, produktiboagoak izango dira», justifikatu du neurria Hangzhou Songcheng Performanceko giza baliabideetako arduradunak.
Sunek espero du horrelako ekimenak ugaritzea eta emakumeen egoera hobetzea. Gobernuak, bere aldetik, emakumeen lan bazterketaren aurkako neurri sorta bat onartu zuen otsailean. Horien artean dago lan elkarrizketetan emakumeei ezingo dietela galdetu ezkonduak ala ezkongabeak diren, edo haurrak izateko asmoa ote duten. Lan eskaintzetan emakumeak baztertzeko baldintzak jartzen dituzten enpresek 50.000 yuan arteko isunak jasoko dituzte (6.500 euro), baina askok uste dute lan elkarrizketetan araua betearaztea oso zaila izango dela.
Natalitatea behera
Egoerak badu ondorio kaltegarri bat: jaiotze tasa asko jaisten ari da. Iaz 15,23 milioi haur jaio ziren txinan, kopururik txikiena 1961. urteaz geroztik. «Garrantzitsua da emakume txinatarrak formakuntza hobea edukitzea eta independenteagoa izatea antzeko garapen maila duten beste herrialdeekin alderatuta», ziurtatu du James Liang demografoak. «Maoren garaian, emakume gehienek lan egiten zuten, eta egoera hori sendotu da gaur egun». Formakuntza handiko emakumeak gutxiago ezkontzen dira, eta beranduago. Horrek badu bere inportantzia Txinan, ezkontzatik kanpo jaiotzen diren haurrak ez baitira begi onez ikusten. Natalitatea txikitzen du ez alferrik. «Soberan diren emakumeak gero eta ohikoagoak dira», azaldu du demografoak.
Familia beranduago edo inoiz ez sortzeko joera estatistiketan ikusten da: 10,5 milioi ezkontza egon ziren 2017an; bada, bost urte lehenago 13 milioi ziren. Eta agintariak asko kezkatzen dituen beste estatistika bat gehitzen zaio horri: txinatarrak gero eta gehiago dibortziatzen dira, eta gero eta gazteago. 1978an 285.000 bikote dibortziatu ziren; 2017an, berriz 4,37 milioi izan ziren.
Horregatik, gero eta beharrezkoago da jaiotze tasa handitzeko neurriak ez ezik, pizgarri ekonomikoak eta profesionalak ematea emakumeei, lan bizitza eta familiarena hobeto uztartzeko. Amatasun baimena zabaltzea eta aitei ere zabaltzea. Soilik horrela lortuko du Txinak emakumeari agindu zion zerua lortzea.
EMAKUMEEN ZERU ERDIA
Txinako emakumeek inon ez bezala hartzen dute parte ekonomian, baina enpresak orain arte ez dira hasi haiek goiko postuetarako aintzat hartzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu