Tomas Arrieta. Lan Harremanen Kontseiluko presidentea

«Inflazio handiak akordioak sustatu ditu; harritu egin nau»

Lan hitzarmena izoztua izatea zama handia dela nabarmendu du Arrietak, eta bere iritziz horregatik lortu dira hainbeste akordio azken asteetan. Baldintzak hobetuz gero lan merkatua piztuko litzatekeela uste du.

OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2023ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Azken hilabeteak ditu Lan Harremanen Kontseiluak (LHK) Bilbon duen egoitzako bulegoan. Tomas Arrietak (Bilbo, 1958) hamabost urte egin ditu langileen eta enpresarien arteko gatazketan artekari lanak egiten dituen erakundeko presidente karguan. Makina bat gorabehera bizi izan ditu, eta egungoak aspaldiko garairik gozoenetakoak dira. Gaztelaniaz erantzun die galderei.

Azken asteetan sektore batzuetako lan hitzarmen handiak sinatu dira: Gipuzkoako metalgintza, Bizkaiko zahar etxeak... Egun politak bizi dituzue LHKn.

Kontseiluak bilakaera polita izan du, gero eta erreminta eraginkorragoa da akordioak lortzeko. Akordioa beti da aldeen arrakasta. Alboan egotea eta laguntzea da LHKren ardura, baina aldeena da meritua. Baina datu objektiboa da negoziazio kolektiboa ondo doala, eta pozten nau. Espero dut egun bateko lorea ez izatea. ?

Bolada gozoa joera bat da, edo salbuespen bat?

Joera dela sinetsi nahiko nuke. Inflazio handiarengatik lan negoziazioan atzera pauso handi baten beldur ginen, eta aurkakoa gertatu da; harritu egin nau. Inflazio handiak akordioak sustatu ditu, oinarrizko arrazoi bategatik: lan hitzarmen bat berritzen ez denean baldintzak izoztu egiten dira, soldaten berrikuspena barne, eta inflazioa handia bada, erosketa ahalmen eta aberastasun galera oso handia da. Inflazio txikiarekin izozturiko lan hitzarmen batekin eutsi daiteke, baina inflazio handiarekin zaila da eustea.

Ekainean Araba, Bizkai eta Gipuzkoako langileen erdiek berrituta edukiko dute lan ituna?

Kopuru horretara iritsiko garela uste dut, eta datu hori oso ona da. Baina nik beste datu bati ere erreparatzen diot, garrantzitsua delako jakitea %50 hori nola dagoen osatuta. Esaterako, zenbat hitzarmen sinatu diren aurten: bada, horien %24 inguru. Alegia, %50 horren erdia aurten sinaturiko akordioak dira, eta kopuru hori asko handitu da azken urteekin alderatuta. Zantzu ona da.

Duela hiru aste Bizkaiko zahar etxeetako langileek festa handia egin zuten zure bulegoaren aurrean lan hitzarmena berritu zutelako. Zer sentitu zenuen?

Akordioak lortzea ez da erraza, eta hura zaila izan zen: negoziazioa blokeatuta zegoen, baldintzak berritzeke zeuden... Halako kasu batean lan harremanak arautzeko marko egonkor bat osatzea albiste bikaina da. Akordioak protagonismoa ematen die bi aldeei, ahaldundu egiten ditu, sinatu nahi izan duten horren eraginpean daudelako, eta ez kanpotik datorkien zerbaiten menpe.

Datuak onak dira, baina Adegi ez beste patronalak kexu dira lan gatazka asko daudelakoan.

Gure gatazka maila tradizionalki izan da handia. Analisia egitean beste urte batzuekin alderatu behar da; alegia, orain gatazka maila handiagoa edo txikiagoa den neurtu. Eta nire ustez, egungoa, alderatzen jarrita, ez da oso handia. Ohiko mailetan gaude, ez da gorakadarik egon.

Sindikatu abertzaleek diote Euskal Herrian greba gehiago egiten direlako daudela hemen Espainian baino lan baldintza hobeak. Hala al da?

Ez dut baloraziorik egingo. Ez dagokit niri. Gai horiek negoziazioetako alde bakoitzaren estrategiaren zati bat dira.

Karguan egin dituzun hamabost urteetan, baldintzek oro har hobera edo txarrera egin dute? Hirugarren sektorearen zabalkunde handia izan du tarte horretan.

Egia da industria izan dela tradizionalki baldintza onenak eskaini dituen sektorea eta azken urteetan zerbitzuen sektorea hedatzen ari dela. Ekonomiaren tertziarizazioak baldintzen gaineko eragin zuzena izan dezake. Nire ustez, oro har baldintzak hobetu egin dira, baina ezin zen besterik espero. BPGa hazteak esan nahi du gizarte aberatsagoa garela, eta soldatak aberastasuna banatzeko modurik oinarrizkoena dira.

P rekaritatea hor da oraindik...

Bai, egia da. Prekaritatea bi aldagairen arabera neurtzen da: bat lan egonkortasuna da, eta bestea baldintzak, bereziki soldata-lanaldia binomioa. Gero eta berrituriko lan hitzarmen gehiago egon, prekaritatea txikiagoa da, eguneraturiko lan baldintza gutxiago daudelako. Egonkortasunaren aldetik, aldiz, uste dut pauso handia eman dugula. 2022an behin betiko kontratuen tasa asko handitu zen. Langileen %82k baino gehiagok kontratu finkoa dute, eta duela bi urte %70 ziren. Egongo da pentsatuko duenik ez dela ezer aldatu: behin-behinean badago, berritzeke dagoen hitzarmen batekin... Pertsona horren argazkia ezin da izan baikorra, baina analisi orokor bat eginez gero, zalantzarik gabe esan daiteke hobeto gaudela.

Baina zertarako balio du lau hilabete pasatuta finko egitea bosgarrenean kalera bota bazaitzakete? Kaleratzea merkeegi dago?

Hori ere egia da. Kaleratze kalte-ordaina 2012ko erreformak utzi zuen parametroetan dago: bidegabea bada 33 egunekoa, eta objektiboa bada, hogeikoa. Finko egin zaitzakete eta handik lau hilabetera kaleratua izan, bai; baina ekonomiak tiraka jarraitzen badu nik uste dut makro mailan kontratu finko horiek iraungo dutela.

KPIaren araberako soldata eguneraketekin jauzi kualitatibo handiak ematea zaila da. Duela 30 urteko lanpostu prekarioak egungo berak dira. Nola lor daiteke zaintzaile edo garbitzaile batek 1.700 edo 1.800 euro garbiko soldata izatea?

KPIaren araberako eguneraketak ez dira araua. Orain arrakastatzat jotzen dira erosketa ahalmena mantentzen dutelako egoera oso zail batean. Negoziazio kolektiboaren aspirazioa ez da KPIaren araberako eguneraketak lortzea, horrek beti berdin egotea esan nahi duelako. Baldintzak hobetzen dira soldata eguneraketak KPIaren gainetik baldin badaude. Egia da KPIaren arabera negoziatzea beti berdin jarraitzea dela, baina alternatiba lan ituna izoztua mantentzea bada, inflazioak soldata jaten dizu. Egoera normaltzen denean KPIaren gainetik dauden soldata eguneraketak itzuliko dira.

LHKra iristen diren gatazka asko azpikontrataturiko funtzio publikoak dira; garbitzaileak, zahar etxeak... Akordioa zailagoa al da erakundeen diruak sostengatzen duen patronal bat dagoenean?

Horrek negoziazioak zailtzen ditu. Juridikoki lan harreman bat dago enpresa pribatuen eta langileen artean, baina egia da finantzaketa administrazio publikotik datorrela eta haren erabakiek eragin handia dutela mahaian eztabaidatzen ari den horretan. Azpikontrata publikoen gaia oso konplexua da. Horren inguruan hausnarketa egin beharko genuke, eta gure buruei tranparik egin gabe.

Soldata arrakalak min ematen al dizu?

Bai, eta existitzen da. Soldata arrakala anomalia bat da.

LHKtik pasatzen diren gatazka asko sektore feminizatuak dira.

Soldata arrakala apurka zuzentzen ari da, baina bi manifestazio argi ditu: segmentazio horizontala eta bertikala. Arrakalak azaleratu duen gauzetako bat da, ageriko bidegabekeria bat izateaz gain, kontziliazioa emakumeentzat bizitza profesional eta pertsonalaren artean dagoen tranpa bat bezala garatu dela. Kontziliazio neurriak emakumeak lan eremura gerturatzea errazteko diseinatu ziren, baina emakumea ez bada etxeko lanetatik askatzen, eta oinarrizko desoreka bat badago, agerikoa da handicap bat duela hasieratik.

Lan erregulazio handiak iraganeko kontua dira?

Gaur-gaurkoz, bai. Lan erregulazio datuak txikiak dira oraintxe bertan. Gailur handia pandemian jo zuten, eta esperientzia horrek erakutsi zigun enplegua babesten duten behin-behineko doitzen neurrietara jo behar dugula. Hori da pandemiaren ikasgai handia.

Sektore asko kexu dira langile faltaz; kualifikatuak zein kualifikazio berezirik gabekoak.

Gizartean dugun arazo handietako bat da. Baldintzak duintzeak eragina izango luke. Prezioa eskaintzaren eta eskariaren arteko konfluentzia puntua da; eskaintza jaisten bada pertsona gutxiago daudelako da, eta eskaera mantentzen edo handitzen bada, horrek prezioan eragin beharko luke; soldatan,alegia. Pertsonak fidelizatu eta inplikatu behar dira, baina hori pertsonak errendimenduen parte eginez lortzen da, tarta horren zati bat haiekin banatuz. Bide gehiago ere badaude, erronka demografikoa arazo handia delako: etorkinen sarrera erraztu, emakumeena, gazteena, langabezian denbora asko daramatena...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.