«Hezkuntza eta hizkuntzatik ez ditugu klaseak, patriarkatua eta kolonialismoa gaindituko, baina bide horretan lagundu dezakegu». Irati Tobar LABeko hezkuntza idazkariak esan zituen hitz horiek, atzo, Gasteizen egindako Segregaziotik inklusiora jardunaldietan, eta balio dezakete topaketetan partekatutako gogoetetako asko laburbiltzeko. Sindikatuak antolatu zuen egitasmoa, eta hezkuntza komunitateko hainbat kiderekin, gaiari askotariko erpinetatik heldu zioten: LABek bere proposamena plazaratu zuen, inklusioarekin lotutako esperientzia zehatzak ezagutu zituzten, eta adituekin marko teorikoa landu zuten. Ehun ikus-entzule baino gehiago bildu ziren Europa jauregian, eta streaming bidez jarraitzeko aukera izan zen.
LABek, «euskal eskola publiko komunitarioa lortzeko bidean», «lehentasunezkotzat» jo du segregazioaren gaiari erantzutea. Hori dela eta, gogoeta prozesu bat egiten ari da, eta Tobarrek horren oinarriak plazaratu zituen atzoko jardunaldiaren sarreran. Azaldu zuenez, ulertzen dute segregazioa eta bazterketa «sistemak» ezartzen dituen elementuak direla, eta hezkuntzan badutela isla; horregatik, garrantzizkotzat jotzen dute, «sistema hori iraultzeko bidean, urratsak egitea gaurdanik, eta tokian toki».
Jatorri, arraza eta klase bazterketetan jarri dute arreta bereziki, baina aintzat hartuta beste segregazio mota batzuk badirela, eta gurutzatzen direla. Horien guztien aurrean erantzuteko, beharrezko ikusten dute «estrategia bateratu bat» garatzea. Bide horretan, hiru marko nagusi ezarri dituzte: batetik, borroka ideologikoa, egoeraren analisia egiteko, eta segregazioari «klase ikuspegitik eta jarrera antifaxista eta antirrazistatik aurre egiteko». Bestetik, mobilizazioa, hezkuntza eragileen eskutik segregazioaren aurkako neurri eta plan zehatzak eskatzeko, hezkuntza lege burujabeak helburu gisa ezarrita. Eta, azkenik, alternatiben eraikuntza, tokian tokiko plan eta neurrien bitartez, hezkuntza komunitatean eragiteko.
Oinarri horiek ezarrita, segregazioaren aurka hartu beharreko zenbait neurri zehaztu zituen, hala nola ikastetxeentzako baliabide pertsonal, material eta formakuntzakoak, edota aniztasunaren trataerarako plan egokiak, «errealitate konplexu eta askotarikoei erantzuteko». Halaber, premiazkotzat jo zuen instituzioek harrera protokoloak ezartzea, ikastetxeetan ere aplikatuko direnak: «Berariazko baliabideekin hornitu behar dira, adabakien politika gaindituz, eta hezkuntza komunitatearen parte hartzearekin».
Ildo beretik, azaldu zuen «0 kilometroko ikastetxearen» aldeko apustua egiten dutela, bai eta euskarazko murgiltze ereduaren aldekoa ere. «Euskal Herria harrera herria izatea nahi badugu, izan daitezela gure ikastetxeak ere bai, eta izan dadila euskara harrera hizkuntza; baina onartuta beste lurralde batetik datorrenaren egoera, eta aniztasuna landuz», adierazi zuen. Segregazioari aurre egiteko «pauso ausartak» emateko garaia dela gaineratu zuen, eta inklusiora heltzeko bidea «inplikatzen diren guztiekin» egiteko prest daudela.
Adituen mahai ingurua
Adituen tartean, Onintza Odriozola EHUko irakasleak eta Eneritz Garro Mondragon Unibertsitateko irakasleak Segregazioa gaindituz, herri, hizkuntza eta kultura zapaldutik izeneko mahai ingurua egin zuten. Odriozolak feminismotik eta pentsamendu dekolonialetik heldu zion gaiari, eta botere harremanen kontzeptua erdigunean jartzeko premia nabarmendu zuen. Horri lotuta, proposatu zuen pertsona bakoitzak esplizitatu ditzala harengan gurutzatzen diren zapalkuntzak, bakoitzak dituen pribilegioen kontzientzia hartzeko, eta modu horretan botere harremanak politizatu eta eraldatu ahal izateko. «Inportantea da horretan arreta jartzea, menderakuntza batzuk erraz ikusten ditugulako, eta beste batzuk, berriz, ez horrenbeste», nabarmendu zuen.
Hezkuntzaren arloari keinua eginez, gerora irakasleak izango diren unibertsitateko ikasleei eman ohi dien gomendio bat ekarri zuen gogora: «Azpimarratzen diet zer garrantzitsua den betaurreko horiekin guztiekin joatea gelara, gertatzen diren bazterketa guztietan esku hartzeko».
Garrok, berriz, euskara, euskal kultura eta kultur aniztasuna izan zituen hizpide. Euskarazko ereduetan matrikulatzen dituzten ikasle etorkinen hizkuntza errealitatea ezagutzearen garrantzia aipatu zuen, sarritan faktore ugari nahasten direlako pertsona horiengan: ez da kontuan hartzen ikasle horietako asko eleaniztunak direla, haien hizkuntza edo hizkuntzak hemen gutxituak izan ohi direla, edo askok ez dutela gaztelania ezagutzen. «Ikastetxe askok ez dakite eskolako ikasleek zenbat hizkuntza ezagutzen dituzten», jarri zuen adibidetzat. «Eta alderdi horiek fin harrapatu behar ditugu: hizkuntzen arteko harremanak, ekosistemak...».
Horrekin lotuta, aipatu zuen atzerritar jatorriko ikasleekin begirada soilik alderdi negatiboetan jarri ohi dela, «zailtasun eta erronketan», ahaztuz «motxila» horietan daramatzaten esperientziek izan dezaketen «potentzialtasuna». Hortaz, betaurrekoak aldatzearen garrantzia aipatu zuen hark ere: «Etorkinak ikusten ditugu gure betarrekoekin, eta prozesuetan emankorrak izan daitezkeen gauza asko ez ditugu kontuan hartzen».
Inklusiorako bidean, urratsak eta erronkak partekatzen
LABek segregazioaren gaia lantzeko jardunaldiak egin ditu, Gasteizen. Sindikatuaren proposamenak, adituen azterketak eta zenbait esperientzia partekatu dituzte topaketan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu