Gipuzkoako azpiegitura ekonomikoen artean ezezagunetarikoa da Pasaiako Portua. Azkenengo hamabost urteak oso gatazkatsuak izan dira: bertan behera utzitako kanpoko kaiaren egitasmoa, epaileek artxibatutako arrantza lonjaren ustezko iruzurkeria kasua, lan gatazkak... Portu Agintaritzako aurreko presidenteak dimisioa eman ostean, Eusko Jaurlaritzak Joakin Telleria (Donostia, 1958) izendatu zuen kargurako. Aurretik, Miramongo Parke Teknologikoko zuzendari gisa aritu zen. «Hona iritsi nintzenean, ezer gutxi nekien merkataritza portuez», aitortu du. Aldeak alde, halere, Miramonen egiten zuen antzeko zeregina egiten duela azaldu du: «Espazioa kudeatzea; kasu honetan, operadoreak portura erakartzea».
Gehiago irakurri:«Ez gara portua pribatizatzen ari, inondik inora»
Portua ez da garai batekoa. 2006tik nabarmen apaldu da garraio kopurua. Orduan, sei milioi tona izan ziren, eta 2018tik hiru milioi tonaren bueltan zabiltzate. Hori da bere tamaina?
Egoera asko aldatu da. Iberdrolak zentral termiko bat zuen hemen, eta hiru milioi tona ikatz ekartzen ziren. Horrez gain, Zumarragako siderurgiarekin loturik, txatarra asko mugitzen zen, eta hori ere desagertu zen. Hortaz, orain hiru edo 3,5 milioi tonaren bueltan aritzea ez da datu txarra.
Baina hori mantentzea da helburua, ala haztea?
Haztea da asmoa, eta bide horretan gaude. Uste dut 4,5 milioi tonara iristeko gai garela.
Txatarra aipatu duzu. Cristian Layk Azpeitiko Corrugadoseko labeak berriz irekitzeko egitasmoa portuarentzat aukera gisa ikusten zenuten?
Trafiko berriak sortzen badira, guretzat askoz ere hobeto. Horrek ekartzen du portuko gastuak operadore gehiagoren artean banatzea. Baina aipatzen duzun aukera hori ez zen izan.
Portua ere bazegoen egitasmo horren atzean? Portuari «jatekoa» emateko?
Ez nuke horrela esango.
Baina bestelako ahaleginik egin zenuten aurrera egin zezan?
Ez zegoen gure esku.
Hazteko, aipatu izan duzue Geoalcali enpresa Zangozan (Nafarroa) egiten ari den meatzeko potasa Pasaiatik garraiatzeko aukera.
Bai. Aukera nagusietako bat da hori.
Tirabira askoren ostean, meatzeak martxoan jaso zuen azken baimena. Zuekin noiz hasiko dira lanean?
Harremanetan gaude, eta, esan digutenez, bi portu aukeratu dituzte: Pasaia eta Bilbo. Gurean, 2025ean hasiko lirateke, 0,5 milioi tonarekin, gutxi gorabehera.
Non jarriko dituzue biltegiak?
Toki batzuk adostu behar dira. Ari gara begiratzen hemen [Pasaian], Lezoko partean... Gainera, ziur aski, ez da Geoalcali arduratuko garraioaz, eta hemengo operadoreren batek egingo ditu. Hori ere begiratzen ari gara.
Azpiegitura berezirik eskatzen du potasak?
Zero emisioko biltegi bat. Horrekin nahikoa izango litzateke.
Arriskutsua al da?
Arriskutsua, arriskutsua... Hortik gatza sortzen da, eta hori ez da oso bateragarria hemengo produktu siderurgikoekin, ezta autoekin ere. Horregatik da beharrezkoa ondo babestea.
Gaur egun autoak dira Pasaiako merkantzia nagusietan bigarrena, siderurgiaren ondoren —bobinak eta xaflak, bereziki—. Autoena indartu nahi duzue?
Alor horretan ondo gabiltza. Iaz %17 handitu zen trafikoa, eta aurten %12ko igoerarekin gabiltza. Bi bezero nagusi ditugu: Gasteizko Mercedes eta Zaragozako Opel. Erresuma Batura esportatzen dira bereziki hemendik; kanpotik ez dira ekartzen. Pasaian UECC operadoreak lan egiten du, eta Europan erreferentea da garraio mota horretan. Gainera, Anfac elkarteak [Auto eta Kamioi Fabrikatzaileen Espainiako Elkarteak] Pasaia izendatu zuen iaz autoekin lan egiteko porturik onena.
Gero eta barku handiagoak ikusten dira Pasaian. Irisgarritasuna hobetzeko lanak egin behar dituzue portuan?
Bai. Hori eskatzen digute operadoreek. Gure asmoa da 170 metroko ontziei Lezoko kanalerako sarbidea erraztea. Horretarako, bi lan egin behar dira ezinbestean: orain Zamakona ontziola dagoen moila moztu behar da, eta ondoan dagoen dikea tokiz aldatu edo kendu. Horrekin batera, dragatua egin behar da kanal guztian, zortzi metrotik hamar-hamabi metroko sakonerara iristeko.
Nola doaz negoziazioak Zamakonarekin?
Moilarekin ez dago arazorik. Dikearekin, berriz, ikusi egin behar da. Ez da erraza, baina baikorra naiz.
Autoentzako biltegia handitzeko asmorik baduzue? Nola?
Lan hori operadoreek egin behar dute. Eta egun daukaten espazioa kontuan hartuta, ezinbestean goraka egin behar da, solairu gehiagorekin. Guk hori egin dezaten animatzen diegu.
Gipuzkoako produktu asko edukiontzietan esportatzen da, Bilbotik. Linearik izango du Pasaiak?
Astean behin Europako iparraldera bidaiatuko lukeen linea batekin hasiko bagina, pozik. Baina ez da erraza. Buru-belarri gabiltza; ea asmatzen dugun.
Bilbo gertu egotea arazo bat da?
Gure asmoa ez da Bilbora eramaten diren produktuak hemendik ateratzea, baizik eta, adibidez, kamioietan eramaten diren produktu batzuekin lan egitea. Frantzia asteburuetan itxita dago kamioientzat, horiek ezin dute gora egin. Hori aprobetxatu nahiko genuke itsasontzi bat ateratzeko.
Operadorerik baduzue? Noizko aurreikusten duzue hastea?
Ari gara. Dataren bat izan nahiko genuke, baina goizegi da.
Lehen ere egin zen saio bat, baina porrot egin zuen. Zergatik?
Orduan aritu zen operadoreak ez zuen lortu behar zuen gutxieneko merkantzia eramatea.
Beste portu batzuetatik ateratzea merkeagoa zelako?
Hemen apustu handia egin behar da: portu txikia gara, zerotik hasi behar dugu. Prezioen lehian hasteak, gainera, gure zerbitzuaren kalitatean eragingo luke.
Edukiontzi linea ezinbestekoa da portuaren etorkizunerako?
Ez. Baina saiatu behar dugu.
Badago portuak garraiatu ezingo lukeen merkantziarik?
Erregaiak, etxebizitzak gertu daudelako.
Operadoreei epe luzeko kontzesioak emango dizkiezue orain. Zergatik?
Orain arte, urtebete eta hiru urte arteko baimenak ematen genizkien, baina muga horrekin ezin dituzte epe luzeko estrategiak eta inbertsioak finkatu. Orain, 20-30 urterako lizitazio irekiak izango dira: nolako inbertsioak aurreikusten dituzten, kontzesioak luzeagoak ala motzagoak izango dira. Uste dugu operadoreak egonkortzeko modu egokia dela.
Horrek ez ditu tentsioak eragingo hautagaien artean?
Hori ona da. Guztiek espazioa nahi dute, espazioa behar dute.
Portua handitzeko beharra iradokitzen ari zara?
Handitu nahiko genuke, baina badakigu zer dagoen hemen.
Oposizio handia, adibidez?
Portu berezia da, herriak bertan daude, eta harremana behin ere ez da erosoa izan. Bere garaian, kanpoko portuaren egitasmoa egin zen. Hori agendatik kanpo dago erabat. Daukagunarekin moldatuko gara, eta ikusiko dugu handitzeko aukerarik sortzen den.
Adibidez, Lezoko plataforma logistikoaren egitasmoa. Mahai gainean dago oraindik ere?
Kanpoko portuarekin zegoen lotuta, baina aukera posibleetako bat da, bai. Proiektua eginda dago, eta gauza batzuk landuta daude, baina oraingo beharretara egokitu beharko genituzke. Epe laburrean bahintzat ez dut ikusten.
Adifekin hizketan ari zarete?
Bai. Asmoa eta borondatea badago. Baina gauza hauek ez dira egun batetik bestera egiten.
Inguruko herriak ere hor daude.
Bai, eta jakitun gara portuak zer eragin dituen: zaratak, hautsak... Hori ere kontuan hartu behar dugu, eta zerbait eman behar diegu. Adibidez, erabiltzen ez ditugun lur batzuk eman dizkiegu Lezoko eta Pasaiako udalei.
Eman, zerbait jasotzeko?
Portuaren moduko azpiegitura handi baten etorkizuna finkatzeko, beharrezkoa da agente eta erakunde denen arteko elkarlana, eta, noski, udalena ere bai. Udalek ere laguntza eman behar digute.
Zer eratako laguntza?
Giroa baretzen, adibidez. Baina nahiago dut ezer gehiago ez esan. Ez da gai erraza.
Lau urterako 68 milioi euroko inbertsioa iragarri duzue. Horretarako giharrik baduzue?
Gehiena gure baliabideetatik aterako da. Baina ate guztiak joko ditugu. Derrigor egin beharreko inbertsioak iruditzen zaizkigu, batez ere Lezoko kanala handitzea. Portu erosoa gara sartzeko, baina zaila barruan maniobrak egiteko, eta horrek garestitu egiten ditu eskalak.