Koronabirusa

ATZETIK DATOR HIRUGARRENA

Epidemiologoek ohartarazia zuten gaitzaren hirugarren olatu bat iritsiko zela Euskal Herrira, eta datuek erakusten dute kasu berrien kurbak goranzko joera hartu duela. Bigarren olatua apaldu ez delarik dator beste bat, eta aditu gehienek uste dute haren ondorioak «are okerragoak»izan daitezkeela.

Testak. PCR probak egiteko gune bat, Iruñean. J. MANTEROLA / FOKU.
edurne begiristain
2021eko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Epidemiologo askok aspaldi egin zuten ohartarazpena: COVID-19aren hirugarren olatua Euskal Herrira ere iritsiko zen, eta haren neurria eta larritasuna jakitea bakarrik falta zen. Eguberriak igaro berri dira, eta goiz da oraindik beste olatu batez hitz egiteko, baina adituak bat datoz: bigarren olatuaren aparrak ez dira desagertu, eta hirugarren baten hasieran gaude.

Urtarrilean beste olatu bat izango zela gauza jakina zen. Ikuspuntu epidemiologo batetik aztertuta hala izan da historikoki, Adrian Aginagalde epidemiologoak azaldu duenez: «Ohikoa izaten da abenduko azken astean birusak abiadura handiagoarekin transmititzea, besteak beste, Eguberrietako ospakizunak tartean egoten direlako». COVID-19aren kasuan ere hala izaten ari da. Datuek erakusten dute abenduaren 30etik aurrera berriro ugaritzen hasi dela batez besteko eguneko kasu kopuru berria, eta urtarrilaren 5ean berriro 500etik gora igaro dela. Goranzko joera hori apala da oraindik, baina hurrengo egunetan ikusiko da kurbak gorantz egingo duela. «Abenduaren 24ko eta 25eko familia topaketen ondorioak orain ari gara ikusten, eta ondoren ikusiko dugu Gabon zahar eguneko eta urtarrilaren 1eko efektua nolakoa den, eta gero Errege egunekoa,... Argi dago, beraz, transmisioaren bizkortze bat izaten ari dela».

Ikuspuntu epidemiologikotik ez dago hain argi oraingoa bigarren olatuaren jarraipen bat den, edo olatu berri baten hasiera. Edonola ere, Aginagaldek zehaztapen bat egin du: «Epidemiologikoki, ziurrenik, olatu berberaz ari gara, historiak esaten duelako olatuen artean hutsarterik ez badago, olatu berbera dela; baina hirugarrena deituko diogu». Bigarren olatua ez denean erabat pasatu etor daiteke atzetik hirugarrena, are indar handiagoarekin: «Ez da tsunami bat non olatua guztiak atzera egiten duen eta itsasorik gabe geratzen garen. Ura nahiko maila altuan dugula dator bestea, eta hori izan daiteke arriskutsuena».

Izan ere, Euskal Herriko datuak kezkagarriak dira, eta etengabea da kasuen zabalkundea. Jakina denez, kutsatzeen ondorioak hiru asteren buruan islatzen dira ospitaleetan, eta, beraz, baita heriotzetan ere. Eguberrietako efektuaren benetako dimentsioa, hortaz, aurki ikusiko da. Olatuaren dimentsio horren tamaina nolakoa izango den da orain kezka nagusia. Apala edo larria izango den jakitea falta da, hau da, ospitaleen gaineko presioa nolakoa izango den, eta hildako kopurua zenbatekoa. Izan ere, olatua bera ez da neurtzen birusak kutsatutako kasuen bidez, baizik eta hildakoen bidez. Horrenbestez, kutsatuek gorantz egiten jarraitzen duten neurrian egingo du gora hildakoen kopuruak ere.

Datuak aztertuta eta izurriak orain arte izan duen bilakaera ezagututa, aurreikuspen oso ezkorra egin du Aginagaldek: «Oso litekeena da lehenengo olatua bezain latza izatea, edo okerragoa».1918ko gripeak utzitako irakaspenetatik iritsi da ondorio horretara: «Sasoiko birusekin gertatzen dena gertatu zen orduan, hots, Eguberrien ostean, izugarri bizkortu zen transmisioa, gizarteak jaietan izandako portaeraren ondorioz».

Izurri klasikoen transmisio patroiei begiratuta, hirugarren olatua urtarrila-otsaila artean iristea «aurreikusi zitekeen zerbait» zela uste du Ana Galarraga Elhuyarreko zientzia komunikatzaileak, eta horregatik uste du ezinbestekoa zela neurri zorrotzagoak hartzea. Haatik, estrategia okerra hautatu dela deitoratu du: «Eguberriak egon dira, kontsumoa eta mugikortasuna areagotu dira, eta neurri gogorrik ez denez hartu, litekeena da hirugarren olatua asko aurreratzea eta areagotzea. Hautatu den estrategiaren ondorio da hori».

Hausnarketa horrekin bat dator Guillermo Quindos EHUko mikrobiologoa ere, baina zuhurrago mintzo da: «Hirugarren olatu baten hasieran gaudela ziurtatzeko, kurbaren benetako bilakaera ikusi beharra dago, eta datozen egunak azterketa baten modukoak izango dira». Hala ere, azkeneko asteetako kutsatze tasek etor daitekeenaren arrastoren bat ematen dutela onartu du, kezkaz: «Ezin dugu ukatu jende asko leku itxietan biltzen denean ondorioak egoten direla, birusaren transmisioa eta kutsatzea errazten direlako. Mugikortasuna handitu izanak ere ondorio berberak ekarriko ditu».

Estrategiak

Urtebete beteko da izurria Euskal Herrira iritsi zenetik, eta hirugarren olatu baten atarian gaude. Zer gertatu da azken hilabeteotan egoera honetara iristeko? Zein izan da bigarren olatutik hirugarren batera egiteko bidea? Galarragak argi dauka zergatia: «Gauzak ez direlako ongi egin». Uste du Mendebaldeko herrialde gehienek birusarekin bizitzearen aldeko hautua egin dutela, ekonomia eta osasunaren arteko oreka mantentzeko, baina estrategia horrek porrot egin duela. «Beste herrialde batzuetan birusa desagerrarazteko estrategia eraman dute, eta neurri politiko eta sozial gogorragoak hartu badituzte ere, izurriaren kontrolean emaitza hobeak lortu dituzte». Euskal Herrian, oro har, lausoago jokatu da, estrategia egokirik gabe: «Konfinamendutik irteera oso azkar egin zen, ez zen baliabide nahikorik jarri arakatzeetan, eta bigarren olatua Europan baino lehenago iritsi zen».

Quindosek, ordea, uste du osasun krisian agintariek aukeratzen duten estrategia baloratzea ez dagokiela zientzialariei: «Guri dagokiguna da ahulguneak detektatzea, eta hobetzeko iradokizunak egitea». Eta egon da zer hobetu agintari politikoen estrategietan: «Lehen olatuan, esaterako, osasun arta egoki baterako material nahikorik ez zegoen, izurri bati aurre egiteko osasun profesional gutxi zeuden, test diagnostikoak egiteko zailtasunak zeuden... Alde handia egon da pandemia batean izan behar genituen baliabideen eta izan ditugunen artean».

Abenduaren amaieratik, izurriaren zabalkundea berriro ari da hazten, eta Quindosek gobernuen eta gizartearen jokabideei erreparatu die. Uste du egokiagoa dela debekuak ezartzea aholkuak ematea baino: «Irmotasun handiagoarekin har zitezkeen erabakiak. Gobernuen eta gizartearen erantzukizun kolektiboa da».

Galarragak erantsi du honezkero «oso berandu» dela koronabirusaren gaitzak sortutako olatu berria ekiditeko, «geldiezina» deritzolako Eguberrietako efektuari. Horrek ekarriko dituen ondorioen larritasunaz ohartarazi du: «Jende gehiago hil ez ezik, maila sozialean ere arrakala handituko du, lehendik lanik gabe geratu zirenak denbora luzeagoan egongo direlako langabezian». Txertoan jarrita du esperantza: «Ez du olatua ekidingo, baina baliteke heriotza kopurua apaltzea».

Birusaren aldaera berria

Hirugarren olatuaren dimentsioaaurreikusteko, komeni da aldagai berri bat kontuan hartzea: Erresuma Batuan atzemandako SARS-CoV-2 birusaren aldaera berria. Adituak kezkatuta daude horren inguruan, errazago transmititzen delako. Galarragak ohartarazi du mutazio gehiago egon daitezkeela, eta azkarrago transmititzeko mutatu den bezala, hilgarriagoak ere bihur daitezkeela. Adi ibiltzea komeni dela uste du: «Arriskutsua da birus asko egotea zirkulazioan».

Aginagaldek, berriz, gogoratu du 1918ko gripean ere birusa mutatu zela, eta kutsatuen eta hildakoen profila gaztetu zela. Kutsakortasuna handitzen bada, ohartarazi du ospitaleeen gaineko presioak ere gora egingo duela: «Bigarren olatuan presio asistentziala arintzeko jarri ziren zenbait neurrik gainezka egin dezakete, eta lehenengo olatuan izandakoegoera horietako batzuk berriro izan ditzakegu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.