Europako burtsek arnasa hartu dute, baina bankuetan izuak jarraitzen du

Credit Suissek Suitzako banku zentralaren laguntza onartu izanak lasaitu du merkatua. Ikusteko daude EBZren erabakiaren eraginak

Credit Suisseren bezero batzuk, Madrilen duen bulegoan. UAN CARLOS HIDALGO / EFE.
jokin sagarzazu
2023ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Europako merkatuek arnasa hartu zuten atzo, asteazkenean jasotako kolpe gogorraren ostean. Goizeko lehen orduetan Credit Suissek Suitzako banku zentralak eskainitako laguntza onartuko zuela iragarri izanak lasaitasuna eraman zuen burtsetara, eta errebote efektua eragin zuen goiz osoan zehar, zenbait kasutan igoera handiak erregistratuz, bereziki bankuen sektorean —sektore horrek pilatu zituen herenegun galerarik handienak—. Bazkalostean, Lagarderen agerraldia gerturatu ahala, izua itzuli zen berriro burtsetara, baina denbora labur batez izan zen, eta berehala heldu zioten goranzko joerari.

Oro har, Europako burtsek positiboan amaitu zuten eguna: adibidez, Frantziako CAC indizeak %2,1ko hazkundea izan zuen, Espainiako Ibex-ek %1,6koa eta Alemaniako Dax-ek %1,7koa. Eurostoxx Europako enpresa handien indizeak %2,1eko igoera erregistratu zuen. Aurreko egunean batez beste %4 inguruko galerekin itxi zuten.

Dena den, banku guztiek ez zuten berdin erantzun. Eguna indartsu hasi zuten guztiek, baina EBZren iragarpenarekin batera zalantzak agertu zituzten, bereziki herenegun ahulen agertu zirenek. Adibidez, Frantziako Societe Generalek %0,2ko galerekin amaitu zuen eguna —asteazkenean %12,2 galdu zuen—, eta BNP Paribasek %1,4ko irabaziekin—%10,1 galdu zuen herenegun—. Espainian, okerren aritu ziren Sabadell —%0,5 galdu zuen atzo eta%10,5 asteazkenean— eta Caixabank —%1,3 galdu zuen atzo eta %6,7 aurreko egunean—. Bestalde, zenbaki positiboetara itzuli ziren BBVA —%3,4ko igoera, asteazkenean %9,6 galdu ostean—) eta Santander —%2,6 hazkundea, asteazkenean %6,9 galdu ondoren—.

Suitzara begira

Bereziki asteazken gauean Suitzako Banku Nazionalak iragarritako laguntzak baretu du egoera. Credit Suissek jakinarazi du gehienez 50.000 milioi franko suitzar eskatuko dituela —50.000 milioi euro inguru—, eta mailegatutako diru horrekin estaliko duela bere bezeroek erretiratutako diruaren eta zorraren zati handi bat. Credit Suissek ziurtatu du kapital betebehar guztiak betetzen dituela, eta arazoak izan arren aurrera egiteko nahiko baliabide dituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.