Jada ez dago alderdi biko sistemarik». Mary Lou McDonald Sinn Feineko liderrak hala deskribatu zuen Irlandako testuinguru politiko berria 2020ko otsaileko hauteskundeen biharamunean. Historikoa zen emaitza: Sinn Fein, Fianna Fail eta Fine Gael ia berdinketa hirukoitz batean geratu ziren, lehen biek 37 ordezkari eta hirugarrenak 35 lortuta. Ostiral Santuko Akordioen osteko hogei urteko hazkunde ia etengabearen ondorioz, lehen indarra izatera iritsi zen Sinn Fein iaz, nahiz eta gobernutik kanpo geratu.
Azken bi hauteskundeetan, Irlandako ispiluaren tankera hartzen ari da Kataluniako alderdien indar korrelazioa, hazkunde eta apaltzeekin, orain arte ezohikoa zen hiru alderdiko sistema nagusitzen ari delako printzerrian. Batetik, indar unionista erreferentzial bat; Ciutadans 2017an, PSC 2021ean. Igandeko emaitzek agerian utzi dute unionismoaren zaldi irabazlea Salvador Illa zela. Bestetik, bi familia politiko sendo independentismoaren eremuan, polarizazioaren apaltze garaietan, botoari eusteko unionismoak baino gaitasun handiagoa erakutsi dutenak. Boto erresistentea, desmobilizazio baten aurrean eta 600.000 boto baino gehiago galdu arren, independentismoa %50etik gora kokatu duena.
Hiru indar nagusi, hiruren artean parlamentuaren %73 osatzen dutenak eta hiru eremutan garaile direnak: PSC da alderdi bozkatuena, Junts da udalerri gehienetan lehen indarra, eta ERC da, lurraldeari dagokionez, botoa modu homogeneoenean banatuta duena; ia udalerri guztietan da lehen edo bigarren indarra, Generalitatea eskuratzeko 31 du eskutik, eta Kataluniako politikagintzan funtzionatzen duten bi haustura lerroetan erreferentziazko indarra da; bloke independentistan nahiz ezkerrekoan. Eta bi ardatzetan ezkerra eta independentismoa hazi direlarik, ERC da Kataluniaren antza handiena daukan indarra.
Orain, zer? Triangulazio horren hiru erpinak nola uztartu daitezkeen ikusteke dago, baina Kataluniako auzia konponbidean jartzeko ardura duen elkarrizketa mahaiak zutoin sendoagoak ditu larunbatean baino, haren alde egin duten indarrek babesa handitu dutenez gero: «oinarria zabaltzearen» hipotesiak ez du ERC zigortu, kontrakoa baizik, eta PSOEk Sanchezen inbestiduraren blokea indar subiranistekiko harremanetan oinarritu izana ere ez da oztopo izan Ciudadanosen botoak jasotzeko.
Mahaiak, beraz, baditu lanerako zumeak, baina baita input garrantzitsuak ere. Unionismoan, (Kataluniaren «ulsterizazioa» bere gain hartzeko prest zegoen) eskuin (mutur)aren atomizazioak eta gotortzeak bidea errazten dio PSC-PSOEri, jakinik eremu hori ezgauza dela laster alternatiba bat eraikitzeko. Bestelakoa da egoera bloke independentistan, kontuan hartuta litekeena dela ERC buru duen gobernua estatuarekiko negoziazioan sinesten ez duten bi alderdik (Junts-CUP) sostengatzea. Irlanda berriro: «Negoziazio zailenak etxe barrukoak dira» (Gerry Adams).
Funtsean, auzia Moufferen terminoetan azalduta, erronka nagusia izango da, bi proiektu antagonikoren artean (hala errepublika katalana / Espainiaren batasuna, nola erabakitzeko eskubidea / estatuaren subiranotasun banaezina), nola bideratu harreman agonistiko bat ERC eta PSC arerioen artean, lehia eta negoziaziorako lankidetza uztartuta. Eta zer edukirekin bete mahai gainean adostu daitekeen adierazle huts nagusia: kontsulta.
Eta Euskal Herritik? Espainiak bere lurralde antolaketa modu arrakastatsuan definitzeko ezintasunaren isla da Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldearen ez atzera ez aurrera egoera; zain, Katalunian zer gertatuko, horrek Espainian zer aukera irekiko, Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako estatus berri bat adostu ahal izateko. Lan batzuk eginak daude, jokalekua argitu ahala baliagarriak izan daitezkeenak, baina mahai gainean dago dilema: nola aintzat hartu testuinguruak eman dezakeen abagunea, norbere egitasmo nazionala testuinguru horren mende eraiki gabe. Abaguneak proiektua definitu, edo proiektuak abagunea baldintzatu. Agian, gizarte mugimenduen logika presenteago izan beharko lukete alderdi eta instituzioek: testuinguruaren eragina ukatu gabe, ez uko egin horretan eragin nahiari.
ANALISIA
Irlandako ispilua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu