Euskal Herria testuliburuetan. Mahai ingurua

Zatitutako herri bat (li)buruetan

Euskal Herriko edukiak ez dira modu sistematikoan irakasten ikastetxeetan. Egun, Ikaselkar hezkuntza argitaletxea da irakaskuntza materialetan Euskal Herria bere osotasunen irudikatzen eta aintzat hartzen duen argitaletxe bakarra.

Elkarrizketatuak. Soraluze eta Ezkurdia, Andoainen. JON URBE / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
Andoain
2021eko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Euskal Herriko ikasle askok eta askok egunero ikusten eta ikasten dute zatitutako Euskal Herria ikasliburuetan, gehien-gehienek ez baitute bere osotasunean lantzen. Eragina nabarmena da. Hala idatzi zuen EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle Jose Mari Pastorrek urriaren 16an egunkari honetan: «Irakasleak albiste bat idazteko eskatu die ikasleei. Sohütan, behi bat ukuilutik irten eta aldameneko baserrian sartu da. Kalte handiak eragin ditu bertan. Ikasleek berria idatzi dute. Ezustekoa Frantzian gertatu dela idatzi dute gazte askok. Edo 'Frantziako Sohütan'. Zuberoan izan dela zehaztu dute beste askok».

Adituek berresten dute Euskal Herriaren inguruko jakintza mugatua dutela ikasleek. Gurutze Ezkurdia EHUren Bilboko Hezkuntza Fakultateko irakaslea da, eta, Begoña Bilbaorekin eta Karmele Perezekin batera, Lehen Hezkuntzako bosgarren mailako ikasleek erabiltzen dituzten ikasliburuak aztertu ditu, lurraldearen eta historiaren arloan zentratuta. Argi azaldu du egungo egoera zein den: «Euskal Herria, bere horretan, errealitate soziokultural bat den heinean, hizkuntzarekin eta literaturarekin loturik lantzen da, baina ez historia edo geografia lantzeko. Horixe egiten dute argitaletxe gehienek».

Ez da beti horrela izan, inola ere. Ezkurdiak, bere kideekin batera, 1875etik 2010era arteko testuliburuak aztertu zituen. Garapen —edo atzerapen— bat egon da: «XX. mendearen hasieran, Euskal Herriko mapa lantzen zen. Ondoren, autonomikoak ere bai. XXI. mendean, joerak egonkortu egin dira, eta ikuspegi autonomikoak du nagusitasuna». Hain zuzen ere, 1990etik aurrera aldaketa bat dagoela ikusi dute: «1990eko LOGSE [Espainiako Gobernuak onartutako hezkuntza legea] legearekin, curriculuma zehaztu egin zen, eta, horren arabera, autonomia estatua sendotu zen; ondorioz, Espainiako lurraldearekin batera bakoitzaren autonomiarena ere landu beharra dago». Azken hamarkadetan, beraz, arlo horretan aurrera egin beharrean atzera egin delakoan dago Ezkurdia.

Bada salbuespen bat, ordea: Ikastolen Elkarteak eta Elkar argitaletxeak sortutako Ikaselkar hezkuntza argitaletxea. «Gure lanean, euskal curriculumean oinarritzen gara, bai ikuspegi pedagogiko-metodologikotik begiratuta, baita euskal dimentsioaren ikuspegitik ere. Lanketa zabal hori badaukagu», adierazi du Edurne Soraluze Ikaselkarren zuzendariak. Eta hala islatuta geratzen da haien testuliburuetan ere: «Ikaselkarri dagokionez, proposamenak hemendik eta honako eginda daude, hori baikara gu: gure sortzaileak hemengoak dira; guk edaten dugun iturriak hemengoak dira; eta, informazio iturriak proposatzen ditugunean, Elhuyar aldizkaria, Gaindegia, BERRIA egunkariko artikuluak... izaten dira». Ikaselkarren ikasmaterialak erabiltzen dituztenen artean Ikastolen Elkarteko ikastolak eta sare publikoko eta Kristau Eskolako ikastetxeak daude, eta Haur Hezkuntzatik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzara arteko proposamenak dituzte aukeran. BERRIAk mahaiaren bueltan elkartu ditu Ezkurdia eta Soraluze. Bakoitzak bere ikuspuntua du, baina hainbat analisitan bat egiten dute.

Estatua oinarrian

Egungo errealitatea ulertzeko, sistemaren oinarrian bertan jarri behar da arreta. «Hezkuntza sistema estatala da», nabarmendu du Ezkurdiak. Eta horrek, nola ez, eragin zuzena dauka: «Estatuko hizkuntzaren eta kulturaren erreprodukzioa bermatua dago; Euskal Herrikoa, errealitate soziokulturala den heinean, ez». Ikasleek ezagutza jakin batzuk izatea —eta beste batzuk ez izatea— eragiten du: «Orokorrean, Euskal Herriarekin lotutako ezagutzak ez dira sakonak, eta, askotan, ez dituzte landu. Curriculuma oso modu unibertsalean dago, eta bertako ezagutzei oso leku txikia uzten zaie». Eta horrek dituen ondorioez ohartarazi du Ezkurdiak: «Ez dena ezagutzen ez da existitzen. Jose Migel Barandiaranek esaten zuen: 'Izena duena da'. Baina, kasu honetan, izena ez denez aipatzen, ez da ezagutzen: ez da ».

Eta oinarri horretatik abiatuta eraikitzen da sistema. Hainbat alderditan islatzen da oro har Euskal Herria ez dela bere osotasunean lantzen. Mapetan, esaterako, modu grafiko batean ikus daiteke. Gainera, Ezkurdiak nabaritu du azkenaldian mapen ordez paisaien argazkiak jartzen ari direla testuliburuetan: «Mapa paisaiarekin ordezkatzera jo izan da batzuetan, turismora begira dagoen herri bat irudikatzeko». Ikaselkarren liburuetan Euskal Herri osoko argazkiak txertatzen dituzte: «Oso argi daukagu gure irizpidea: zazpi probintzietako iruditeria erabiltzen dugu arlo guztietan».

Soraluzeren hitzetan, Ikaselkarreko materialetan Euskal Herria ez dute gizarte zientzietan edo geografian soilik aintzat hartzen: «zeharka» eskaintzen dituzten proposamen guztietan lantzen dute. Pare bat adibide eman ditu: «Matematika lantzen dugunean, desberdina da buruketak edo jarduerak Madrildik Parisera izatea edo Baionatik Iruñera». Fisika eta kimika lantzerakoan, berriz, beste batzuen artean, harri jasotzaileen adibideak erabiltzen dituzte. Soraluzeren esanak berretsi ditu Ezkurdiak. Aldea ikusten du edukiak bertan sortzen dituzten argitaletxeen eta gainerakoen artean: «Badira argitaletxe batzuk bertan sortuak direnak eta curriculuma Euskal Herritik egiten saiatzen direnak. Horiek, normalean, Euskal Herri osoko mapa erabiltzen dute, baina gutxi batzuk dira».

Beraz, eskolak aukeratutako argitaletxearen arabera landuko dituzte ikasleek eduki batzuk ala besteak, Ezkurdiaren esanetan: «Testuliburuen bidez lantzen den lurraldearen erreferentzia oso desberdina izan daiteke erabiltzen den argitaletxeren proiektuaren arabera». Ikasleak adin batekoak edo bestekoak izan, berriz, ez dago alderik: «Argitaletxe bakoitzak bere proiektuari erantzuten dio. Ildoei eusten zaie, eta ez dago aldaketarik».

Argitaletxearen jatorriaren arabera ez ezik, gaiaren arabera ere aldea dago. Historia liburuetan egiten zaio erreferentzia Euskal Herriari; geografiakoetan, aldiz, ez. Zergatik? Ezkurdiak ez dauka horren berri: «Euskal Herriaren ezagutza, bere osotasunean, euskal hizkuntza eta literaturako testuliburuetan bermatzen da. Hortik aurrera, azken joeretan autonomietan oinarrituta dago, eta horregatik nagusitzen da. Testuliburu gehienetan, bertan ekoiztutakoetan izan ezik, EAEren eta Nafarroaren lanketa nagusitzen da, estatu autonomikoaren ikuspegitik». Halere, hainbat joera sumatu ditu: «Historiako liburuetan, nik ditudan datuen arabera, Euskal Herriko mapa osoa lantzen da Nafarroako erresumarekin loturik, eta hori ere ez beti. Bestela, Vascongadak Gaztelako historiarekin lotzen dira, eta Nafarroa, Nafarroakoarekin. Iparraldea aparte doa».

Euskal Herri osoko edukiak lantzeagatik administrazioak ipinitako oztopoak ere hizpide izan ditu Soraluzek: «Nafarroan, bolada batzuetan gure ikasmaterialak —Txanela proiektua— galarazita egon dira. Maiz, boterean dagoenaren arabera gaude. Baina lehen eta orain berme pedagogiko guztiak betetzen dituzte gure ikasmaterialek».

Irakasleak gako

Ezinak ezin, elkarrizketatuek uste dute irakasleen eta ikastetxeen esku ere badagoela Euskal Herriko edukiak lantzea, badutela tartea horretarako. Ezkurdiak garatu du ideia: «Ikastetxeak bere eskola proiektuaren bidez defini dezake, baita irakasleak bakarka ere, baina beti curriculum ofiziala betetzen bada».

Hau da, norberaren borondatearen gain egoten da erabakia: «Azken finean, euskararen ezagutza eta erabilera borondatean oinarritu dugun lege beretik doa curriculumarena: maisu-maistraren edo irakaslearen borondateak agintzen du; ez da modu estrukturalean antolatutako irakaskuntza bat». Laburbilduz: euskal edukien irakaskuntza ez dago modu sistematikoan antolatuta; irakasleen edo ikastetxeen interesen eta aukeraren esku utzita dago. Horrek dakartzan zailtasunez jabetuta dago Ezkurdia: «Maisu-maistren formakuntza estatuak arautzen du, eta horrek baldintzatzen du ikasketa prozesuan zenbat denbora dagoen beste gai batzuetan sakontzeko». Hau da, denbora faltan ikusten du arazoa: «Arazoa, planteatzen den moduan, denbora da, baina, beste modu batera planteatuko balitz, bai, posible izango litzatekeela pentsatzen dut». Irakasleek formakuntza falta dutela ere ikusten du zenbaitetan: «Gradu osteko ikasketetan sakondu beharrekoa da. Argi dago maisu-maistren formakuntza goi mailakoa denetik trebakuntza sakonagoa dela. Beste gauza bat da zenbateko ezagutza duten Euskal Herriari buruz: arlo horretan sakontzeko premiak daude».

Positibo mintzo da Soraluze. Irakasleen eta ikastetxeen artean horretarako interesa badagoela uste du, hezkuntza argitaletxera jotzen duten ikastetxeetako irakasleek behintzat badutela interes bat Euskal Herri osoko edukiak lantzeko. Eta ilusioz begiratzen dio etorkizunari ere: «Pausoak eman ditugu. Guk ilusio handia dugu: herri bat eraikitzeko proiektua da gurea, beste asko bezala, eta jarraitu nahi dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.