Koronabirusa. Ekonomia

Birusaren urtea, atzeraldiaren urtea

Ekonomisten beldur handiena da osasun krisia amaituta ere krisi ekonomikoak luze jotzea, hau da, egiturazko kalteak gertatzea sisteman. BERRIAk hiru adituri galdetu die pertsona askoren buruan egongo diren oinarrizko kezka nagusiei buruz.

Bilbo. Eraikuntzako langile bat beharrean, atzo, koronabirusaren aurkako babes neurriak hartuta. LUIS TEJIDO / EFE.
xabier martin
2020ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Egun gutxi dira Confebaskek hazkundeaz hitz egin zuela. Hamarren bat baizik ez zela galduko esan zuen Eduardo Zubiaurre presidenteak, eta %BPGaren 1,7 inguruko igoera aurreikusi zuen 2020rako. Hilaren 10a zen. Astebete geroago, segurutzat jotzen da uzkurtu egingo dela Euskal Herri osoko ekonomia. Koronabirusaren urtea atzeraldiaren urtea izango da, zantzu guztien arabera.

Edonoren oinarrizko kezkak izan daitezkeen horiez galdetu die BERRIAk hiru adituri: Joseba Madariaga Laboral Kutxako Ikerketa zuzendariari, Mikel Casares NUPeko Ekonomia irakasleari, eta Pedro Esnaola Gipuzkoako Bazkundeko presidenteari. Aurretik esanda doa: ziurgabetasuna hain da handia, ezen inork ez baitu segurtasunez erantzun, usteetan oinarriturik baizik, baina adierazgarria da zenbaterainoko galerak aurreikusten dituzten aberastasunaren sorreran, eta zein arriskutsutzat jotzen duten egungo egoera datozen urteei begira.

1. Zenbat denbora egon daiteke sistema ekonomikoa muturreko egoera honetan egiturazko kalterik gabe?
2. Dena bukatzean, nork pagatuko du krisiaren faktura?
3. Errebote efektu bat egon daiteke 2020. urtea amaitu aurretik?

«BPGaren gainbehera oso deigarria izango da urtearen lehen erdian»

JOSEBA MADARIAGALaboral Kutxako Ikerketa zuzendaria

1. Krisiaren ondorioak hiruhileko batean pilatuko dira. BPGaren gainbehera oso deigarria izango da urteko lehen erdian. Baina gainbehera hori ez da loturik egongo egiturazko aldagaiekin, 2008-2009an bezala, epemuga duen aldagai bati baizik; horregatik, jarduera berreskuratuko da ondoren. Egin behar dugun galdera da suspertze horrek osasun krisia iritsi aurretik genuen egoeran utziko ote gaituen ala ez. Gauzak ez dira errazak, krisi hau ez dagoelako sinkronizaturik; osasun egoeraren fasearen arabera garatzen da. Aurreikus zitekeen baino motelago doa suspertzea Txinan, haren bazkideak direlako orain krisiak jo dituena. Hori dela eta, «hiru hilabetean galtzen dena hiru hilabetean berreskuratzen da» printzipioa ez dago batere argi. Gakoa izango da lan merkatuaren eboluzioa nolakoa den, eta iragarpenak ez dira onak.

2. Egoera honetan, erabat justifikaturik dago zerga politika baliatzea. Diru politikarekin, berdin; ibilbide laburra du, baina funtsean likidezia bermatu behar dio sistemari. Kontsumoa, inbertsioa eta kanpo merkataritza aldi baterako gelditu diren agertoki batean, zerga politikak eutsi behar dio ekonomiari. Euskadik badauka tarte bat esparru horretan, egin duen kudeaketa zuhurrarengatik, baina ahalegin horiek kontuen defizit gisa islatuko dira, eta helburu fiskalak ezingo dira bete. One-off neurriak direnez, dena den, agian ez dituzte defizitaren kalkulurako hartuko, baina ondorioak izango dituzte zorrean. Zama handiagoa izango dugu, eta guk geuk eta ondorengo belaunaldiek pagatu beharko dugu hori. Horrez gain, litekeena da neurri bereziak fase kritikoaz harago luzatu behar izatea. Orain arte, dezepzio hutsa da Europaren erantzuna, edo, hobeto esanda, ez-erantzuna.

3. Bi hiruhileko oso gorriak espero ditugu, eta, ondoren, suspertze bat; laugarren hiruhilekorako trakzio gaitasuna legoke, gainera. Baina, horretarako, garrantzitsua da krisia ez zabaltzea beste herri garatuetan, Txinan eta Italian gertatu den moduan. Beste herrialdeen suspertzea ere garrantzitsua da eskaerak eta suspertze orokorra hauspotu daitezen.

«Atzeraldia espero da: baliteke ekonomia %10 uzkurtzea 2020. urtean»

MIKEL CASARES NUPeko Ekonomia irakaslea

1. Ekoizpen jarduera eten egin du jendea etxeetan bakartu behar izateak, eta datozen bi hilabeteetarako atzeraldi handi bat espero da, BPGaren gainbehera handi batekin, agian %40 ingurukoa. Litekeena da udatik aurrera osasun krisia gainditzea, eta jarduera normalizatzea. Hala ere, baliteke BPGaren %10eko gainbehera edukitzea 2020. urtean. Osasun krisiak ez du ondorio esanguratsurik izango ekoizpen gaitasunean, baina kalte iraunkorrak gerta daitezke, langileen erosteko ahalmenari eta enpresei zutik eusteko mekanismoak ez badituzte martxan jartzen. Gobernuen zeregina giltzarri izango da.

2. Espainiaren plan ekonomikoa bere BPGaren %20aren parekoa da, 2012an bankuak erreskatatzeko baliatutako kopurua halako lau inguru. Biztanleko 4.300 euro dira, eta langile baten batez besteko soldataren hiru hilabete. Bada, defizit publikoa izugarri handituko da aurten, PBGaren %10etik gora seguruenera. Zor publikora gehituko da, noski, eta %100 gaindituko da erraz. Espainiako bonuaren egoera asko okertuko da hartzekodunen artean zalantzak hasiko direlako, eta arrisku saria hazi egingo da. EBZk iragarri du zorra erosteko prest dagoela. Une delikatuak izango dira. Zor publikoaren beste krisi bat eta eurogunearen iraunkortasunaren inguruko zalantzak eragozteko modu bakarra dago: uda ondoren susperraldi azkar bat iristea, eta Europak borondate irmoa erakustea ekonomia periferikoei eusteko. Nire ustez, enpresen, langileen eta sektore publikoaren artean banatu behar da zama handi hau, eragile bakoitzaren pisuaren arabera.

3. Ez naiz ausartzen geroa aurreikusten hainbesteko ziurgabetasuna dugula. Posible ikusten dut osasun krisia gainditzean familiek gogoa eta animoa edukitzea kontsumitzeko eta aisialdi jardueretan murgiltzeko, tabernak, oporrak, kirola... Baina hori gerta dadin, enplegua berreskuratu beharko dugu, eta orain arteko diru sarrerei eutsi.

«Norena da birusaren ardura? Denok pagatu beharko dugu faktura»

PEDRO ESNAOLA Gipuzkoako Bazkundeko presidentea

1. Gure enpresak osasun krisiaren bukaerara nola iristen diren, horren arabera jakingo dugu krisi ekonomiko honek egiturazko kalteak izango dituen ala ez, horregatik da funtsezkoa osasun krisia ez luzatzea. Gure enpresak iristen badira likideziarekin eta gaitasun nahikoarekin makina berriro martxan jartzeko, kalteak bakartzeko gai izango gara. Martxan jartzeko gaitasunak esan nahi du ekoitzi, saldu eta dirua jasotzeko gaitasuna edukitzea. Hau da, fabrikek zabalik eta enpresek finantza gaitasunarekin egon behar dute tuneletik ateratzen garenean. Hau krisi globala da, argi, eta denek lortu beharko lukete hori, maila batean edo bestean, sistema osoa berriro martxan jar dadin.

2. Faktura denok pagatu beharko dugu. Norena da koronabirusa sortu eta hona iristearen ardura? Administrazioek, enpresek, langileek eta familiek pagatuko dugu, tamalez. Horregatik, orain egin behar duguna da kalteak mugatu ahal bezainbeste. Datozen urteetan sortuko den aberastasunarekin aurre egiteko moduko galerak baizik ez egotea lortu behar dugu. Enpleguan eta aberastasuna sortzeko gaitasunean eragin mugatua izatea lortzen badugu, datozen urteetako aberastasunak pagatuko du krisia; hori da helburua orain. Egoeraz jabetu behar dugu: uzkurtze bat dator, eta kalteak banatu egin behar dira.

3. Oraingoz, Txina da osasun krisia atzean utzi duen herrialde bakarra. Gure enpresaren batek jaso ditu deiak handik, eskaerak direla eta. Eta hemen ere susperraldi bat egongo da lehen aipatutako baldintzak betetzen badira: gure enpresak bizirik iristea. Bizirik esan nahi du makina berriro martxan jartzeko gaitasunarekin iristea. Alemania, Frantzia, Italia... denak daude gu bezala. Denak martxan jartzen direnean, orduan egon daiteke jokaleku bat errebote hori gerta dadin. Ordura arte, dagokiguna da likidezia bermatzea enpresei, itxierak eragozteko. Herrialde guztiak ateratzen direnerako prest egon behar dugu. Ez dut 'V' zorrotz bat espero, baina susperraldi bat egon daitekeela uste dut, betiere aipatutako baldintzak betetzen badira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.