Koronabirusa

KORONABIRUSAK KONFINATUAK

Alarma egoera ezarrita, COVID-19 birusa ez hedatzeko neurriak hartu ditu Espainiako Gobernuak: herritarren mugimendu askatasuna mugatuko du, ez bada, besteak beste, botikak eta elikagaiak erosteko edo lanera joateko. Jaurlaritza ez dator bat konfinamenduarekin, eta «155.a» kritikatu du.

Aldez aurretik itxita. Gasteizko El Boulevard merkataritza gunea, atzo: saltokiak itxita eta herritarrik apenas. FOKU.
jon olano
2020ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
COVID-19 birusa ezohiko hedatze maila izaten ari den neurrian, administrazio publikoak ere ezohiko neurriak hartzen ari dira koronabirusaren zabalkundea oztopatu eta herritar kutsatuen kopurua apaltzeko. Testuinguru horretan, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak ostiralean iragarri zuen alarma egoera izendatzeko erabakia, eta atzo taxutu zuten alarma egoera hori arautuko duen dekretua. Testuan jasotzen diren neurrien arabera, gaurtik bertatik Hego Euskal Herriko biztanleek mugatua izango dute mugimendu askatasuna ezinbestekoak baino ez diren joan-etorrietarako.

Salbuespen horien artean daude elikagaiak eta botikak erostea, osasun zentroetara joatea, lantokira joatea eta etxera itzultzea, adinekoak, mendekotasunak dituztenak edo adingabeak zaintzea, banketxeetara joatea edota ezinbestean joan-etorriren bat egin behar izatea. Txikizkako komertzio oro etenarazi dute, salbuespenekin: «ekipamendu teknologikoek, prentsak, ile apaindegiek, tindategiek» jarraitu ahal izango dute beren jarduerarekin. Aldiz, kultur eta kirol eremuko ikuskizunak bertan behera uzteko eta ostalaritza arloko komertzioak ixteko ere agindu du Espainiako Gobernuak; funtsean, aisiari lotutako mugimendu oro debekatu du, eta onetsitakoetan ere metro bateko distantzia gordetzeko eskatu du.

Alarma egoerari lotutako neurriak hamabost egunez egongo dira indarrean —luza daiteke, Espainiako Kongresuak hala onartuz gero—, eta gobernua bera izango da agintaritza eskuduna alarma egoerari lotutako edozein erabaki hartzeko. Horren arabera, Ertzaintza eta Foruzaingoa Espainiako Barne Ministerioaren esanetara geratuko dira, eta Osasun Ministerioak emango ditu osasun arloko irizpideak; baita, beraz, Osakidetzari eta Osasunbideari ere. «Birusak ez ditu bereizten lurraldeak, ideologiak edo kolore politikoak», argudiatu zuen Sanchezek. Espainiako Armada esku hartzeko prest dagoela gaineratu zuen.

Dekretuaren hainbat ataletan, berriz, neurriak zehaztu ordez, gobernuari ateak zabalik uzten dizkio, behar izanez gero, «beharrezkoak diren neurriak» hartzeko.

Sanchezen gobernuak zazpi orduko Ministroen Kontseilu baten beharra izan zuen dekretua adosteko; 14:00etarako espero zen Sanchez hedabideen aurrean agertzea, baina ia 21:00etan eman zituen azalpenak. Zenbait iturriren arabera, alor ekonomikoan eman beharreko pausoek eztabaida luzea eragin zuten gobernukideen artean. Sanchezek berak iragarri zuenez, neurriak «gogorrak» izango dira, eta, ondorio ekonomiko esanguratsuak izango dituela jakinda, atzoko bilkuran alor ekonomikoari lotutako zenbait neurri hartu zituzten: diru sailak prestatuko dituzte familiei, enpresariei eta autonomoei laguntzeko, kaleratzeak saihesteko eta birusaren aurkako txerto bat ikertzeko.

Agintea, Sanchezek

Horraino, Espainiako Gobernuak erabakitakoak. Horiek, ordea, zentzugabe egiten dituzte Jaurlaritzak atzo goizean iragarritako neurriak, agintaritza eskuduna Espainiako Gobernua izango denez gero. Euskadiko Babes Zibileko Planaren aholku batzordeak bilera egin zuen goizean, eta, ondoren, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakari eta planaren zuzendariak agindu zuen adinekoentzako eguneko zentroak ixtea, adinekoei egoitza zentro publikoetan edo pribatuetan egin beharreko bisitak murriztea,—eguneko eta egoiliar bakoitzeko pertsona bakar batek egin ahal izango du bisita— eta «edozein motatako jarduerak» bertan behera uztea.

Gainera, metro eta erdiko gutxieneko segurtasun tartea bermatzen ez duten lokaletan jarduera mugatzeko agindu du Jaurlaritzak.

Supermerkatuak beteta daudela eta, hornidura eta banaketa «bermatuta» dago, Urkulluren esanetan. Beharrezkoa balitz, supermerkatuak eta botikak egunean beste bi orduz zabaltzeko aukera aztertzen ari dira. Halere, normal jarduteko eskatu die herritarrei. Horrez gain, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak gogorarazi du neurriok «bete beharrekoak» direla eta, beraz, horiek ez betetzea desobedientziatzat jo daitekeela.

Alarma egoeraren araberako dekretuak koronabirusari aurre egiteko eskumenez husten du Jaurlaritza, ahalmen denak Madrilen esku uzten dituelako. Gaiaz galdetuta, Urkulluk azaldu zuen Sanchezekin hitz egin zuela ostiralean, neurriak koordinatzeko. «Arraroa irudituko litzaidake Espainiako Gobernuak bestelako irizpide batzuk ematea; neurriak hartzea gure autogobernua kontuan hartu gabe». Gogorrago mintzatu zen Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramailea: «Sorpresa litzateke gobernuak erkidegoen eskumenak bertan behera uztea segurtasun eta osasun arloetan. Iragarri gabeko 155 bat litzateke». Izan ere, Jaurlaritzak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrak konfinatzeko neurririk ez hartu arren, hala egiteko agindu du Espainiako Gobernuak. Nafarroako Gobernuak, berriz, gaur argitaratuko du alarma egoeraren neurriak herrialde horretara egokitzen dituen foru araua.

Iparraldean ere mugak

Ipar Euskal Herrian ere hedatzen ari da birusaren zabalpena saihesteko neurri sorta. Bihartik, ezarria zuten maila guztietako eskolak behera uzteko agindua, eta horri batu zaizkio, gaurtik, «eremu publikoak» eta «ezinbestekoak ez diren» guneak irekitzeko debekua. Erabakien berri eman zuen atzo Edouard Philippe Frantziako lehen ministroak, eta jatetxeak, kafetegiak, zinema aretoak eta dantzalekuak aipatu zituen itxi beharrekoen artean. Haatik, herriko bozen lehen itzulia egingo dute gaur. Ez zuen zehaztu, ordea, zer egingo duten gaur zortzi, bigarren itzulian. Sanchezek ere ez zuen esan Eusko Legebiltzarreko hauteskundeak atzeratuko dituzten, baina haren iritzia da ez dela «zentzuzkoa» bozak apirilaren 5ean egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.