Teresa Aranguren. Kazetaria

«Beti axola izan zait behean gertatutakoa kontatzea, bonbak eroritako tokian»

Ekialde Hurbilera bidaia ugari eginikoa da Aranguren; sarritan kontatu du hango herritarren errealitatea, baina batez ere palestinarrena. Uste du kazetari batek ongi jakin behar duela hautatzen, eta «erne» egon behar duela aurretiazko usteekin.

SANDRA BARRILLARO.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2022ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Ez zuen kazetari izateko asmorik, baina jardun horretan aritu da urteetan Teresa Aranguren (Artziniega, Araba, 1944). Ekialde Hurbila izan du lagun, batez ere Palestinako egoera, eta, hango egoeraren berri emateko garaian, funtsezkotzat jo du besteen inguruko aurreiritziak puskatzea, xehetasunetara jotzea, tokian tokiko gizartea ezagutzea, eta bizi duten hori argi kontatzea. Zenbait errealitate batzen dituzten bi liburu ere idatzi ditu.

Lehen kontaktua egiteko Twitterrera jo, eta lehen pista: kazetaria eta idazlea zarela dio zure kontuak. Zuzena al da?

Bai, hori da oinarrian. Ez dakit idazletzat izendatuko nukeen neure burua, baina bai libururen bat idatzi duen norbaiten gisa.

Madrilen bizi zarela ere aipatzen da. Hala ere, artziniegarra zara sortzez.

Eta ez soilik jaiotzez, lotura emozional handia baitut Artziniegarekin, eskualdearekin eta Euskal Herriarekin. Madrilen lan egiten zuen aitak, eta han bizi ginen, baina familia Aiaraldekoa eta Bilbokoa genuen, eta lotura hori hor zegoen. Gainera, Artziniegan igarotzen genituen udak. Oso luzeak izaten ziren: eskola amaitu, eta hurrengo egunean joaten ginen, urrira arte. Beti diot nolabait hor zegoela benetako bizitza: oso askea izan naiz haurtzaroan eta gaztaroan. Horkoa izatearen kontzientzia, beraz, oso errotuta dago familian.

Jose Ametzola pilotariaren ilobetako bat ere bazara!

Parte bilbotarra da hori, amaren aldetik. Ez dut ezagutu, nahiko gazte hil baitzen, baina, hala ere, asko dakigu hari buruz. Badirudi xarma handiko pertsonaia bat izan zela, lagun asko egiten dituen horietakoa. 1900eko Olinpiar Jokoetara joan zen, Parisera, eta euskal pilotako urrezko domina irabazi zuen.

Zu ez zara pilotaria. Filosofia eta Letretan lizentziatu zinen. Ez dirudi kazetari izateko asmoa zenuenik...

Ez nindoan kazetari izateko bidean, ez... Ikasketak amaitzean Filosofia eskolak ematen ere aritu nintzen. Trantsizio urteak ziren, oso nahasiak, eta are gehiago irakaskuntzan. Irakasle ez-numerarioen greba garaia zen orduan, eta ni horietako bat nintzen; alegia, izendapenik gabeko irakaslea, kontratatua. Nire saila oso aktiboa izan zen garai hartan, eta hurrengo urtean ez gintuzten kontratatu. Beraz, orduan proposatu zidan senarrak kanpora joatea.

Eta Jordaniara joan zineten.

Bai, Yarmoukeko Unibertsitatean gaztelania irakurle zen bera, eta ni orduan hasi nintzen ezagutzen errefuxiatu palestinarren mundua, Jordaniako biztanleriaren zati handi bat 1948ko kanporatzearen ondorioz iritsitako errefuxiatuek osatzen baitute. Aktualitateko aldizkariek indar handia zuten garai hartan, eta bi erreportaje bidali nituen Espainiako Alderdi Komunistaren Mundo Obrero eta La Calle aldizkarietara. Publikatu zituzten, eta kazetaritzan jarraitzea ere eskaini zidaten.

Ordutik, leku askotan aritu zara lanean.

Lehenbizi, Mundo Obrero-n hasi nintzen, eta Interviu-rekin konbinatu nuen. Beti aritu izan naiz nazioarteko eremuan, batik bat arabiar-ekialdeko munduan. El Independiente egunkarian egin nituen gerora urratsak, jada nazioarteko arduradun gisa, eta, beraz, lan baldintzak ere seguruagoak ziren, 1980ko hamarkadaren erdialdera. Iran eta Iraken arteko gerraren berri ematera bidali ninduten, irandarrek Mendebaldeko prentsari atea pixka bat ireki ziotenean. Kazetari pila bat geunden han.

Hor bada datu bat ere: guztiak ziren gizonak, argazkilari libanoar bat eta zu izan ezik.

Bai, eta gauza bitxiak ere gertatu ziren. Gerran zegoen herrialde bat zen, eta, prentsaurreko batean sartzeko, adibidez, kontrolak zeuden. Baina, noski, libanoarra eta biok ezin gintuzten ukitu, eta beti itxaron behar izaten genuen kontrolatzen gintuen emakume kamarada bat iritsi arte. Okerrena zen ia beti atzerapenarekin iristen ginela joan beharreko tokietara.

Maskulinizatuta al zegoen gerra mundua kazetaritzari dagokionez?

Bai. Ez nintzen hor aritzen zen emakume bakarra, bazeudelako beste kazetari batzuk ere, baina ez zen ohikoa.

Eta, egun, nolakoa da egoera?

Nabarmen aldatu da, emakumezko korrespontsal eta berriemaile berezi asko baitaude. Argi eta garbi, hori positiboa da, bai ikuspegi feminista batetik, bai ikuspegi zabalago batetik. Badago begirada femenino bat: andreok, kulturagatik, tradizioagatik, historiagatik, prestatuago gaude xehetasunei antzemateko, egunerokoari erreparatzeko. Ez dut esan nahi begirada hori gizon batzuek ez dutenik, edo emakume guztiek dutenik, baina uste dut gerra batean oso garrantzitsua dela horrelako begirada bat.

Hala da zure kasuan ere?

Beti inporta izan zait behean gertatzen dena kontatzea, bonbak erortzen diren tokian. Gerrari buruz informatzeko orduan garrantzitsuena hura pairatzen dutenen berri ematea dela uste dut, zer dakarren gerrak, nolakoa den egunerokoa, zer egiten duen familia batek bonbardaketa batean etxea galtzean, seme-alaba baten heriotzaren lekukoa izatean...

Are, istorio horiek telebistan ere kontatu dituzu.

Telemadrid-en hasi nintzen, eta berriemaile berezia nintzen. Palestinara, Irakera eta Balkanetara bidaiatu izan dut maiztasun handiz, eta, egonaldiak hamabost egunetik hasi eta bi hilabetera artekoak izan zitezkeen, Belgraden egon nintzenean bezalaxe,NATOren bonben pean.

Bonbardaketak aipatuta, nolakoa da halako egoeretan lan egitea?

Pribilegiatua izan naiz lanbidean eta pertsonalki. Ekialde Hurbileko gizartearekin harremana izateak —batik bat palestinarrarekin, baina baita libanoarrarekin ere— bestelako ikuspegi bat eman dit; pertsona hobea egin nau. Eta, gainera, bada mugarri bat ere, Mundo Obrero aldizkariak Beirutera bidali ninduenekoa, 1982an. Senarra eta biok joan ginen, hil behar bazen ere biok batera hilko ginela esanda!

Ez da nolanahiko esana!

Ez, eta han gertutik ikusi nuen errefuxiatu palestinarren egoera: palestinar izatearen drama, eta, zure lurraldetik botata, zurea ez den herrialde batean egoteko esperientzia, Israelgo armadaren etengabeko erasoen eta jazarpenaren pean.

Harremanak ere egingo zenituen. Lanerako, garrantzitsua al da bertakoa ezagutzea?

Oso. Nik, esaterako, beti diot hara noanean familia ikustera noala hein batean, lotura oso estuak sortzen direlako. Kazetariok erantzukizun handia dugu, kazetari ez den jendeak ez duen tribuna bat baitaukagu. Gure betebeharretako bat da informazioa eman aurretik ahalik eta gehien informatzea: nori buruz hitz egin behar dugun, zein eremutan, kulturatan eta gizartetan. Ez naiz fio soilik han egon direla esaten dutenekin, autoritate froga gisa-edo: egote hutsak ez du ziurtatzen egoera ulertzea. Eta horrek batik bat Mendebaldekoentzat balio du.

Begirada aldatu behar al da?

Besteen inguruan ditugun aurreiritzi eta estereotipoekin jardun ohi dugu, eta, beraz, hori berrikusteko eta begirada irekiago bat izateko aurretiko garbiketa lanik egin ezean, baliteke benetako errealitatea ez ikustea.

Beraz, ondo hautatu behar da arreta non jarri ere.

Jakina. Erne egon behar dugu. Posible da baliozkoa iruditzen zaigun inpresioak markatzea bakoitzaren bidea, baina, adi: inpresio hori norberaren aurretiazko ideien ondorioa izan daiteke, eta ez ikusten ari zarenarena.

Eta horretarako baliabideak ere behar dira. Atzera eginda, nolakoa zen jardunean aritzea?

Oso zaila. Batzuetan, arineketan gogoratzen dut neure burua, batik bat telebistako lanetan. Izan zenitzakeen irudi eta istorio ikusgarrienak, baina lanak bidaltzeko satelite denbora bat erosi behar izaten zen, eta, beraz, garaiz iritsi ezean... Ez zegoen Interneterako sarbiderik ere. Baina, orain, hori guztia desagertu da.

Ba al duzu oroitzapen jakinik?

Irakera joateko izan nuen lehen telefono satelitearen bat. Pisutsua zen, maleta batean gorde behar zen, eta orientatu behar zen antena bat ere bazuen. Imajinatu egoera: Irakeko basamortuan parafernalia hori guztia egiten... Espioi perfektuak izan gintezkeen, zalantzarik gabe! Niretzat, amets bat izango litzateke oraingo baliabideak eskura izatea, baina, dena den, uste dut kronika on batean garrantzitsuena dela kontatzen dena, kontatzen jakitea.

Bada, nola kontatu behar da?

Kronika bat berezi egiten duena da kazetariak teknika narratiboa izatea, harrapatzen jakitea, arreta lortzeko gaitasuna izatea, eta, aldi berean, daturik esanguratsuenak hautatzea; garrantzitsua da aukeratzeko gai izatea. Kazetariak argia izan behar du, eta arduratu behar du esaten duena ulertzen dela bermatzeaz. Horretarako, noski, aurretiazko prestakuntza bat ere behar da.

Kontatzeko bidean, bi liburu ere idatzi dituzu.

Palestina, el hilo de la memoria (Palestina, memoriaren haria) da lehena. Beiruten nengoela erabaki nuen idaztea, 1982an, baina hogei urte igaro ziren argitaratu arte: heltzen utzi nuen. Esperientzia pertsonala datu historikoekin uztartzeko modu bat izan zen, eta azpimarra egiten dut jatorrian. Izan ere, gaur argitaratzen den edo bihar argitaratuko den albistea ulertzeko, jakin behar da nola hasi zen guztia. Olivo roto: escenas de la ocupación (Olibondo apurtua: okupazioaren eszenak) da bigarren liburua, fikziozkoa, banuelako irudipena kazetaritzako albisteetan muga batzuk daudela, eduki behar dituen horiek, alegia.

Are, argazki liburu baten egilekidea ere bazara.

Sandra Barrillaro argazkilari bilbotarrarekin batera sortua da Contra el olvido. Una memoria fotográfica de Palestina antes de la Nakba, 1889-1948 (Ahanzturaren aurka. Palestinako argazki memoria bat Nakba baino lehen, 1889-1948). Herririk gabeko lurralde bat hartu zela esan ohi da Israelgo Estatuaren sorrera justifikatzeko; bada, liburu honen asmoetako bat gezur handi hori desmuntatzea da, irudiekin.

Ez dira gutxi egindakoak. Utzi al duzu zerbait egiteko?

Gustatuko litzaidake arabiera ongi ikastea, eta erretiratu nintzenetik horretan nabil. Euskara ikasteko gogoa ere betidanik izan dut, baina banuen irudipena biak ikasten hasiz gero elkarrekin nahastu eta bien arteko hizkuntzaren bat sortuko nuela! Beraz, arabieraren alde egin nuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.