Paki Cortes. Ehorzlea

«Badirudi heriotzaz hitz egiten ez baduzu ez zaizula tokatuko, baina gezurra da»

Hilerrian egiten du lan ehorzle gisa, eta, hogei urteko ibilbidean, lurperatzeen eboluzioa ikusi du. Orain, hilerria prestatzen ari da Domu Santu eguna ospatzeko.

IÑIGO URIZ / FOKU.
itsaso jauregi 2
Iruñea
2023ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Paki Cortes ehorzleak (Iruñea, 1964) hilerrian lan egiten dutenen irudi goibel eta tradizionala hautsi nahi du: pala sorbaldan duten gizonak, bakartiak eta ilunak. Cortes duela hogei urte hasi zen Iruñeko San Jose hilerrian lanean, eta konturatu zen ehorzleen irudi ilun hori guztiz okerra zela. Heriotza hitza ez da xuxurlatzen lurperatzaileen artean, errutinazko kontua bihurtzen da, eta, batzuetan, umore pixka batekin tratatu ere bai. Domu Santu egunaren atarian, Cortesek eta haren lankideek hilerria prestatzen dute bisitan joaten direnentzat, nahiz eta urtetik urtera gero eta gutxiago izan. Belarra moztu, hilobiak garbitu, loreak prestatu eta hil direnak bisitatzera doazenak laguntzeko prest dago. Prestaketa guztiak egiten dituen bitartean, hilobietan idatzitako izenak irakurtzen ditu Cotesek; batzuk aspaldiko ezagunak, bera hilerrian hasi baino lehenagokoak. Beste izen batzuk lagun berri bihurtu dira.

Zergatik erabaki zenuen ehorzle izatea?

Hasieran, ostalaritzan lan egiten nuen, baina, oso gogorra zenez, utzi nuen; asteburuetan lan egiten nuen, ordutegiak oso txarrak ziren, jaiegunak ez ziren ordaintzen... Beraz, aldatu egin nahi nuen. Hilerrian ordutegia hobea da, nahiz eta asteburuetan lan egin behar den, eta probatzea erabaki nuen.

Hilerrira sartu zinenean, zein izan zen zure lehendabiziko inpresioa?

Banekien nolakoa izango zen, ez ninduen ustekabean harrapatu. Hilkutxa bat ikusten duenean, jendea larritu egiten da, baina niretzat lana besterik ez da. Gaia ez bada gogorra zuretzat eta hilerrian sartzean ez baduzu ezinegona sentitzen, lan egiteko leku ona da.

Nolakoak dira hilerriko lanegun arruntak?

Goizean, bulegoko arduradunek eguneko plana antolatzen dute. Langile guztietatik lauk astelehenetik igandera egiten dituzte ehorzketak. Lurperatzen ari direnek ere gorpuak atera beharko dituzte hobietatik, egun horretan tokatzen bada: horma hilobiak eta panteoiak prestatu. Gainerakoek mantentze lanak egiten dituzte: paperontziak hustu, zuhaitzak inausi eta belarra moztu, adibidez. Astero txandakatzen gara, eta denetarik egiten dugu denek.

Ehorzlea zarela esaten duzunean, zer iruzkin egiten dizkizute?

Harritzen dira. Normalean emakumeak ez dira aritzen lan honetan, lanbidea gizonei lotua egon baita oro har. Orduan, nik esaten dudanean ehorzlea naizela, ez dute espero.

Hasi zinenetik emakume ehorzle gehiago daude?

Egoera ez da asko aldatu, oso emakume gutxi gara oraindik. Gertatu izan zait gurdia nik eramatea, lankideak atzean egotea eta hilerrian zegoen norbaitek esatea: «Bi gizon hor, eta gurdia emakumeak eraman behar izatea ere!». Eta panteoi batean hilkutxa eramateko laguntza eskaini izan didate, uste baitute ezin dudala bakarrik egin. Ez dago konpondu ezin izan dudan panteoi bakar bat ere. Emakume gisa borrokatu behar izan dut erakusteko besteek egiten duten lan berbera egin dezakedala.

Lanbideari dagokionez, ezjakintasuna nagusitzen da?

Bai. Gustatuko litzaidake jendeak jakitea ez garela pertsona bitxiak. Ez dugu pala sorbaldan beti. Ehorzlearen irudia hori da: gizona, horma hobia eta pala sorbaldan. Irudi hori bete behar duzula dirudi.

Zeintzuk dira jendearen zalantza nagusiak zure lanbideari dagokionez?

Prozesua nolakoa den jakin nahi dute, batez ere errausketa prozesua nolakoa den. «Kutxarekin edo kutxarik gabe sartzen dituzue?», zalantza hori askotan entzun dut. Ezin dugu kutxarik gabe sartu. Ezjakintasunaren ondorioz, jendeak existitzen ez diren gauzak imajinatzen ditu. Heriotzaz hitz egiten ez denez, fantasia horiek sortzen dira.

Heriotzaren gaia tabua da?

Bai, baina ez luke hala izan behar. Oraindik nahiko tabua da, eta ezezaguna den horrek sortzen duen beldurragatik dela esango nuke. Badirudi heriotzaz hitz egiten ez baduzu ez zaizula tokatuko, eta hori gezurra da; denok hilko gara.

Bizitza eta heriotza elkarrekin doaz, beraz?

Bakoitza alde batean hasten da, elkar aurkitu eta batak besteari eskua eman arte. Hil egingo gara, hori da bizitzan dagoen gauza ziur bakarra.

Nondik sortu da heriotzaren beldurra?

Kontuan hartu behar da erlijioak zer-nolako eragina izan duen beldur hori hedatzeko orduan. Ni gero eta ateoagoa naiz. Txikitan ez ninduten mezatara joatera behartu, zorionez. Baina hilerrira mundu osoko apaiz asko etortzen dira ehorzketak egitera. Batzuk oso jatorrak dira, eta denaz hitz egin daiteke haiekin; beste batzuek, ordea, gero eta ateoagoa naizela berresten didate.

Heriotza presente dagoen lanbide bat edukita, zer egiten duzu deskonektatzeko?

Ez da deskonektatzea; egoera beste modu batera ikustea da; bestela, ezinezkoa izango litzateke ehorzlea izatea. Hilerrian dagoen jendea bezala biziko bazenu, ez litzateke posible izango. Gauzak ikusteko modu praktikoa da: ea zer moduz doan eguna, ea nola antolatzen garen... Baina ezinezkoa da guztiz deskonektatzea. Errutinaren parte bihurtzen da.

Zer teknika erabiltzen dituzu?

Saiatzen naiz ahalik eta datu gutxien izaten; ez dakit hil dena gaztea edo zaharra den, gizona edo emakumea den. Zenbat eta gutxiago jakin, hobeki: orduan eta gutxiago sentitzen eta sufritzen dut. Hurbileko norbait hiltzen denean, denek bezala sentitzen dugu, noski. Baina lanean etortzen diren hildakoak kutxak dira guretzat: ehorzketa bat dugu 11:30ean.

Heriotzaz irri egin behar da?

Bai. Ehorzleon umorea oso bihurria eta maltzurra izan daiteke. Urtero egutegi batzuk egiten ditugu, «Ehorzleak urte ona opa dizu» esaldiarekin, eta aurtengo irudian eskeleto bat agertzen da, esku odolduekin bihotz baten itxura egiten.

Nolakoa da Domu Santu eguna?

Oso goiz hasten gara lanean, oraindik gaua denean. Hilerriko kale guztiak garbitzen ditugu, eta zakarrontziak prestatu, jendea oso goiz etortzen baita panteoiak eta horma hilobiak garbitzera; zabor asko sortzen da. Ondoren, loreak banatzen dituztenekin hitz egiten dugu, eta goiz osoan hilerrian bueltaka ibiltzen gara. Bazkaldu ondoren, ehorzteko jantzia jarri eta hilerritik paseatzen gara, jendea ondo dagoela ziurtatzeko.

Hasi zinenetik, eguna ospatzeko modua aldatu da?

Bai. Gero eta jende gutxiago etortzen da, asko aldatu da. Oholtza jartzen dugu, eta meza bat egiten da. Beti gertatzen da zerbait egun horretan, ez gara aspertzen: askotan adinekoren bat erortzen da. Lehen, kandelen ondorioz istripuak egoten ziren; orain, kandelak debekatuta daude, suteak sor daitezkeelako. Urtu egiten dira, loreetara erori, eta dena erretzen dute. Jende zaharra etortzen da orokorrean; uste dut hurrengo belaunaldietan galtzen ari dela ohitura.

Dolua eramateko modua ere aldatu da?

Guztiz. Lanean hasi nintzenean, jendea ilundu arte geratzen zen hilerrian Domu Santu egunean. Lehen, dolua era zorrotzean eramaten zen; koloretako arropa bazenuen, hildakoaren familia iraintzen zenuen. Erlijioarekin lotuta dauden erritu eta ohitura horiek aldatu edo indargabetu egin dira. Kristau erlijioak oraindik ez du ontzat jotzen gorpuak erraustearena, baina gero eta kristau gehiago erretzen ditugu.

Errausketak gero eta ohikoagoak dira?

Askoz gehiago. Batzuek argi dute lurperatzea nahi dutela, baina, gaur egun, ohikoagoa da erraustea. Garbiagoa, erosoagoa eta azkarragoa delako erabakitzen du jendeak erraustea.

Ehorzketak ere aldatu dira?

Bai. Hilerria eboluzionatuz doa. Duela ez asko, gune bat egin zen musulmanentzat, Mekara begira egon behar dute eta. Bitxiena da haurrak lurperatu behar badituzte haiek arduratzen direla prozesuaz. Kutxa txikiak, ura eta harriak hartzen dituzte, eta dena ixten dute.

Lanbideak moldatu egin du heriotzarekin duzun harremana?

Bai, eboluzio bat egon da. Gauza bat argi daukat: hiltzen naizenean, ez dut nahi beilatoki batetik pasatzea eta jendeak nire gorpua ikustea. Hilda zaude, baina erakusleiho batean bezala. Gogoratu nazatela nintzen bezala, eta kito. Eta gutxienekoa egitea nahiko nuke: ez dut lore koroarik nahi. Lore txiki bat jar dezatela kutxa gainean, erre nazatela, eta errautsekin nahi dutena egin dezatela.

Heriotzak pribatua izan beharko luke?

Niretzat bai. Hiltzeko kutxa bat, auto bat eta labe bat baino ez dira behar. Horiek ezinbestekoak dira: gainerako apaingarri guztiak ez dira beharrezkoak.

Zer da zure lanetik gehien gustatzen zaizuna?

Jendeak eskerrak ematea. Horrek esan nahi du gauzak ongi egin dituzula. Norbaitek edozer gauza galdetu eta laguntzeko aukera dudala ikusteak poztu egiten nau. Nire lanaren gauzarik politena zera da, ikus dezakedala kultura desberdinetako jendeak nola lurperatzen dituen maite dituenak eta zer erritu duten horretarako. Ahal dudan neurrian laguntzen diet.

Zein da zure lanbidean ikusi duzun gauzarik bitxiena?

Asko izan dira. Adibidez, Opus Deikoen hiletetan, hildakoa emakumea bada, emakumeak bakarrik etortzen dira hiletara; eta gizona bada, gizonak bakarrik. Emakume bat hiltzen bada, baliteke hurbileko bi gizon egotea, baina ez da ohikoa. Bitxia iruditu zitzaidan. Hilerrian egun aspergarririk ez dago, beti gertatzen da zerbait: apaiza ez da garaiz iristen, dena berandu hasten da, zerbait galtzen da bidean...

Lanbidea gutxietsita dago?

Lanbidearen atal bat bai, bestea ez. Hobitik ateratzearen atzean dagoen lana ez da ikusten, eta oso lan gogorra da. Horma hobia ireki behar bada, plaka hautsi, kutxa atera, hondarrak hartu, eta poltsa batean sartu. Prozesu hori nahiko gogorra da. Gero, panteoietan egin beharreko lana dago: barrura sartu behar dugu, eta hesiak ondo garbitu.

Hilobietako izenak gogoan dituzu?

Bai. Etengabe ari zara izen-abizenak irakurtzen, eta beti egoten da atentzioa ematen dizun norbait.

Hilerrian badago ohiko pertsonaiarik?

Aurpegi ezagunak daude, baina lehen ohikoagoa zen. Egunero etortzen zen emakume zahar bat,beltzez jantzita, eta bi musu ematen zizkidan. Jada hil den gizon bat ere gogoan dut, askotan etortzen baitzen hilerrira. Pipa erretzen zuen, eta jainkoa ikusten zuela uste zuen; oso tipo jatorra zen, baina bitxia. Behin apaiza ez zen etorri, eta gizon horrek egin zuen zeremonia, eta, amaitu zuenean, zera esan zuen: «Ehorzleak, lurperatzera!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.