Teknologia berri esaten zaien horiek dagoeneko berritik gutxi duten bezalaxe, haikuak aspaldietan erantzi zuen Ekialde Urruneko poesia molde arrotzaren kutsua. Mundu osoak beretu, barreiatu eta egokitu du, eta euskal idazle batzuk ere haikulari edo haijin aipagarriak dira. Euskaltzaindiaren hiztegiak jasoa dauka haiku hitza, eta honela definitzen du: «Jatorriz Japoniakoa den olerki mota, 5, 7 eta 5 silabako hiru lerroz osatua dena». Metrika kontu horiek, ordea, ez dira erabat zurrunak haikuetan: bertso lerroak neurriz malgutzera jotzen da usu (batik bat japonieraz besteko hizkuntzetan), eta, bestalde, Vicente Haya adituak esana da haiku klasikoen erdiak baino gehiago ez direla egokitzen 5-7-5 eskeman. Ematen du metrika hori bereizgarritzat hartzea gehiago dela Mendebaldeak haikua bere egiteko ezarritako zigilua, ezen ez berezko tradizioaren konbentzio orokor eta natural bat. Haikua munduan barrena zabaltzen hasiz geroztik, Mendebaldeak eskuarki haren alde formalari baino ez dio erreparatu, beste hamaika ñabardurari gabe. Badirudi haikua kasik ahapaldiaren gradura beheititu dela hedatu ahala, akaso hedaduraren beraren trukean.
Baina metrika hutsa baino gehiago da haikua. Zer, ordea? Definizio zehatz eta trinkoek eskapo egiten dute beti, haikuak berak atzitu nahi duen zer poetiko harrapaezin horrek bezalaxe (maiz pintura inpresionistarekin konparatzen da, adibidez). Urtaroen igaroa eta mundu naturalaren detaile xumeak imajinatu ohi dira haikuaren iruditerian; naturaren objektu hutsak beren biluzean atzitzen ditu poemak, istant poetiko iheskorraren xerka eta poetaren ni-a ezabatu nahirik. Lotura estua du, preseski, zen pentsamenduarekin eta Ekialdeko beste hainbat filosofia korronterekin. Alde espiritual eta iheskor horri dagokionez, Kenneth Yasuda ikerlariak esan zuen Mendebaldeak lanak izaten dituela haikuaren iruditeria bat-batekoa eta konkretua harrapatzen: «Beharbada [mendebaldarrek] kritikatzen duten viktorianismoaren beraren arrasto gisa, poemek nolabaiteko interpretazio esplizitu bat behar dutela iruditzen zaio ez bakarrik irakurleari, baita poetari ere».
Abangoardiaren interesa
Arrasto guztien arabera, aurreneko haijin mendebaldarra Hendrik Doeff izan zen (1777-1835), Japoniarekiko salerosketan aritzen zen merkatari holandar bat. Han bizi izan zen 1803tik 1817ra, Nagasaki badiako Dejima uharte artifizialean, Herbehereek bertan zuten merkataritza postuko buru (mendebaldarrak uharte artifizialean geratzen ziren, oro har ez baitzieten permititzen Japoniako lurrak zapaltzen). Doeffek interes handia izan zuen Japoniako kulturan eta hizkuntzan, eta, nederlandera-japoniera hiztegi bat osatzeaz gainera, pare bat haiku behintzat argitaratu zituen, japonieraz. «Utzi zure beso/ tximista bezain azkarrak/ biderako kuxintzat». Poema hori eskribitu zuen behin batez tofua abaila bizian mozten ari zen neska bat ikusi zuenean. Nolanahi ere den, Doeff salbuespentzat jo daiteke, haikua ez baitzen munduan zabaltzen hasi XX. mende ingurura arte, noiz ere abangoardia artistikoekin lotutako hainbat poetari interesa piztu baitzitzaien haikuaren formari eta forma horrek ematen zituen aukerei buruz. Iragan mendean haikua landu zuten poeta (ez-japoniar) ezagunenen artean daude, besteak beste, Rainer Maria Rilke, Federico García Lorca, Paul Claudel, Octavio Paz, Beat belaunaldiko Allen Ginsberg eta Jack Kerouac, bai eta Rabindranath Tagore ere, besteak beste. Arabieraz, berriz, berriki kaleratu zen lehen haiku sorta, 2010. urtean.
Haikulariez mintzo, ordea, dudarik gabe Matsuo Basho haijin japoniarra (1644-1694) da haikuen maisurik entzutetsuena. «Adar ihartuan/ Belea pausatu da;/ udazken arrats». Bashoren poemarik ospetsuenetako bat da hori, Ibon Uribarrik japonieratik zuzenean ekarria (5-7-5 eskeman ekarri ere) Senez aldizkariaren 2007ko alerako. Bashorekin heldu zen haikua garapen formal betera; haren oinarrian dago hakai no renga izeneko olerki forma luzea, zenbait poetak tartekatu ohi zituzten ahapaldiz osatua. Hakai horien lehen ahapaldia, hokku izenekoa, beregain agertzen hasi zen Bashoren garaian, eta hortik dator egun haiku esaten dioguna. Formaz gain, Bashori aitortzen zaio ezen ordu arte ikusi gabeko sotiltasuna, elegantzia eta sakontasun emozionala eman zizkiola haikuari.
Bashoren lanen artetik euskaratua dago, Uribarrik itzulitako sortatxoa ez ezik, baita haren maisulantzat jotzen dena ere: Okuko bidezidorra, Igela argitaletxean aterea 1990eko Lau bidaia liburuan, Joseba Urteagaren zeharkako itzulpenean. Okuko bidezidorra idazlana haibun bat da, hau da, bidaia egunkari bat haikuz tartekatua, itxuraz sinplea baina ezinago sotila, eta fintasun gozo eta liriko batez uztartzen dituena hitz laua eta neurtua. Kenji Miyazawa XX. mendeko poeta japoniarrak esan omen zuen lan horrek Japoniaren arima bera harrapatzen zuela, Japoniak berak idatzia balitz bezala. Okuko bidezidorra izenburuan bertan badago hitz joko bat oku hitzarekin, eta igual horixe izango da haikuaren definiziorik zehatzena. Uribarrik esplikatzen duenez, «Oku-ra, hots, barnealdera, hau da, ipar-mendebaldera daraman bidezidorra [da], edo barnealdera, hau da, norberarengana daraman bidezidorra». Hona hemen bidezidor horren pasabide bat:
«Udazkeneko ilargia?
Promes eta zin hautsiak,
Ipar aldakorra».
Literatura
Haikuaren bidezidorretan
Literatura forma laburrak aparretan dabiltzan honetan, haikuen poesia mikroipuinen eta bestelako genero laburren zaku berean sartzen dute askok. Zabalkundea gorabehera, ordea, haikuak badauka sakontasun diferente eta esplikaezin bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu