Aste erdian heldu zen albistea: Suitzako Frauenfeld Rocks jaialdiko emanaldia bertan behera utzi zuen Metallicak asteazkenean, taldeko kide baten senide batek COVID-19an positibo eman zuela eta. Eta hor piztu zen alarma, ea eroriko ote zen Bilboko emanaldia ere. Herengun, ordea, espero bezala aritu zen taldea Belgikan ematekoa zen kontzertuan, eta horrekin uxatu dira zalantzak: San Mamesera helduko da gaur heavy metalaren izen handienetakoa. Lau hamarkadako ibilia ospatzen ari da taldea aurten, eta eurak izango dira Bilbo Bizkaia Rock Day jaialdiaren kartelburu gaur. Antolatzaileen esanetan, baina, generoan dabiltzan adar eta adin tarte askotarikoei egin nahi izan diete leku, eta ondotik ariko dira, hala, Niña Coyote eta Chico Tornado, Nothing But Thieves, The Hellacopters eta Weezer taldeak ere — 45.000 zale inguru espero dituzte—. Live Nation promotoreak antolatu du jaialdia, Bilboko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin batera, eta, lerro hauek idazteko orduan, sarrera gutxi batzuk geratzen dira oraindik salgai.
15 urteren ondoren helduko da Metallica Bilbora —2007an jo zuen azkenekoz, Bilboko BBK Live jaialdian—, eta zaleek gogoz hartu zuten iragarpena hasieratik. 1981ean sortu zen taldea, Los Angelesen (Kalifornia, AEB), eta Lars Ulrichek (bateria) eta James Htfieldek (gitarra) segitzen dute ordutik; aurrerago batu ziren Kirk Hammett gitarrista, 1983an, eta Robert Trujillo baxu jotzailea, 2003an.
Urtemuga dela eta, bira berezia egiten ari dira aurten, eta Europan jada Pragatik, Hockeinheimetik (Alemania) eta Val del Moinetik (Frantzia) igaro dira —Madrilen izango dira asteazkenean, Mad Cool jaialdian—. Bi ordu inguruko emanaldiak eskaini dituzte horietan —hamahiru kantu gehi hiru bis—, eta, ezustekorik ez bada, gisa berekoa espero da gaurko kontzertua ere. Erritmo azkarreko Whiplash kantarekin hasi dituzte aurreko kontzertuak, eta Creeping Death, Enter Sandman, Cyanide, Harvest of Sorrow, For Whom the Bells Toll eta Trapped Under Ice dira jo dituzten beste abestietako batzuk; nola ez, baita Nothing Else Matters eta Master of Puppets sonatuak ere.
The Regrettes, kanpoan
Kartelburuari eutsi badiote ere, izan da bertan behera geratu den izenik gaurko jaialdian: Lydia Night buru duen The Regrettes taldearena, hain justu. Haiek ziren jaialdiari hasiera ematekoak, baina Niña Coyote eta Chico Tornado ariko dira haien ordez lehen orduan, 16:00etan. Haien ostetik helduko dira Nothing But Thieves britainiarrak (17:00) eta The Hellacopters suediarrak (18:30), eta, Metallicaren aurrekoetan azken, Weezer ariko da (20:00), Rivers Cuomo abeslari eta gitarra jotzaileak gidatzen duena eta pandemia aurreko azken BBK Live jaialdiko kartelburu izan zena.
Zalantza egunen ondotik, San Mamesen izango da gaur Metallica
Niña Coyote eta Chico Tornado, Nothing But Thieves, The Hellacopters eta Weezer ere ariko dira. 45.000 zalerentzako tokia dago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu