Bertsolari Txapelketa Nagusia. Finalaurrekoak

Ez da ate ondoan geratu

Amets Arzallusek Bilbon irabazi ondoren, erabakita gelditu da finala. Harekin batera ariko dira Illarregi, Ibarzabal, Gaztelumendi, Colina, Mendiluze, Martin eta Lujanbio

Illarregi finalerako sailkatu da bere lehen txapelketa nagusian. M. RAMIREZ / FOKU.
Miren Mujika Telleria.
Bilbo
2022ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
«Anttoni, Anttoni/ ate ondoan nago ni». Hala hasi zuen Amets Arzallusek atzo Bilboko Bizkaia pilotalekuko saioa. «Ai Antton, ai Antton, ate ondoan hor konpon». Izan ere, finalaren atean zegoen ordura arte, eta atzokoak erabakiko zuen Bilbotik Iruñerako atea gurutzatuko ote zuen edo ez. «Segi jotzen eta/ ea barrura zatozen». Barrura sartu da, azkenik; eta ale politak utzita, gainera.

 



 

662 puntu eskuratuta nagusitu zen beste bost bertsolarien aurretik. Puntu bakarrarengatik gailendu zitzaion bigarrenari, Aitor Mendiluzeri (661); Jone Uriak egin zuen hirugarren, 637,5 punturekin; eta Joanes Illarregik laugarren (621). Maddalen Arzallus izan zen azken-aurren, 609,5 puntu eskuratuta; eta Saioa Alkaiza azken, 608,5 punturekin. Horrenbestez, erabakita dago zein zazpi bertsolari arituko diren Maialen Lujanbiorekin batera Nafarroa Arenako oholtzan: Alaia Martin, Aitor Mendiluze, Sustrai Colina, Beñat Gaztelumendi, Amets Arzallus, Nerea Ibarzabal eta Joanes Illarregi.

Mendiluzek eta Arzallusek ekin zioten saio puntuagarriari. Hamarreko txikian kantatu behar zituzten hiruna bertso, eta alderdi bereko politikari bi gorpuztea egokitu zitzaien. Gaiaren arabera, luzaroan alkate izandakoa zen Mendiluze, eta azken udal hauteskundeetan Arzallus izan zen zerrendaburu. Irabazi, eta alkate postua lortu zuen. Mendiluzeri deitu behar zion eskualdatzea adostu eta abiatzeko. Alkate ohiak abiatu zuen bertsoaldia: «Ohitu nintzen onera/ ta ohitu txarrera/ gaur eskuinez kargua/ pasa ta aurrera/ beste zerbait pasako/ dizut ezkerrera». Mahai azpitik dirua eta gainetik papera pasatzen ziola azaldu zuen segidan Arzallusek: «Hala afiliatu ginen/ gu PNVra/ alkatetza hartzeko/ hauxe dut galdera:/ oraindik kutxan zerbait/ gelditzen ote da?». Hau erantzun Mendiluzek: «Zuk nahi zenuke kutxan/ asko izatea/ nik horren kontu bizi/ ta bapo jatea/ norberak hustutzen du/ norberak betea». Azkenik, dirua nora bideratuko zuen zehaztu zuen alkate berriak: «Ongi zainduko ditut/ nagusi ta kapo/ eta diru partidak/ eraikuntzarako/ eta azken papurrak/ euskerarentzako».

Ikusi gehiago:Punturik ez soberan

Zortziko handia izan zuten hurrengo lana. Fin aritu zen Mendiluze hor ere. Alkaizarekin osatu zuen bertsoaldia, eta ale ederrak utzi zituzten biek. Idoia Anzorandiak jarritako gaiaren arabera, grebarako goizeko bostetan jaikitako metalgintzako bi langile ziren. Grebarako indarrak hartuta, Alkaiza izan zen gaia erantzuten aurrena, eta oihu eta jipoi artean egin zuen unearen argazkia: «Gu metalaren sinbolo gara/ erraza dugu laburtzen/ gori ipintzen gaituzte baina/ ezkara erraz makurtzen». Borrokarako gogoz agertu zen Mendiluze ere, eta hala azaldu zuen kantuz: «Ni zure ondoan nago, Saioa/ baina ez zu bezain pozik/ hau eztelako aukera on bat/ aukera bakarra baizik». Garaile aterako direla pentsatuta bota zuen hurrengo bertsoa Alkaizak: «Pentsa dezagun irabazlea/ izanen dela metala/ ta lehen muga botako dugu:/ geronen muga mentala». Etorkizunari mesfidati begiratzen zion, nolanahi ere, Mendiluzek: «Nahiago nuke nik ere banu/ geroan zuk adina fede/ egin ditzagun amets libreak/ ametsak beti mesede/ baina borroka honek behar du/ errealitatetik ere».

Zortziko txikian jardun ziren ondoren, eta ateraldi politak izan zituzten sei bertsolariek. Illarregiren biloba zen Arzallus, eta ohartuta zegoen aitonak tranpak egiten zizkiola karta jokoan. Eskoba jolasean ari zirela zehaztu zuen Arzallusek aurrena: «Kartak juntatu eta/ hamabost osatzen/ aitona, atera kartak/ pentsatzera goazen/ 6 urte dauzkat baina/ badakit kontatzen». Eskarmentutik mintzatu zitzaion, ondotik, aitona: «Ta aurpegia hara/ nola aldatu zaizun/ zuk ilusioz ekin/ nik tranpaz erantzun/ bizitza ze gogorra/ den jakin dezazun». Metafora batez egin zion burla ondorengo bertsoan Arzallusek, kartetan tranpa eginagatik ere, adinari tranpa egitea kosta egingo zitzaiola esanaz. Eta, azkenik, tranpa bakarra harrapatu badio ere, aurretik beste hamar egin zizkiola aitortu zion Illarregik.

Futbolaz ganbarakoan

Ganbarakoa izan zuten egin beharreko hurrengo ariketa, eta gai honen gainean kantatu behar izan zuten: «Kanporatu egin zintuzten. Bizitza erabat aldatu zaizu». Nondik kanporatu zituzten, baina? Eta zertan aldatu zitzaien bizitza? Bada, horri erantzun zieten. Eta nola egin, gainera.

Haur zenetik futbolean aritutako pertsona baten larruan jarri zen irabazlea. Kirol horretan gozatu arren, txarra zela esaten ziotela abiatu zuen bertsoaldia: «Nik banekien Bartzelonatik/ ez nituela deitzear/ maiz entzun nuen 'Hi txarra haiz' ta/ egin beharko dut negar/ plazera hartzeko bezain on nintzen/ ta enuen gehiago behar». Futbolerako gaitasun berezirik ez izan arren, «pozik» jolasten zela azaldu zuen bigarren bertsoan: «Makala nintzen, baldarra nintzen/ dena aitaren herentziz/ nahiz ta askotan galtzen genuen/ ta batzutan diferentziz/ pozik nentorren txokolatezko/ bokadilo bat irentsiz». Taldetik kanporatu zutela esanez amaitu zuen hirugarren bertsoa: «Garitanoren niki zahar bat/ bi hizki bistan doi-doia/ nahiz kanporatu ninduten eta/ han bukatu zen lehoia/ nik bizitzari hanka tartetik/pasatzen diot baloia».

Uriak ondu zuen ariketa ere nabarmentzekoa izan zen. Arzallusez bestelako bide batetik jo zuen berak. Fakultatetik kanporatu zuten katedratiko ospetsu baten azalean jarri zen bera, eta bizitza nola aldatu zaion azaldu zuen bigarren bertsoan: «Nola aldatu zitzaidan/ dena une horretan, ai/ orain dena da ezikusi/ begiratu eta epai/ ni lehen nintzen edonori/ bere ahoa ixteko gai/ ta orain bere parean/ inork enau ikusi nahi». Merezitako txalo zaparrada baten artean amaitu zuen bere saio puntuagarria: «Ustez hilko nintzen noizbait/ izanik denen jainkoa/ baina harrapatu ninduten/ eta gauza logikoa/ badut jubilazio bat/ hori omen da ohikoa/ bidali ninduten eta/ eginda numeritoa/ baina orain naiz gixajo/ triste ta patetikoa/ hau izango da entzuten den/ justizi poetikoa».

Nahiz eta ez den finalera sailkatu, ale gozagarriak utzi ditu jokatu dituen hiru saioetan: Donostian, Irunen eta, atzo, Bilbon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.