Bengoetxea VI.a 12-22 Altuna III.a

Zauria sendatzen ari da

Jokin Altunak nagusitasunez irabazi dio Oinatz Bengoetxeari, eta bosgarren aldiz jarraian jokatuko du lau eta erdiko finala

Jokin Altuna garaipena ospatzen, atzo, Bilbon, Miribilla pilotalekuan. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Julen Etxeberria.
2020ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Pilotakadak. 241.
Iraupena. 53.11.
Sakez. Bengoetxea VI.ak bat; eta Altuna III.ak batere ez.
Egindakoak. Bengoetxea VI.ak, zortzi; eta Altuna III.ak, 11.
Galdutakoak. Bengoetxea VI.ak, 11; eta Altuna III.ak, lau.
Markagailua. 0-3, 7-3, 7-7, 8-7, 8-10, 9-10, 9-20, 11-20, 11-21, 12-21 eta 12-22.
Bestelakoak. Ez zen ikuslerik izan Miribillan, eta Enpresen Ligaren arabera, hala izango da lurralde gehienetan ikusleak egoteko aukera egon arte. Apustuak Altuna III.aren alde atera ziren nabarmen: 100-40ri.

Ez dago gaitzik onik ez dakarrenik. Koronabirusaren pandemiaren ondorioz, erabat estutu da pilota jarduna. Etenik gabe ari dira jokatzen txapelketa guztiak, eta horrek aukera ematen du porrotak ohi baino lehenago ahaztu eta aurrera begira jartzeko. Horixe egin du Jokin Altunak: lau eta erdikoan buru-belarri jardunda ari da sendatzen banakako finalean Erik Jakaren kontra galtzeak eragindako zauria. Sufritzen jakiten ari da, eta behar denean kolpea ematen. Horri esker, banakako txapela gabe geratu eta hiru aste eskasera, beste final baterako sailkatu da; bosgarrena du jarraian lau eta erdikoan. Lorpen itzela da hori. Inork ez du egin halakorik. Aurreko lauretatik bakarra irabazi du, eta hiru galdu. Bolada txar hori aldatzen eta bigarren txapela irabazten saiatuko da datorren igandean, Bilbon. Joseba Ezkurdia edo Jaka izango du aurkari. Bi pilotariok gaur jokatuko dute Eibarren (Gipuzkoa), 18:00ak inguruan (ETB1).

Oinatz Bengoetxea kanporatuta ariko da Altuna III.a txapela irabazteko lehian. 22-12 hartu zuen mendean atzo, Bilbon. Argigarria da emaitza, amezketarraren nagusitasunaren isla. Oso partida serioa jokatu zuen, gorabeherarik gabekoa. Bengoetxea VI.a, ordea, bere estilo ausartari leial izan zitzaion beste behin. Arriskatu egin zuen, eta asmatu, batez ere hasieran, fresko zegoenean, baina, lehiak aurrera egin eta tanto biziak bata bestearen atzetik jokatu ahala, hauspoa galduz joan zen, eta hutsak egiten hasi: 11 egin zituen guztira; asko. Eta Altuna III.ak bikain aprobetxatu zituen.

3-7tik 20-9ra

Serio, oso serio aritu baitzen Aspekoa, hasi eta buka. «Oso kontziente nintzen partida oso zaila izango zela. Horregatik irabazi dut», aitortu zuen neurketa bukaeran. Danel Elezkanoren aurka ez bezala, ondo ekin zion partidari: 3-0. Baina kanpora bidali zuen pilota bat, eta Bengoetxea VI.ak hartu zuen sakea. Pilota erabili gabe zegoela baliatuta, min egiten hasi zen. Ausart jokatu zuen, arriskatuz, beti bezala, eta konturatu orduko zazpi tanto eginak zituen jarraian: 3-7. Baina, finalerdietan bezala, Altuna III.ak hotz izan zuen burua, eta, sakearekin asmatuz eta neurketaren aginte makila sendo hartuz, buelta eman zion emaitzari. Nola, gainera: 17-2ko partziala lortuta (20-9). Kito. Akabo partida. «Azken hiru asteak oso aberatsak izan dira. Gaur, une oro sinetsi dut neure aukeratan», aitortu zuen Altuna III.ak. Bengoetxea VI.ak, berriz, aurkariaren nagusitasuna onartu zuen.

Lehen Mailako finala gaur geratuko da zehaztuta. Promozio Mailakoa, berriz, herenegun gauean geratu zen zehaztuta: Aitor Elordik eta Julen Egigurenek jokatuko dute, datorren larunbatean, Tolosan (Gipuzkoa). Elordik 22-13 irabazi zion Javier Zabalari finalerdietan, eta Egiguren V.ak, 22-15 Dario Gomezi.

Bestalde, Jon Mariezkurrenak Asperekin jokatuko du binakakoa. Baikoko pilotari ohiak eta Aspek bost hilerako kontratua adostu dute, eta, gero, enpresak beste eskaintza bat egingo dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.