Osasuna. Perez; Vidal, D. Garcia, U. Garcia (Ramalho, 54. min), Sanchez; Oier, Torro (Moncayola, 45.min), Perez (Martinez, 80. min), Torres, Barja (Jony, 80. min); eta Gallego (Budimir, 69. min).
Reala. Remiro; Gorosabel, Aritz, Le Normand, Monreal; Gebara, Zubimendi; Oiartzabal (Barrenetxea, 82. min) Silva (Fernandez, 74. min), Portu (Januzaj, 80. min); eta Isak (Lopez, 89.min).
Golak. 0-1. Isak (86. min.). Epailea. Figueroa Martinez. Txartel horiak Osasunako Gallegori.
Realak, iazko sasoian bezalaxe, Ligako azken partidako hatsean lortu du Europako Ligara sailkatzea, atzo Osasunari 1-0 irabazita, Sadarren. Oro har, Imanol Alguacilen taldea nagusi izan zen partidan, baina gola sartzea izugarri kostatu zitzaion, harik eta 86. minutuan saria jaso zuen arte, Alexander Isaken eskutik. Garaipenaren gola sartu zuen suediarrak, eta gisa horretara biribildu dute aurtengo denboraldia txuri-urdinek. Egun aparta txuri-urdinentzat, Reala Bk Bigarren Mailara igotzea lortu baitzuen.
Demaren atarikoan, Imanol Alguacil Realeko teknikariak argi esan zuen ez zirela jolasera joango Iruñera, eta Jorge Figueroa Martinez epaileak txistua jo orduko baieztatu zen hori. Hasiera-hasieratik, baloiaren jabetza Realaren aldekoa zen, eta, ibilian-ibilian, txuri-urdinek izan zituzten partidako lehen abaguneak; lehenengoan, Isakek erdiraketa pozoitsua bezain zitala egin zuen, eta Osasuna atzelariek hala moduz urrundu zuten; bigarren aukera are handiagoa izan zuten. Portuk eskuin hegaletik erdiraketa egin ostean, Ander Guevarari oinetara heldu zitzaion baloia; gasteiztarrak, ordea, baloia gora bidali zuen.
Osasunako jokalariak atzean sartuta zeuden, eta, nola edo hala, kontraerasoan atera nahi zuten baloia. Reala, berriz, serio atera zen zelaira, eta soseguz zebiltzan donostiarrak, batez ere eskuinetik sortutako ahaleginen bitartez. Atea zulatzea falta zitzaien, ordea. Partidak aurrera egin ahala, Realari jokoa nahasi zitzaion, Osasunaren mesederako; pauso bat aurrera egin zuen, harik eta Alex Remiroren atera aurrenekoz iritsi ziren arte. Kike Barjak sekulako zartakoa eman zion baloiari, baina langatik gora joan zitzaion. Lehen zatiko hondarrean, Arrasateren taldea indar nahiz gogortasun handiarekin lehiatzen ari zen arren, hutsean heldu ziren atsedenaldira.
Realaren erauntsia
Bigarren zatiaren hastapenean ere Realak hartu zuen demaren lema, eta aurkariaren areara ere sarriago heltzen zen. Jokaldi batean, David Silvak pase ederra bidali zion Isaki, baina hark eskuinez gurutzatuegi jaurti zuen. Alguacilek txinpartari hauspo handiagoa eman nahi zion, eta Ander Barrenetxea, Carlos Fernandez eta Adnan Januzaj atera ditu zelaira, eta Oiartzabal, Silva eta Portu bidali aulkira. Enegarrenez, gola sartzeko zorian izan da Reala; Fernandezek aukera paregabea izan du area txikian, baina zutoinaren ondotik joan zaio baloia. Osasunasekulako erauntsia jasotzen ari zen bisitarien partetik.
Kosta ahala kosta, donostiarrek gola behar zuten Europako Ligako postua ziurtatzeko; izan ere, Galiziatik ez zetorren albiste onik; Betisek 3-2 irauli baitu markagailua Celtaren aurka, eta, egoera horretan, Europatik at ziren txuri-urdinak. Azken-azkenean, ordea, ez zuten iparra galdu, eta, ekinaren ekinaz, saria jaso zuen Realak 86. minutuan. Januzaj maisua da eskuinetik erdiraketak egiten, eta, aukera izan duenean, gozo-gozo jarri du baloia arean; izan ere, han zegoen Isak, zain. Aztia da horrelako jokaldietan, eta suediarrak denboraldi osoan argi erakutsi du gol sena baduela. Indarra eta arima jarri ditu baloia errematatzeko, eta, nola ez, sareetara bidaltzeko. Zoramena Realeko taldekideen artean.
Osasuna 0-1 Reala
Sufrituz berriro ere
Realak irabazi egin dio Osasunari Sadarreko derbian, eta txuri-urdinak Europa ligan ariko dira datorren denboraldian. Isakek sartu du partidako gol bakarra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu