Iraupena. 45 minutu. Pilotakadak. 216. Sakez. Lasok bi tanto, eta falta bat. Peña II.ak tanto bakarra. Egindakoak. Lasok hamabost, eta Peña II.ak zazpi.Huts egindakoak. Lasok lau, eta Peña II.ak bost.
Markagailua. 1-0, 1-2, 9-2, 9-3, 10-3, 10-4, 12-4, 12-5, 14-5, 14-7, 16-7, 16-8, 17-8, 17-10, 18-10, 18-11, 21-11, 21-13 eta 22-13.
Bestelakoak. Bi lankide izan zituzten botilero: Jon Mariezkurrena Lasok, eta Aitor Aranguren Peñak. Dirua nabarmen atera zen Lasoren alde: 100-25i. Aparteko giroa izan zen Lekeitioko Santi Brouard pilotalekuan.
Irabazteak balio zion, eta Unai Lasok ez zuen huts egin buruz buruko estreinako partidan, atzo, Lekeitioko Santi Brouard pilotalekuan (Bizkaia). Binakakoaren finalaren biharamuna oraindik ere gainean izanagatik, txapeldun baten izaera eta jokoa azaldu zituen, eta aparteko arazorik gabe gainditu zuen Jon Ander Peña final-zortzirenetan. Ez zuen distira handirik erakutsi, ongi prestatzeko ere tarterik izan ez duelako ziurrenik, baina ongi irabazteko adina meritu egin zuen. Batez ere, lehen zatian aritu zen praktiko eta burutsu, eta orduan lortutako aldea ezin hobeki kudeatu zuen gerora. Peña II.ak ez zuen partida txarra egin, baina kantxa osoan bi pilotarien artean dagoen aldea begien bistan geratu zen. Final-laurdenetako ligaxkan ariko da Laso, Iñaki Artolarekin, Beñat Rezustarekin eta Erik Jakaren eta Iker Irribarriaren arteko irabazlearekin.
Txapela janzteko hautagai nagusietako bat da Laso. Lau eta erdian eta binaka hura da txapeldunordea, baina, ziurrenik, kantxa osoan lehiatzeko du dohain gehien. Gutxik bezala luzatzen du pilota, eta tantoa amaitzeko garaian ere ez du inoren inbidiarik. Ezaugarri horiek ederki azaleratu zituen atzo, neurketaren lehen zatian. Hasierako hiruzpalau tantoak oso gogor joan ziren, eta Peña II.ak argi utzi zuen bete-betean ariko zela. Galtzeko gutxi zeukala eta, presiorik gabe hasi zen jokatzen, eta orduan ibili zen estuen nafarra. Hortzak latz estutu behar izan zituen aurkariaren pare egoteko. Bina zihoazela, arnasa ongi berotuta zeuden jada bi pilotariak. Ordutik aurrera, ordea, Lasok agindu zuen. Buruz buru nola jokatu behar den erakutsi zien harmailetan zeuden Lekeitioko pilota eskolako gazteei.
Lasok ez zuen helburu izan erakustaldia ematea, praktiko eta eraginkor jokatzea baizik. Aurreko koadroetatik bikain luzatu zuen pilota, batez ere eskuin eskuarekin. Frontisean pilota ongi harrotu, eta ez zion ezertarako aukerarik eman enpresakideari. Gainera, aurreko koadroetan jasotako aukera guztiak ederki amaitu zituen. Horma-bikoarekin min egin zuen, eta dejadaz ere ez zen kamuts aritu. Bolada horretan, defentsan lan gutxi izan zuen nafarrak, baina zeregin hori tokatu zitzaionean ere fresko aritu zen. Harrokeriarik gabe, alegia. Bazekien kolpez gehiago zela, eta, burutsu jokatuta, partida 12-3 jartzea lortu zuen. Gipuzkoarrak aukera gutxi izan zuen aurrean arriskatzeko, baina aukera gutxi horietan ere ez zuen asmatu. Besteak beste, behartuta ari zelako.
Lasoren betekada
Lehen atsedenaldi luzearen ondoren, partidako tantorik onena jokatu zuen Peña II.ak. Lehenbizi, bikain atzeratu zuen pilota, eta aurrean jasotako aukera ederki amaitu zuen ezker airez (12-4). Ematen zuen oraindik azken hitza esan gabea zeukala, baina buruz buru zerbait garrantzitsurik bada, hori sakea da, eta tolosarrak bekatu huraxe izan zuen. Sakez asmatu eta tanto bolada bat egin ezinda aritu zen une oro, sakea zeukan bakoitzean Lasok lortzen baitzuen tantoa. Hala, aldea murriztea ezinezkoa gertatu zitzaion: 14-5, 16-7 eta 17-8 joan ziren.
Ordea, azken txanpan txakalaldi moduko bat izan zuen nafarrak. Nabaritu zitzaion oraindik ere neurria erabat hartu gabea dagoela buruz burukoari. Tantotik tantora nahiko ongi errekuperatu zuen gorputza, baina ez zuen lehengo freskotasunik erakutsi. Horixe baliatu zuen Peña II.ak tanto batzuk egiteko eta hamahirura heltzeko. Dena den, beteta egon arren, Lasok kontrolpean izan zuen norgehiagoka, eta merezita izango da final-laurdenetan. «Irabazteak balio zuen, eta pozik nago horregatik. Deseroso sentitu naiz kantxan, batez ere fisikoki nabaritu dudalako prestakuntzarik eza. Baina helburua bete dut. Orain gozatzea izango dut helburu final-laurdenetan», esan zuen partida amaieran.
Helburu beraren bila beste lau pilotari lehiatuko dira gaur-biharretan. Joseba Ezkurdiak eta Asier Agirrek gaur neurtuko dituzte indarrak Zarautzen (Gipuzkoa). Nafarraizango da faborito garbia. Kontuak estuago espero dira bihar, Eibarren (Gipuzkoa), bi txapeldunek jokatuko baitute: Irribarriak eta Jakak.
Laso 22-13 Peña II.a
Bermea ematen du
Unai Lasok aski izan du eraginkor eta burutsu jokatzea Jon Ander Peñari irabazi eta buruz buruko final-laurdenetako ligaxkarako sailkatzeko. Fisikoki apur bat sufritu arren, konfiantzaz iritsiko da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu