Ezkurdia 16 - 22 Jaka

Txapelduna eraitsi du

Erik Jakak Joseba Ezkurdiari irabazi dio, eta hiru urteren ostean, Lau eta Erdiko Txapelketako finalerdietan ariko da berriro. Jokin Altunaren aurka jokatuko du

Erik Jaka, eskuin eskua altxatzen, garaipena ospatzen, atzo, Bermeoko Artza frontoian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2023ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Iraupena. 50 minutu eta 50 segundo.
Pilotakadak. 236
Sakez. Ezkurdiak, batere ez; eta Jakak, hiru.
Egindako tantoak. Ezkurdiak, bederatzi; eta Jakak, hamazazpi.
Huts egindakoak. Ezkurdiak, bost; eta Jakak, zazpi.
Markagailua. 0-1, 1-1, 1-4, 3-4, 3-5, 6-5, 6-8, 11-8, 11-15, 16-15 eta 16-22,
Bestelakoak. Sarrera ederra egon zen Bermeoko Artza frontoian (Bizkaia). Apustuak Ezkurdiaren alde atera ziren: 100, 60ri.

Beste txapeldun bat egongo da lau eta erdian. Erik Jakak Joseba Ezkurdia kanporatu zuen atzo. 22-16 irabazi zion Bermeon (Bizkaia), A multzoaren final-laurdenetako ligaxkako azken partidan. Garaipenari esker, Baikoko aurrelari lizartzarra finalerdietan arituko da, azkenekoz hori egin eta hiru urte geroago. Finala jokatu zuen orduko hartan, Jokin Altunaren aurka. Haren aurka ariko da datorren asteburuan.

«Latza da. Kosta egin zait berriro maila honetara iristea. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiet inguruko guztiei. Ederra da berriro halako sentipenak izatea». Pozarren zegoen Jaka partida bukatu berritan. Momentu zaila pasatzen ari den izeba bati eskaini zion garaipena.

Albiste bikaina da Jakarentzat berriz txapelketa bateko lau onenen artean egotea. Hori eginda, aspaldian daraman joera indartu du. «Aspaldian ez nuen oraingo sentipenik, jokorik eta konfiantzarik», zioen lau eta erdikoa hasi bezperan. «Pozik» zegoen, azkenean «argitara» atera zelako azken urte luzean «itzalean» eginiko lana. Udan eginiko lan onaz ari zen. Horren gustura zegoen, ezen argi zuen hauxe dela bere «unerik onena» duela bi urte eta erdi Baikora iritsi zenetik. Atzokoak hori guztia berretsi du.

Jakaren poza Baikorena ere bada. Iaz, Aspeko lau pilotari aritu ziren finalerdietan. Baikoko bakar bat ere ez zen iritsi. Aurten, ordea, bi ariko dira: Jaka, eta Iñaki Artola edo Jon Ander Peña. Unai Lasok min hartu ostean, enpresak premia handia zuen, eta haren pilotariek ezin hobeto erantzun dute, aurrerapausoa emanez.

Pozarren Jaka eta Baiko. Ezkurdia, ordea, lur jota. Nekez izan zen hitz egiteko gai neurketa amaieran. Oso zorrotza izan zen bere buruarekin. «Oso sentipen txarrak izan ditut. Ez dut deus ere jokatu, eta sakearekin ez dut deus egin. Erikek zuzen jokatuta irabazi dit. Haserre nago. 32 urte ditut. Ezin dut horrela jokatu». Kolpe latza da. Azken bost urteetan gutxienez finalerdietan jokatu, eta hirutan txapeldun izan eta gero, bide laburra egin du aurten.

Jakari komeni zitzaion jokoa

«Niri komeni zitzaidan bezala jokatu dugu. Min handia egin diot sakearekin eta bigarren kolpearekin. Deseroso egon da une oro, eta horren meritua nirea izan da». Jakak argi eta garbi azaldu zuen zein izan zen gakoa. Halaxe izan zen, hasi eta buka jokatu baitzuten lizartzarrak nahi zuen moduan.

Beste aukerarik ez zuen: sakez min egin, eta errematatzeko aukera txikiena aprobetxatu. Pentsatu eta egin. Hasieratik hasi zen asmatzen: 4-1. Urduri, lotuta zebilen Ezkurdia, Peio Etxeberriaren aurka gertatu zitzaion bezala. Oraingoan, aldiz, gai izan zen suspertu eta aurretik jartzeko. Jakaren hutsei esker egin zuen: 6-5. Baina huts horiek ez zuten kikildu lizartzarra. Argi zuen arriskatu behar zuela, eta bereari eutsi zion: sakearekin min egiten. Horri esker, aurretik jarri zen berriro: 8-6.

Baina partida asko gogortu zen, eta gogortasun horretan hobeto jardun zen Ezkurdia. Gainera, Jakak kolpea hartu zuen eskuin besoan, eta horrek erasan egin zion. Arbizuarrak aprobetxatu egin zuen, eta bost tanto jarraian eginda, haren alderik handiena lortu zuen: 11-8. Lehia Ezkurdiaren aldeko joera hartzen ari zen.

Baina borrokatzeko zegoen Jaka, eta kolpeari kolpe gogorrarekin erantzun zion: zazpi tanto jarraian (15-11). Sakez egindako falta batek eten zuen susperraldia, eta Ezkurdiarenari bide eman: 16-15. Arbizuarraren azkeneko tantoa izan zen. Hurrengo jokaldian, huts larria egin zuen, eta Jakaren oldarraldi erabakigarria eragin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.