Hamar urte bete berri ditu Euskal Herriko Laborantza Ganberak (EHLG), eta haren zuzendaritza utziko duela iragarri du Mixel Berhokoirigoinek (Gamarte, Baxenabarre, 1952). Parada ezin hobea gibelera begiratzeko: sindikalismoaren hastapenak, ganberaren bilakaera, laborantzaren egoera... Mintzatzeko gogo eta gairik ez du eskas, bederen, Berhokoirigoinek.
Euskal Gazteria katolikoetako militante, Euskal Herriko Laborarien Batasunaren (ELB) sortzaile... Laborantza ganberaren geroa Ipar Euskal Herriko koadro instituzionalarekin loturik egonen dela dio, eta, hain justu, duela hamar urtetik aitzinamenduak egin direla erranen luke. Kolektiboaren indarrean sinetsirik, geroari itxaropentsu egiten dio so.
Euskal Gazterietan hasi zinen militatzen. Eskola bat izan da?
Hor ikusi eta ikasi nuen anitz gauza. Ez dugu hautatu, mugimendu horretan gertatu gara, eta horkontzientzia hartu dugu bazela sistema ekonomiko bat, eta sistema horretan bazela kapitalaren indarra, bazirela zapalduak, zapaltzaileak... Laborantzari buruz ideia berriak agertu dira; ikusi dugu ez direla laborantza mota guziak berdinak, ez dela bakarrik sektore material bat produktu batzuk produzitu eta gero saltzeko, baina ere laborantza zela gauza bat oso interesgarria eta oso konplikatua, eta harreman bat lurraren, pertsonaren eta kontsumitzailearen artean... Orain normalizatuak diren gauzak orduan berriak ziren.
Eta hortik sindikalismora jauzi.
Denak lotuak ziren. Hori zen bide klasikoa, erran nezake: Euskaldun Gazterian egin lehen urratsak, eta gero inplikazio logikoa; segida sindikalismoa zen. Hor ikusi genuen laboraria definizio ofizialez nagusi bat zela, baina errealitatean langile munduari hurbilago zela; bere laneko tresnen jabe da, baina ez du berak erabakitzen. Bankuak erabakitzen du, agroindustriak erabakitzen du... Nagusia izan bagina, esnea saltzen dugularik behar genuke faktura guk egin. Orduan asko aipatzen zen klase kontzientzia hitza.
Frantziako FNSEA sindikatu nagusian hasi zineten hasieran, harekin ados ez izan arren.
Frantzian ez zen aniztasunik: sindikatu bakar bat zen onartua, ofiziala. Eta Iparraldean ere laborariak identifikatzen ziren FNSEAri. Guk, nahiz teorian ez ginen ados haren analisi eta helburuekin, pentsatu dugu: «Ez gara jendeetarik aparte antolatzen ahal. Behar dugu laborariak diren lekuan antolatu». Baina inplikatu gara gure ikuspegiarekin; eta gero hortik sortu da dibortzioa.
ELB sortu zenuten 1982an: Ipar Euskal Herriko lehen sindikatua.
Pauso izugarri garrantzitsua zen. Gaur egun Iparraldeak ez du koadro instituzionalik; ez da existitzen. Baina duela 30 urte, oraino arraroagoa zen.
Azalpen ugari eman beharko zenituzten hasieran...
Behar izan ditugu esplikatu bi gauza: alde batetik, zergatik sindikatu horretarik ateratzen ginen. Ordurako lelo hori zabaltzen zuen FNSEAk: «Batasunak ematen du indarra». Esplikatzea guk egiten genuen urratsa ez zela zatiketa, baina bazuela beste helburu bat... Eta beste gauza zaila zena esplikatzea: zergatik Euskal Herrian. Hemen ez da botererik, ez da administraziorik, solaskiderik ez da... Parean ez da ezer, eta, beraz, ez du zentzurik guk Euskal Herrian egitea tresnak.
Zergatik egin zenuten, orduan?
Guretako arrazoia argi zen: gure lurraldearen kontzientzia bagenuen, eta sartu gara haste-hastetik Iparraldea eta Euskal Herria eraikitzearen ideiarekin. Eta, egiteko, harriz harri behar zaizkio eman gorputzaren zati batzuk.
Kritika eginen zizueten...
Erraten ziguten motibazio politikoak genituela sindikalak baino gehiago. Gainera, garai hartan testuinguru politiko orokorra, biolentzia eta errepresioa, zaila zen. Guk esplikatu dugu dena politikoa dela. Iparraldea markatzea politikoa da, eta ez markatzea ere bai.
Ez zarete politika eta teorian gelditu, halere.
Gure lana beti izan da errealitatea.Ez dugu abiatu behar diskurtso politikoetarik eta jendea konbertitu erlijio batera. Gogoan dut adibide bat: herri bateko FNSEAko delegatu batek behi esnea egiten zuen, eta gu behi esneaz arduratzen ginen memento horretan. Egiten genuen lana bere errealitateari lotua zen. Egun batez erran zuenaz oroitzen naiz: «Ados naiz egiten duzuenarekin, baina ez naiz inoiz etorriko ELBra; badu euskaldun tatxa». Eta gero handik hamar urte barru ELBn zen. Departamentuko laborantza kudeatzen duten egiturek beti ukatu dute hemen egin duguna. Eta orduan dibortzioa berek sortu dute. Ez dute ukan inteligentzia minimo bat batzuetan bederen gure proposamenak entzuteko.
Horrela etorri zen laborantza ganbera baten galdea ere.
Memento batez ELBn pentsatu dugu behar genuela Euskal Herriko Laborantza Ganbera instituzioa. Arrazoi askorentzat. Bat: instituzio bat delakoan, beraz, Euskal Herriaren instituzionalizatzea bagenuen gogoan. Bigarrenik, laborantza ganberako ordezkariak laborariek izendatzen dituzte hauteskundez, beraz, badu zilegitasun bat. Zergak hartzen ditu, diru publikoa badu. Eta badu misio bat: garapena kudeatzea interes orokorrari buruz.
Lehenago baziren tresnak.
Istorio batean sartu da, eta istorio hori ez da bakarrik ELB eta EHLG. Artean izan dira beste egitura batzuk: Arrapitz, GFA (orain Lurzaindia)... Gogoeta guzien bizkarrezurra ELB izan da, bide politikoa, baina bada ere kezka aldaketa politiko horiek lortu baino lehenago: jendeak behar du bizi, eta, beraz, tresnak sortu dira garapenaren alorrean lan egiteko.
EHLGk denak elkartu zituen.
Sortu gara egitura publiko batek duen transbertsaltasun hori garatzeko: ekoizpena, lurra, ekonomia, ikerketa... Sail zabal horretan sartu ditugu jada ziren piezak, ez ditugu zerbitzuak bikoiztu.
Ez da dena erraza izan.
Hamar urtez izan da borroka laborantza iraunkorrari emateko tresna instituzional bat. Eta hori da problema nagusia: tresna instituzionalek, orokorki, guk nahi ez dugun laborantza bultzatzen dutela. Laborantza alternatiboa beti militanteen esku da, baina guk ez genuen nahi izan zedin bakarrik militanteen afera, zeren eta militantziak ematen du indarra, baina eskatzen du asko.
Estatuak ez zuen onartu.
Izan dira problemak. Guk ez dugu instituzio bat egin, egin dugu elkarte bat. Baina elkarte horrek hartu duen izena eta finkatu duen helburua zen laborantza ganbera instituzioaren espazioan sartzea. Hortarik etorri da auzia eta arazoak, erranez estatu kolpe bat egiten genuela. Intentzio hori da auzitan ezarria izan, baina guk erran dugu intentzio bat ez dela auzitan ezartzen, ekintzak baizik. Errealitatera etortzean erakutsi dugu espazio hori ez zela pribatua; ez zela monopolio bat. Memento batez izan gara zazpi edo zortzi auzitegitan. Denak auzitegietan ezarri ditu estatuak, eta denak galdu.
Zer ikasi zenuten auzietarik?
Auzi horiek trabatu gaituzte asko, eta memento berean azkartu gaituzte. Eta uste dut irabazi dugula laborari munduaren eta gizartearen zati inportante bat. Ikusi dute gure borroka zuzena zela, eta behar zela. Gure abenturak aberastu edo hazi du mugimendu orokor bat Iparraldearen instituzionalizatzearen arloan.
Zein mugimendu?
Memento berean sortu zen Batera-ren istorioa ere... denak lotuak dira. Uste dut egin dugun urratsak Batera-ri eman diola ere indar bat, Batera-k lagundu gaitu gu ere biziki, zeren eta sektorea zabaltzen baitzuen. Batera bilakatu da gero beste partaideendako erreferentzia bat. Ez dut nahi gureganatu gurea den baino gehiago, baina uste dut laborantza ganbera ekarpen bat izan dela Iparraldearen kontzientzia politiko horretan.
Azkenean, elkarte bat sortu zenuten. Ez da lortu, beraz, laborantza ganbera ofiziala.
Ez: borroka horrek segitzen du. Nik uste guk egin dugula egiten ahal genuen guzia: ez dugu egitura publiko bat sortzeko gaitasunik; ez da dekretatzen ahal. Esaten ahal duzu antzerki bat bezala, baina errealitatean ez da gauzatzen ahal. Ez dut uste gaur egun izanen den laborantzako sektorearentzako pauso instituzional bat, ez baldin bada Iparralde guziarendako.
Hamar urte bete dira 2005ean EHLG sortu zenutenetik. Zein balorazio egiten duzu?
Uste dut anitz gauza batean egin behar izan ditugula. Eta gaur egun badakigu badirela oraino hutsuneak, baina ez dut uste biziki hobeki egiten ahal genuela. Imajinatu behar litzateke ez balitz EHLG: gaur egun baditugu hamabost langile, eta ez dira elkarri so. Hor baldin badira, dira lan baten egiteko. Eta lan hori behar bati erantzuteko da.
Zein erronka ditu orain?
Teknikoki, uste dut bertze bi pertsonarekin gure espazioa ongi beteko dugula. Eta, gero, gure desafioetan da hurbiltasuna behar dugula atxiki, eta beharbada azkartu. Gauza guziak behar dira islatu praktikan. Onak izan behar dugu ez bakarrik diskurtsoetan. Laborantza iraunkor hori liseritzeko gisan izan dadin laborarientzat, aplikatzeko gisan. Gure izpiritua zaindu ere: ez dugu behar pentsatu inoiz lortua dela.
Lehendakaritza utziko duzu.
Erraza da esplikatzea. Hamar urte ez da guti, eta uste dut muga hori ona dela uzteko. Hasteko, postu horretan ene ekarpena edo ene partea egina dudala. EHLGrentzat beharrezkoa da aldatzea ere. Epe laburreko efikazian pentsatzen ahal da oraino posible dudala, baina epe luzerako ez da ontsa. Behar dugu eta badugu gaitasuna arraberritzeko. Ez naiz beldur EHLGren bilakaeraz: lehendakaria dena gaitasun kolektibo baten bozeramaile da.
Eta zure geroa?
Epe laburrean EHLGko bulegoan segituko dut. Gero, nahi nuke oraino zerbait egin. Ez dakit oraino zein forman, behar dut denbora ene buruan pentsatzeko, hatsa hartzeko... Ez dut anbiziorik: badira enetako pentsatzen ari direnak, baina nik ez dut deus ere pentsaturik.
Mixel Berhokoirigoin. EHLGko lehendakaria
«Ez da izanen egiturarik laborantzarentzat, ez bada Iparralde guziarendako»
Ipar Euskal Herriaren eta laborantzaren egoera sakon markatu dute ELB eta EHLGk. Mixel Berhokoirigoinek hurbiletik bizi izan ditu borroka eta aldarrikapen horietako anitz. Begirada beti aitzina, egoerari argazkia atera dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu