ITP-REN ZERRENDAKO LAU IZEN

ITP Castingek otsailean kaleraturiko 86 langileen ahotsa dira. 40 urtetik gora eta bina seme-alaba dituzte laurek, eta ez dute lanpostua galdutzat eman nahi. Garbi dute enpresak beste neurri batzuk har zitzakeela eta kaleratzeak ez zirela beharrezkoak. Greban kriminalizatu egin dituztela sentitu dute.

Ezkerretik eskuinera: Rosa Alijostes, Ana Adeliño, Juan Kortadi eta Diego Rendo. ITP Castingek kaleraturiko 86 langileetako lau. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2021eko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Zerrenda filtratu zutela oroitzen naiz; urtarrilaren 7a zen», azaldu du Rosa Alijartek (Bilbo, 1977). «Grebara gindoazen langileen multzoa banatu nahi zuten, kaleratuak zeintzuk ziren jakinaraziz gero beste langileak lasaitu egingo zirelakoan, baina ez zen hala izan: bat eginda jarraitu genuen. Niri, esaterako, langile batzordean dagoen lagun batek esan zidan zerrendan nintzela. Pentsa, egun hartan goizago joan nintzen Barakaldora, albistea ez nuelako autoa gidatzen jaso nahi, badaezpada ere...». Barakaldora (Bizkaia) zihoan han duelako lantokia, Precision Casting Bilbaon, aurreko hamazazpi urteetan ia egunero egin bezala. ITP Aeroren fundizioa da PCB, eta «zerrenda» iazko abenduan abian jarritako erregulazioko kaleratuena zen. Guztira 86 izan dira. Horiei gehitu behar zaizkie azken urtean kontratua berritu ez zieten behin-behineko 120 langileak.

Juan Kortadi (Portugalete, Bizkaia, 1970) ere zerrendan zegoen. Hark, urteen poderioz, lantokiari «etxea» deitzen dio. «Ni iritsi nintzenean, 2001ean, ez zegoen ezer. Orube huts bat zen. Dena muntatzen lagundu genuen: labeak... Kaleratuen artean 1.200 urteko bidea egin dugu ITPn; kaleratu gaituen zuzendari hirukoak, berriz, ezta bost ere. Gure etxetik bidali gaituzten okupa aberats batzuk dira. Hala bizi dut nik». Kortadik ondo ezagutzen du enpresa, eta, zerrenda ikustean, ondorio argia atera zuen: «Borrokalariak izan garen langileak kaleratu gaituzte. Eskubideak aldarrikatu ditugunak. Banan-banan aukeratu gaituzte».

Uste berekoa da Diego Rendo (Portugalete, Bizkaia, 1983). Bera ere zerrendan ageri zen. «Langile batzordeko kide ohiak daude, antzinatasunagatik baldintza hobeak dituztenak, zaintzarako lanaldi murriztua zuten asko... Lanaldi murriztuan geundenen proportzioa harrigarria da. Asmo bakarra zuten: langileak kaleratzea». Zergatik dio hori? «Erregularizazioaren negoziazio epean argi esan genuen, eta lan ikuskaritzak ere bai. Beste neurri batzuk har zitezkeen: lan poltsak, aldi baterako neurriak... Langile guztiak prest geunden horrelako neurriak aztertzeko, 86 kaleratzeak eragoztearren; bolada batez gure egoera kaskartzeko prest geunden, baina zuzendaritzak ez zuen nahi».

ITP Castingeko langileen %20 emakumeak dira; kaleratuen artean, berriz, proportzio hori %30etik gora igotzen da, eta asko lanaldi murriztuarekin zeuden. Horietako bat da Ana Adeliño (Barakaldo, Bizkaia, 1977). «Kolpe oso gogorra izan da; 20 urte egin ditut han, eta kolpetik abandonatu egin naute. Banandua nago; bi seme-alaben zaintza dut, eta lana behar dut. Hori da gure sostengua». Rendok ere bi seme-alaba ditu, eta argi du enpresak ez diola erreparatu langileen egoera pertsonalari: «Senar-emazteak kaleratu dituzte, elkarrekin seme bat izandako bikote banandu bat, anaiak... baina, tira, edozein kaleratze litzateke bidegabea». Laurek bina seme-alaba dituzte.

Lan ikuskaritzaren txostena

ITP Castingi buruz hitz egiteko lau iritzi kualifikatu dira. Kortadik enpresaren egoeraren azalpen luze eta zabala eman du. «Koronabirusaren krisia hasi zenean, lan pila bat genuen. 2017an, lantaldea bikoiztu zuten, eta beste planta bat ireki Sestaon (Bizkaia), laguntza publikoarekin. Etorkizunera begira inbertsio handiak zituzten prest: labe berri bat... ITP oso ondo doan multzo bat da. Duela bi urte, 95 milioi euroren irabaziak izan zituen. Eta orain, gauzak pixka bat okertu diren lehen urtean, jendea kaleratzen hasi da. Enpresa honek badu dirua honi eta askoz gehiagori eusteko. Begira: hemen, bere garaian, agintari asko etorri ziren inaugurazio zintak moztera, eta orain ez da horietako inor agertu».

30 urteko ibilbidean, ITP taldeak iaz izan zituen galerak lehenbiziko aldiz. PCBri dagokionez, 2018an eta 2019an galerak izan zituela esan zuen, baina erregulazioa ikertu duen lan ikuskaritzako txostenak «finantza kredituen desaktibazioari» egotzi dizkio. Lan eta Gizarte Segurantzako lurralde ordezkaritzaren txostenak ondorioztatu du enpresak ez duela «likidezia arazo larririk», eta koronabirusaren inpaktua «akordioaren barneko neurriekin» leundu daitekeela.

Langile batzordea sinetsita dago krisialdi hau behin-behinekoa dela eta pandemia amaitzen denean hegazkingintzak gora egingo duela. «Ezinbesteko sektorea ginela esan ziguten apirilean. Lan egin genuen», gogoratu du Rendok: «Gero, jendea kontratatu beharko dute berriro, eta hau erabili dute baldintza hobeak zituztenak paretik kentzeko». Alijarte grafikoagoa izan da: «1.700 euro irabazten duten langileak bota, eta, agian, 1.200 eurora iristen ez diren behin-behinekoak hartuko dituzte. Eta, gainera, eskubide gutxiagorekin».

Salmentaren itzala

ITP Aero da PCBren jabea, eta ITP Aerorena Rolls Royce. Multinazionalak salgai jarri du hegazkinentzako turbinak egiten dituen euskal jatorriko enpresa. Iaz, multzoaren lanpostu kopurua %15 murriztuko zuela jakinarazi zuen ITPk, eta askok lotu zuten salmentarekin: soldata masa murriztu, eta enpresa erakargarriago bilakatu erosleentzat. Espainiako Gobernua gertutik ari da zaintzen salmenta, eta Espainiako enpresa batek erostea nahiko luke. Lau inbertsio funtsek ere interesa dutela zabaldu da. «Hau ez da nolanahiko fundizio bat», adierazi du Kortadik: «Galduriko argizariaren teknika darabilgu; pieza bereziak egiteko erabiltzen da. 60.000 euroko aleak dira, eta halakoak munduan toki oso gutxitan egiten dira».

Kaleratzeen negoziazio epea iazko abenduaren 23an bukatu zen, eta, Gabonetako oporretatik bueltan, langileek beste greba bat hasi zuten. Otsailaren 7an utzi zuten, eta, geroztik, mobilizazioetan jarri dute indarra. Grebaldi hori, baina, gogorra izan zen. Piketeak egin zituzten Barakaldoko lantegiaren aurrean, eta greba egin ez zuten langileen autobusen sarrera oztopatu zuten. Ertzaintzarekin hainbat istilu izan zituzten. «Protesta baketsuak ziren, eta kriminalizatu egin nahi izan gaituzte», salatu du Kortadik. «Biolentoak ginela esan dute; gu? Bi arrautza botatzeagatik? Begira Euskaldunako langileen 1984ko irudiak: haiek Deustuko zubia urtu egin zuten kasik. Kale ertzain beterano batek zera esan zidan: 'Pintaketarik ere ez duzue egin eta!'».

68 ertzain lantegian

Ertzain despliege handiak izan zirela diote. «Egun batean, istiluen aurkako 54 ertzain eta kaleko beste hamalau etorri ziren. Gu, piketean, hogeita hamar ginen. Kale ertzain batek jarrera eredugarria genuela esan zidan», nabarmendu du Alijartek. «Egun batean, baina, jarrera aldatu zuten», erantsi du Kortadik: «Astelehena zen, eskirolen autobusa iritsi baino lehenago. Egurrean hasi ziren, ezker-eskuin. Gorrotoz. Eta gu, 'zertan ari zarete?' Jarrera aldaketa goitik agindu zuten». Egun hartan hautsi zioten sudurra Javi Gomez CCOO sindikatuko industria arloko arduradunari.

ITPko zuzendaritzak Jaurlaritzarengan duen eragina ikusten dute jarrera aldaketaren atzean. Egun batean, piketeek Iratxe las Hayas zuzendariaren autoa ordu erdiz geldirik eduki zuten, eta haren ondoren ertzainekin izandako solasaldietan oinarritzen dute ustea. Alijartek gogoan du: «Kale ertzain batek esan zidan: 'Ez dadin etorri saiatzen ari gara; hau pizten duen txispa da. A zer-nolako boterea duen zuen nagusiak: ezin duzu imajinatu ere egin!'. Ertzain hura harritua zegoen». Greba egiten ez zuten langile gehienak bulegoetakoak ziren, hilabetez telelanean ibilitakoak. «Gu atean geundelako agindu zieten lantegira joatea; probokazio bat izan zen», azaldu du Rendok.

Lauretatik hiru Ezkerraldean jaiotakoak dira. PCBren pabiloiak Sestaok duen %18,92ko langabezia tasaren eta Barakaldok duen %14,20koaren artean banatzen dira. «Pandemia honek erakutsi digu ezin garela turismotik eta aisiatik bakarrik bizi», esan du Alijartek. «Eta, Navalen biltegiak egiten badituzte, akabo», gehitu du Rondok. «Ezkerraldean kalitatezko enpleguak behar dira, eta haiek mantentzeko borrokan gaude du», aldarrikatu du Adeliñok. Kortadik jarri dio azken puntua eskualdearen erradiografiari. «Ezkerraldea izorratuta dago. Lau lantegi baino ez dira gelditzen. Orube huts bat da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.