«Muturreko» atakan daude 'Aita Mari'-n

Asteon erreskatatutako 36 migratzailerekin, itsasoan jarraitzen dute, eta haien egoera larria dela esan dute. Siziliako itsasertzera joan dira

Migratzaileak, ontzian. SMH / EFE.
arantxa iraola
2020ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Larrialdi mezu bat helarazi zuten atzo arratsaldean Aita Mari ontziko arduradunek; esan zuten asteon erreskatatutako 36 migratzailerekin itsas zabalean jarraitzen dutela, eta «muturrekoa» dela haien egoera. Horiek horrela, pertsona horiek lehorrera eraman ahal izateko portu seguru bat behar dutela oroitarazi zuten. «Legea argia da; gertuen dagoen portu segurura eraman behar ditugu lehenbailehen». Siziliako (Italia) itsasertzetik egin zuten atzo laguntza eskaria, Palermo inguruetatik, zehazki. Lampedusatik hartu zuten harako bidea, atzo goizean. Adierazi zutenez, Italiako agintarien aginduei atxikita jo zuten hara.

Aurrez asteon lortu dute Lampedusan zenbait migratzaile lehorreratzea, haien osasun egoera «muturrekoa» tarteko, baina gainerakoek itsas zabalean jarraitzen dute. Aste honetan Maltak ere ukatu die migratzaileak lehorrera eramateko baimena, eta kritiko mintzatu dira horregatik itsasontziko arduradunak. «Malta da egoeraren legezko erantzulea, berak koordinatu baitzuen erreskatea», azaldu du Daniel Rivas itsasontziaren ardura duen Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundeko kideak. Rivasek orduan azaldu zuen errefuxiatuak ondo zeudela; «oraingoz». Egoera, ordea, okerrera ari da. «Oso ahul daude», salatu zuten atzo Siziliako itsasertzetik. Asteon, Maltak agindu zuenmediku bat bidaliko zuela, helikopteroz, ontziaren tokira. Eta bidali zuen, baina, zailtasun teknikoak zirela medio, helikopteroak ezin izan zuen lur hartu, eta, hortaz, ez diete osasun azterketarik egin migratzaileei. Aita Mari-ren eskifaiako kideen artean ez dago medikurik; haien asmoa Pasaiara (Gipuzkoa) itzultzea zen, eta, hori dela eta, gutxieneko eskifaiarekin doaz. Maltak ukatu egin zienez migratzaile erreskatatuak porturatzea, orduan erabaki zuten Lampedusara abiatzea. Baina Italia ere ezezkoan egon da oraino; COVID-19aren krisiak eragina izan du.

Bazuten beste motibo bat ere Lampedusarantz jotzeko. Alarm Phone migratzaileentzako laguntza zerbitzuaren arabera, 55 errefuxiatu zeramatzan ontzi batek lauzpabost egun zeramatzan noraezean, eta Lampedusa inguruan zegoen. Haiek bilatzeko ahaleginetan ibili ziren; izan ere,ontziak140 bat lagunentzako tokia du. Alarm Phonek salatu zuenez, merkantzia ontzi bat migratzaileen ontzitik gertu igaro zen, eta, haiek erreskatatzeko agindua jaso arren, ez zuen deus egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.