ERREUSEN SAREKADA

Hilabete igaro da EBko araudi berria indarrean sartu zenetik. Arrantzaleek jada ezin dute uretara bota arrain erreusik —gazteegiak, debekatutakoak edo errentagarriak ez direnak—. Guztiak porturatu behar dituzte, nahiz eta gero ezin saldu pertsonen kontsumorako. Sektorea egokitzen ari da oraindik.

ERREUSEN SAREKADA.
Jon Fernandez.
2019ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Egun batetik bestera, legez kanpokoa zena derrigorrezko bilakatu da. Joan den urtarrilaren 1era arte, ezin ziren portura ekarri sarean nahi gabe harrapatutako arrain jakin batzuk: tamaina txikiegikoak, norbere kuotetakoak ez diren espezieetakoak... Arrantzaleek karelean behera botatzen zituzten, itsasora. Baina ez horiek bakarrik, baita ekonomikoki errentagarriak ez direla iritzitako espezieetakoak ere, arrain baliotsuenei tokia lagatzeko itsasontzietako bodegetan. Baina, urte hasieraz geroztik, irauli egin da egoera: Europako Batzordeko legearen ondorioz, orain, sarean altxatutako arrain guztiak porturatu behar dituzte, baita legez kanpokoak ere, nahiz eta gero lehorrean ezin saldu pertsonen kontsumorako. Baina gauza bat da legea indarrean sartzea paperaren gainean, eta beste bat uraren gainean aplikatzea.

«Legea zelan errealitate bihurtu, sarri horixe da zailtasuna», aitortu du Marina Santurtunek, Aztiko arrantza jasangarriaren kudeaketa arloko koordinatzaileak. Haren ustez, hilabete pasatu bada ere, oraindik «egokitzapen prozesu betean» daude bai arrantza sektorea, bai administrazioa.

Bruselak 2013an onartu zuen arrain erreusak itsasoan baztertzea debekatzeko zuzentaraua, eta apurka-apurka aplikatuz joan da 2015az geroztik: espezie batzuekin hala dihardute azken hiru urteetan euskal kostaldeko baxurako eta alturako itsasontziek. Aldea da urtarrilaren 1az geroztik arrain espezie guzti-guztiei, arrantza teknika guztiei eta EBko arrantza toki guztiei aplikatzen zaiela zuzentaraua.

«Arazorik handiena arrasteko itsasontziek daukate», argitu du Miren Garmendiak, Opegui Gipuzkoako baxurako ekoizleen elkarteko zuzendariak. «Baxurako arrantza sistemarengatik eta teknikengatik, oso bazterketa txikia daukagu: inguraketako arrantzan eta amukoan gutxi baztertzen da, nahi ez den arrain gutxi harrapatzen delako».

Baxurako ontzi gehienak lehorrean daude oraindik. Hilaren 15ean amaituko da kostaldeko uren neguko geldialdia, eta arrantzaleek espero dute hil amaieran itsasoratzea, berdelaren bila. Orduan hasiko dira benetan igartzen bazterketak debekatzeko lege berriaren eragina.

Kalterik handiena, arrasteak

Araudiaren inpaktua neurtzeko, Canard proiektua landu dute Opeguik eta Aztik. Ondorioztatu dute baxurako arrantzontzien artean mailasareen teknika erabiltzen dutenek egiten dutela bazterketa gehien: sareak bertikalki ibiltzen dituzte, paretak bezala, ur azalean flotagailu batzuk jarrita eta berunak lotuta ur sakonetara tira egiteko. Espezieei dagokionez, honako hauek dira nahi barik gehien harrapatzen direnak: legatza, itsas zapoa, arraia, txitxarroa eta berdela.

Proiektuaren asmoa izan da aztertzea ea zer aukera dagoen arrantza teknikak selektiboago bihurtzeko, kontuan izanda oso zaila dela espezie jakin batzuk urtaro jakin batzuetan sarean ez harrapatzea. Bisigua eta berdela dira arrain «zail» horietako batzuk.

«Nekeza da bazterketa saihestea bisiguaren eta bisigu ahogorriaren kasuan, arrantzaleek oso kuota txikia baitaukate espezie horietarako», azaldu du Santurtunek. Aldiz, saihetsezina izaten da berdela sarean ez harrapatzea antxoatan edo txitxarrotan dabiltzanean. «Izan ere, berdela sasoiko arraina da, migratzailea, eta urteko aro jakin batzuetan berdel kopuru ikaragarria igarotzen da gure uretatik. Ezin saihestuzkoa da hura ere harrapatzea, batez ere mailasareak erabiltzen badira».

Berdelaren arazoa konpontzeko, Santurtunek adierazi du «urtaroko geldialdiak» egin daitezkeela behin berdela amuarekin harrapatzeko sasoia amaitutakoan. Osterantzean, behin berdelaren kuota agortutakoan beste espezie batzuk arrantzatzera joan arren, berdela sarean jasoz gero, itsasontziek gorde egin beharko lukete ontzian, eta tokia galdu, adibidez, antxoa edo txitxarroa arrantzatzeko.

Gainera, lehorreratu egin beharko lukete berdel guztia, baina ezingo lukete saldu pertsonen kontsumorako. Aukera izango lukete irinetarako edo animalien pentsutarako saltzeko, baina, teorian, ezin da negoziorik sortu, horrek, era berean, arrain gazteen eta debekatuen arrantza sustatuko lukeelako. Beraz, arrantza teknikak selektiboagoak bihurtu ezean, araudiak galera ekonomikoa eragin diezaioke arrantza sektoreari; nagusiki, arrastekoari.

Teknika selektiboagoak

Zuzentarauak bi helburu dauzka: batetik, benetan kontrolatzea eta neurtzea zenbat arrain baztertzen den eta zenbaterainokoa den arrainen arrantzagatiko heriotza tasa; bestetik, sektorea behartzeahobeto arrantzatzera, teknika hautakorragoak erabiliz.

Izan ere, bazterketari buruzko orain arteko kopuruak estimazioak dira, eta asko alda daitezke urtetik urtera, espezietik espeziera eta arrantza motatik motara. Bazterketak harrapatutakoaren %10etik %60ra bitartekoak izan daitezke kasurik muturrekoenetan. Baina modu globalean aztertuta, ontzidi osoa eta espezie guztiak kontuan hartuta, 2013an, esate baterako, Bizkaiko golkoan porturatu bezainbeste tona bota zituzten itsasora, Discarlessen kalkuluen arabera. Datu eskandalagarriak dira.

Halere, Aztiko ikertzaileak zenbakiak tentuz aztertzeko eskatu du. «Kontuan izan behar da bazterketek lotura zuzena dutela espezieen ugaritasunarekin. Zenbat eta ugaritasun handiagoa, orduan eta bazterketa gehiago gertatzen dira». Edozelan ere, azpimarratu du EBko araua «beharrezko kontserbazio neurri bat» dela, «arrantza hobea» sustatzeko.

Santurtunen iritziz, «berrikuntza hauspotzeko modu bat» ere bada. «Ontzidia gai izango da konponbideak topatzeko. Araudi berriekin beti gertatzen da: tabakoaren legearekin ere hasieran harritu egin ginen denok, baina azkenerako egokitu egin ginen».

Aztiko ikerlariak uste du legearen presioak «produktiboagoa» bilaka dezakeela sektorea: «Inork ez du nahi portura ekarri baliorik ez daukan arrainik; beraz, araua indarrean sartzeak asmamena handitzea ekarriko du teknika selektiboagoak sortzeko». Santurtunek epe ertainerako joera berriak irudikatu ditu: «Gutxiago arrantzatu behar duzunez, eta ontzian denbora gehiago behar duzunez arraina kudeatzeko, berrikuntza da soluzioa: harrapaketa teknikak hobetu, ontzian arraina prozesatu, balio erantsia eman arrainari...».

Lau salbuespen

Baina oraingoz ez dute soluziorik topatu arazo handiena dutenek, arrastekoek. Aztirekin batera, MenDes proiektua egin zuen iaz OPPAO Ondarroako Portuko Alturako Arrantzako Ekoizleen Elkarteak: probak egin zituzten arrasteko sare begiak 100 mm-ra handituta, baina alferrik. Ondorioztatu zuten nahi ez zuten arraina gutxiago harrapatzen zutela, bai, baina nahi zuten arraina ere bai, eta horrek kalte ekonomikoa dakarkie enpresei.

Bazterketen debekuaren kalte ekonomikoak txikitzeko, lau salbuespen onartu ditu Bruselak. Lau kasutan bakarrik bota daitezke arrainak berriz ere uretara.

Lehenengo salbuespena harrapaketa kopuru baimendurik (TAC) eta kuotarik ez daukaten espezieena da, dela arrantza librekoak direlako, dela debekatuta daudelako —marrazoak, izurdeak eta dortokak, adibidez—. Horiek, bai, bota daitezke uretara.

Bigarren salbuespena iraupen handiko espezieena da. Sarean itsasontzira igo arren, badira espezie batzuk itsasora bizirik bueltatu daitezkeenak; esate baterako, arraia eta zigala.

Hirugarren salbuespena de minimis deitutakoa da. Porturatu behar diren erreusen zati bat uretara bota daiteke, baina urteko harrapaketen portzentaje jakin batera arte bakarrik: %3tik %7ra artekoa, espeziearen, arrantza eraren eta eremuaren arabera.

Laugarren salbuespena ehizarena da. Batzuetan, arraina kaltetuta iristen da ontzigainera, dela itsas arkakusoak kalte eginda, dela beste arrain batek hozka eginda uretan. Arrain erreus horiek ere bota daitezke itsasora. Edozelan ere, salbuespen guztietan, botatako arrainak erregistratu egin behar dira.

Baxuraren haserrea

«Gu, behintzat, salbuespen horiei esker nahiko ondo konpontzen gara», adierazi du Garmendiak. Gainera, baxurakoek badute beste aukera bat ere, slipping-a. Inguraketa arrantzan zirkulu bat egiten dute sarearekin, eta azpitik ixten dute. Baina, patroiak zundarekin ikusten badu espezie asko daudela nahastuta edo txikiak direla, azpiko sarea aska dezake, eta arrainei ihes egiten laga. Arrastekoek ezin dute horrelakorik egin.

Opeguiko zuzendaria kexu da Espainiako Gobernuak arrastekoei laguntzeko hartu nahi duen neurriak baxurakoei kalte egingo dielako. Izan ere, joan den astean Arrantza Ministerioak azaldu zien berdelaren kuota osoaren %7 kendu nahi duela, bazterketetarako erreserbatzeko arrastekoentzat. «Hain selektiboak ez diren arrantza tresnen arazoa konpontzeko, guri kalte egingo digute, selektiboagoak garenoi». Kontuan izan behar da, gainera, Bruselak %20 urritu zuela abenduan berdelaren kuota.

Edonola ere, araua indarrean sartzeak ez du erabat ziurtatzen aplikazioa. «Oso zaila da kontrolatzea itsas barrenean arraina uretara botatzen duzun ala ez», aitortu du Garmendiak. Aukeratzat aipatzen dira ontzi bakoitzean ikuskatzaile bat jartzea, bideokamerak jartzea eta drone bidez kontrolatzea, baina, oraingoz, administrazioak ez du hartu kontrol neurri berezirik. «Oso garestia izango litzateke itsasontzi guztietan ikuskatzaileak jartzea. Kontrola ezin da izan arrantza jarduera bera baino handiagoa», nabarmendu du Santurtunek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.