INDIA OTE TXINA BERRIA?

Enpresa handiek oso kontuan hartu dute nolako arazoak ekarri dituzten Txinako zero COVID estrategiak eta mikrotxip faltak, eta munduko demokraziarik handiena deritzonari erreparatzen hasi zaizkio: In diari.

Eraikin berrien eraikuntza Munbain, Indiaren finantza hiriburuan. IVYAKANT SOLANKI / EFE.
Josep Solano
2023ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Txina kolapsoan dago «munduko fabrika» gisa: batetik, arazo etniko eta politiko gero eta handiagoak ditu; bestetik, gero eta eramanezinagoak dira zero COVID estrategiaren ondorioak, eta hazkundeari galga eman dio, nahiz eta bertan behera utzi duten duela aste gutxi. Kolapso horri etekina ateratzeko, India da munduan ondoena prestaturiko herrialdea, antza denez. Maiatzean, The Economist aldizkariak azalera eraman zuen Indiari buruzko artikulu bat, galdetzen zuena ea herrialde hori garai guztiz erabakigarrian dagoen, eta ondorioztatu zuen baietz, hala izango zela seguru asko. Berrikiago, bestalde, Michael Spence Nobel saridun eta Stanfordeko ekonomialariak adierazi zuen «Indiak jarduera bikaina» duela oraintxe eta «inbertsioak egiteko herrialderik gogokoena» dela oraindik.

Azaroaren bukaeran eta abenduaren hasieran, COVIDari erantzuteko neurrien kontrako protesta bortitzak piztu ziren Shanghain, Txinako hiririk populatuenean: jende askok eta askok —gazteak gehienak— protesta egin zuen gobernuaren zero COVID politika hertsiak ezarritako konfinamendu zorrotzen kontra. Eta, egun haietan, antzeko protestak piztu ziren Pekinen, Wuhanen, Chengdun eta hamar milioi biztanle baino gehiagoko beste hiri garrantzitsu batzuetan.

Nahiz eta gobernuak bizkor erantzun zien eskakizun haiei, eta nahiz eta laxatu edo are ia guztiz ezabatu zituen COVIDaren kontrako neurriak bizimodu publikotik, biztanle gutxi daude txertatuta, eta Txinako agintariek uko egin diete Mendebaldeko txertoei, eta, horren ondorioz, COVIDa izugarri hedatzen ari da; are, ospitaleak oldeari erantzun ezinik gelditzeko zorian daude.

Zero COVID politikak hain disruptiboak izan dira, ezen Txinan jarduten duten autogile ugarik, Honda eta Volkswagen barne, bertan behera utzi baitzuten produkzioa lantegi batzuetan. Volkswagenek, adibidez, ekoizpena zergatik gelditu zuen argudiatzean, piezen falta eta birusaren kontrako tokiko neurriak aipatu zituen. Bi astez egon ziren itxita, eta abenduaren 5ean ekin zion berriro produkzioari.

Txinara ez bada, nora?

Munduko fabrikatzaile handiak aintzat hartzen ari dira Txinan zer gertatzen ari den azken urte eta hilabeteetan. Halako multinazionalen arduradunek, orain, begiz jota daukate Asiako eta munduko herrialderik jendetsuenetan bigarrena, Txinako ezegonkortasunak pizten dituen arrisku larriak non apaldu aurkitu nahian. Indiak, gainera, diru laguntza oparoak eskaintzen ditu denetarik ekoizteko: erdieroaleetatik eta eguzki plaketatik hasi, eta ibilgailu elektrikoen baterietaraino eta oihalkietaraino. Hori gutxi ez, eta Indiak badu, lehia aldetik, Txinak ez duen abantaila bat: urrian, Joe Bidenen administrazioak kontrol neurri batzuk ezarri zituen Txinako txip aurreratuen fabriketara egindako ekipamendu esportazioak mugatzeko.

Nahiz eta India izan den pandemiak gogorren jotako herrialdeetako bat, ekonomiak goraldian iraun du Erresuma Batuaren kolonia izandako horretan; Txinako ekonomia, berriz, ezegonkortu egin da. Eta multinazional handiak, hala nola Apple, Indiara jotzen ari dira beren produktuen fabrikazioa eta beren zerbitzuak azpikontratatzera. Indiako ekonomiaren hazkunde berebiziko hori, gainera, zuzen-zuzenean lotuta dago munduan azken hamar urteetan izan diren aldaketa batzuekin, denbora honetan munduko boterearen ardatza aldatu egin baita AEBetatik eta Mendebaldetik Txinara eta Asiara.

Ez da harritzekoa, beraz, Morgan Stanley bankuak iragarri izana India munduko hirugarren ekonomia bihurtuko dela 2027an, eta BPGa bikoiztuko duela datozen hamar urteetan: gaur egungo 3,4 bilioi dolarretatik, 8,5 bilioira. Alegia, urtero 400.000 milioi dolar baino gehiago gehituko dizkio Indiak bere BPGari, eta bi superpotentzia handiek baino ez dute lortu halakorik, Ameriketako Estatu Batuek eta Txinak. Dena den, Indiako ekonomiari halako iragarpen itxaropentsuak egin badizkiote ere, ez da pentsatzekoa Indiak luze gabe edo epe ertainean Txina gaindituko duenik.

Lehen ekonomiak

Goldman Sachs finantza etxeak egindako ikerlan baten arabera, Txinako eta Indiako ekonomiak izango dira munduan nagusi 2075 ingururako, AEBetakoaren gainetik, eta Asian metatuko da munduko BPGa. Ikerketa horren arabera, Txina 2035 inguruan gailenduko zaio AEBetakoari munduko ekonomia nagusi gisa, eta Indiakoa 2075ean bihurtuko da bigarrena. Aditu horiek azpimarratu dute, halaber, Txinak, Indiak eta Indonesiak aurreikusi baino emaitza ekonomiko hobexeagoak izan dituztela 2011tik, eta Errusiak, Brasilek eta Latinoamerikak, berriz, nabarmen txarragoa k. Txostenaren arabera, Txina, Estatu Batuak, India, Indonesia eta Alemania izango dira munduko bost ekonomia gailenak 2050erako.

Munduko demokraziarik handienak —halakotzat jo ohi da India— biztanleria gaztea du, eta potentzial erabatekoa manufakturaren arloko eragile erraldoi bihurtzeko. Nolanahi ere, Asia hegoaldeko herrialde hori ospetsua da, zoritxarrez izan ere, bere burokraziagatik eta tramite jasanezinengatik. 2019an, Munduko Bankuak zerrenda bat osatu zuen 190 herrialderekin, kontuan harturik zenbateraino zen erraza negozioa egitea haietako bakoitzean, eta India 63. geratu zen. 2014an baino emaitza askoz ere hobea zen hori, bost urte lehenago —Narendra Modi lehen ministro bihurtu zenean— 142. postuan geratu baitzen. Hala ere, Txinaren atzetik geratu zen, hura 31.a izan baitzen 2019an, hots, Munduko Bankuak zerrenda osatu zuen azken urtean —harrezkero bertan behera utzi zuten zerrenda, eskandalu bat piztu baitzen datuak manipulatu zituztela eta—.

Nolanahi ere, analista gehienen iritziz, ez da oso litekeena korporazio handiek trumilka jotzea Indiara aurreko hamarkadetan Txinara jo zuten bezala; ez soilik horrek lekarkeen arriskuagatik, baizik eta, batez ere, azken urteetan egin dituzten inbertsioei etekina atera nahiko dietelako oraindik. Babarrun guztiak eltze bakarrean egosteak buruko min handiak ekarri dizkie zenbait enpresari: besteak beste, Foxconn —munduan enkarguz gailu elektroniko gehien egiten duen enpresa—, Apple, Nike, Toyota eta Samsung enpresei. Izan ere, manufakturaren erraldoiaren mendeko direla eta, aspalditik dauzkate arazoak hornidura katean.

Adituek diotenez, enpresek ahalegina egingo dute beren hornidura iturriak dibertsifikatzeko; halaxe egin dute, adibidez, Foxconnek eta Applek: produkzioaren parte handi bat Indiara eraman dute. Litekeena da halako konpainia handiek Vietnamera eta Indonesiara ere eramatea beren ekoizpena hurrengo urteetan; izan ere, haien asmoa da herrialde bakar baten —adibidez, Txinaren— mende egoteari uztea eta hornigune fidagarri pare bat edukitzea, hartara, gune horietakoren batean arazorik balego, aurrera egin ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.