Bi helbururekin batu zituzten Irati Gurasoekin Euskal Herrira plataformak eta Sarek eragile politiko zenbait eta sindikatu guztietako ordezkariak atzo Bilboko Euskalduna jauregian, Joseba Azkarraga politikari ohiak azaldu zuenez: haiei eskerrak emateko, batetik, eta kartzelen «alderik gogorrena eta konplexuena» islatzeko, bestetik. Izan ere, haur motxiladun-en istorioetatik abiatuta egin zituen aldarrikapenak plataformak. Eztizen Artola kideak Iratiren egoera azaldu zuen, eta Porrotxek Ondizena, duela 22 urte jaiotako haur motxiladuna.
Plataforma abian jarri zenetik egindako aldarrikapenak berretsi zituen Artolak: «Lehenengo, euskal presoak Euskal Herrira ekar ditzatela, umeek ez dezaten errepideak dituen arriskuak euren gain hartu behar izan. Bigarrenik, familientzako moduluak eraiki ditzatela Euskal Herriko espetxeetan. Eta, hirugarrenik, presoen gradu progresioa martxan jartzea nahi dugu, umeak kartzelatik irtetean gurasoek baimenak lor ditzaten, elkarrekin bizitzeko».
Funtsean, «humanitatea eta eskubideak» galdegiteko antolatu zuten ekitaldia, Azkarragak laburbildu zuenez. Politikari ohiaren ustez, egungo espetxe politikak ez ditu ez bata ez bestea bermatzen, eta, hortaz, Iratirena bezalako egoerak jazo dira egun. Artolak zehaztu zuen nola bizi izan den haurra: «Ama erditu zenean, aitari ez zioten bertan egoten utzi. Madrilgo ospitale batean erditu zen Bea, eta zortzi guardia zibil izan zituen atean. Haurra izan eta gutxira, umearengandik banatu zuten lau egunez».
2020ko martxoan, Euskal Herrira ekarri zuten. «COVID-19ak harrapatu, eta ekainera arte ezin izan zuen gurasoekin bueltatu. Itzultzean, hamar egunez egon ziren Irati eta bere ama zortzi metro karratuko ziegan sartuta, egunean 24 orduz». Pasa den astean jakin zenez, Iratiren gurasoak El Duesoko kartzelara (Espainia) lekualdatzeko erabakia hartu dute agintariek, eta, aita bertara «helduta edo heltzear» dagoen arren, ama oraindik ez da Aranjuezetik irten. «Bea El Duesora eramaten duten arte, Iratik 882 kilometro egin beharko ditu, guztira, ama bisitatzeko».
22 urte ekiten
2021eko martxoaren 8an, 3 urte bete zituenean, Aranjuezeko kartzelatik (Espainia) atera zuten Irati; Bilbon bizi da orain, aiton-amonekin, gurasoengandik urrun, Espainiako legeak ezartzen baitu presoen haurrek espetxea utzi behar dutela adin horretara heltzean. Iratiren egoera izan dute hizpide azkenaldian, eta Ondizena izan zuten duela pare bat hamarkada. Ondizen ama Martuteneko (Donostia) espetxean zegoen, baina, modulu mistoaren faltan, Palentziara (Espainia) joan behar izan zen umea edukitzeko. Haurra Euskal Herriratzeko hainbat egitasmotan hartu zuen parte Porrotxek. Oraingoan ere, berdin: ekitaldia bukatutakoan, Bilboko Kasilda parkera abiatu zen, bertaratutako haur eta heldu andanari beste ikuskizun bat eskaintzeko.