Lesaka berriro batu zaio Uemari

Nafarroako udalerriarekin, 88 kidek osatzen dute orain mankomunitatea. 2021erako egitasmoak onartu dituzte Batzar Nagusian

Uemako Zuzendaritza Batzordeko eta mankomunitatearen parte diren udalerrietako kideak, atzo, Lesakan. IÑIGO URIZ / FOKU.
jon olano
2020ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak beste kide bat du atzotik: Lesaka (Nafarroa). Uemara batzeko eskaria egina zuen udalak urriaren 29ko osoko bilkuran, eta Uemaren Batzar Nagusian eman diote oniritzia. Uemako Zuzendaritza Batzordea eta mankomunitateko kide diren Nafarroako hamalau udaletako ordezkariak batu ziren atzo Lesakan bertan, eta gainerako kideek online hartu zuten parte batzarrean; ehunen bat alkate eta zinegotzik.

COVID-19aren izurria edozein ekitaldi sozial antolatzeko egiten ari den zailtasunei erreparatuta, batzarrarekin pozik agertu da Iraitz Lazkano Elgetako alkate eta Uemako lehendakaria: «Gaur egun dauzkagun baldintzak zeintzuk diren ikusita, batzarraren balorazioa oso positiboa da; jarraipena handia izan da».Onartu dituzten puntu guztietatik «aurrera begirakoak» nabarmendu ditu, eta «ongietorri beroena» eman dio Lesakari.

Ladis Satrustegi alkatea ere «oso pozik» agertu zen atzoko egunarekin, «hainbertze urtez kanpoan gelditu ondotik» berriz sartu direlako: «Bortzirietako herriak ere bazeuden, eta guk eremu hau betetzen ahal dugu modu horretara». Gainera, uste du «bertze hizkuntz politika aurrerakoiak aitzineratu ahal izateko, Uemaren laguntza ezinbertzekoa eginen» zaiela, eta gaineratu du, mankomunitatean 88 udalerri izanik, «bertze mota bateko elkarlana bultzatzen» lagunduko diela.

Izan ere, aurretik ere Uemako udalerria izan zen Lesaka, zehazki 2013. eta 2015. urteen artean, baina aurreko udalbatzak erabaki zuen mankomunitatetik ateratzea eta indarrean zegoen euskara plana bertan behera uztea.

Duela bi legegintzaldi, Bildu agintean zegoela erabaki zuen udalak Ueman sartzea, eta haren eskutik euskara plana martxan jartzea. EAJ oposizioan zegoen, eta oso gogor kritikatu zuen erabaki hura, euskara lehenesteari «diskriminatzaile» iritzita. 2015ean, Geroa Bai udal gobernura iritsi zenean, Uematik ateratzea erabaki zuen, eta plana etetea. Azken hauteskundeetan EH Bildu itzuli da alkatetzara, eta berriz eskatu du Uemako kide izatea. Udalbatzako atzoko bozketan abstentziora jo zuen Geroa Baik. Lesakarren %79k dakite euskaraz, eta kalean %74koa da erabilera.

250.000 biztanletik gora

Horrela, Uemako 88. udalerria bihurtu da Bortzirietako herria. Lesaka gehituta, gainera, Bortzirietako udal guztiak dira orain mankomunitateko kide. Uemako kide guztien artean 250.000 biztanle baino gehiago bizi diren eremu bat osatzen dute. Nafarroako herriaren aurretik, Alkiza (Gipuzkoa) izan zen batutako azkena: iaz urte amaieran Usurbilen eginiko batzarrean onartu zuten haren eskakizuna.

1991. urtean sortu zuten «etorkizuneko Euskal Herri euskaldun baten alde lanean ari den erakunde publikoa», eta, beraz, mankomunitateak hiru hamarkada beteko ditu datorren urtean. Hamazazpi udalek sortu zuten egitasmoa, eta 71 batu zaizkie 30 urteotan.

10:00etan ekin zioten bilkurari, Lesakako Harriondoa Kultur Etxean, eta, herriko udalaren eskaera onartzeaz gain, 2020an egindakoaren balantzea eta 2021erako egitasmo nagusiak ere onartu zituzten batzarkideek. Aurtengo balantzeari dagokionez, udan Uemak berak, 61 udalek eta bost garapen agentziak elkarlanean abiarazitako Bertatik Bertara kanpaina nabarmendu zuten, «landutako edukiarengatik eta izandako oihartzunagatik».

Horrez gain, beste jarduera batzuk ekarri zituzten gogora: esaterako, Orioko Udalak (Gipuzkoa) egindako Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa, Markina- Xemeingo Udalak (Bizkaia) etorri berrientzat prestatutako harrera protokoloa, edota Bermeoko Institutuan landutako Eusle proiektua.

2021erako asmoak

2021erako onartutako egitasmoetan, udalak eta udalerriak euskalduntzeko ohiko egitasmoez eta zerbitzuez gain, hiru arlo nabarmendu dituzte. Batetik, haur eta gazteen hizkuntza ohituretan eragiteko egitasmoak: Hedatu hezkuntza proiektua, udalerri euskaldunetako gazteen topaketak edota herriz herri egiten diren kontzientziazio tailerrak. Bestetik, ikerketa arloa: kale erabileraren neurketak, Iñaki Arregi ikerketa bekaren bigarren deialdia, eta haurren hizkuntza erabilerari buruzko ikerketa. Hirugarrenik, Uemak bertako kide diren udalei eskainiko dien itzulpen zerbitzua nabarmendu dute. Edozein herritarrek ofizialak diren bi hizkuntzetan arreta jasotzeko eskubidea bermatzeko laguntza izango da zerbitzu berria, betiere udal langileen lan hizkuntza euskara izan dadila bermatu ondoren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.