Minutu bateko isilunearekin hasi zuten Poliziaren indarkeriaren biktimak aitortzeko ekitaldia atzo, Bilboko Euskalduna jauregian, dagoeneko hilda dauden edo bizirik zeuden bitartean aitorpenik jaso ez zuten horiek omentzeko asmoz. Iban Garate kazetariaren gidaritzapean, hitza tartekatu zuten politikariek, adituek eta biktimek, eta Kukai dantza taldea arduratu zen horien arteko hutsuneak betetzeaz. Era horretan, eta Torturaren Biktimen Babeserako Nazioarteko Egunean, Eusko Jaurlaritzak irizpenak banatu zizkien ekitaldira bertaratu zirenei, 1960 eta 1978 bitartean torturak eta giza eskubideen urraketa larriak jasan zituzten 30 biktimei edo haien ingurukoei. Hala ere, aitortutako kasuak 35 dira.
2018ko uztailean eratu zuten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan giza eskubideen urraketak jasan zituzten biktimen aitorpenerako eta erreparaziorako Ebaluazio Batzordea, baina, prozesu judizialen eta izurritearen ondorioz, 2020 erdialdean hasi zen lanean. Adituz osatutako talde bat da, eta aste honetan jakinarazi du biktimen aitortzarako mila eskari inguru jaso dituztela, eta horietatik 55 kasu aztertu eta 35 ebatzi dituztela. Halere, orain gainerako guztiak aztertu beharko dituzte.
Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua izan zen lehena hitza hartzen, aitortza bat egitearekin batera. «Zuen egia aldarrikatu nahi dugu; zuena ez ezik, guztiona izan behar duena. Isiltasun eta ahanztura gehiagorik ez. Torturatuak izan zineten». Haren arabera, biktimek erdigunean egon behar dute, eta «oroimena, egia eta aitorpena» bermatzea eta gertaera berberak ez errepikatzea izan behar da helburua. «Bide horrek helmuga bakarra du: bizikidetza, gehiago eta hobea».
Juana Balmaseda Ebaluazio Batzordeko presidentea eta abokatua ere ekitaldian egon zen, eta, biktimei eskerrak ematearekin batera, mezu bat helarazi zien: «Zuen mina eta sufrimendua errespetatzen ditugu, baina ezin dugu min gehiago gehitu; ez gaude horretarako». Beraz, erantsi zuen batzordearen «betebeharra eta helburua» lanarekin jarraitzea dela, eta ez soilik «legea betetzeko», baita «egiari, justiziari eta erreparazioari» erantzun bat emateko ere.
Biktimak eta testigantzak
Banan-banan eta abizenaren ordena alfabetikoari jarraituta igo zen biktima edo senide bakoitza bere irizpenaren bila agertokira. Horietako hiruk hitza ere hartu zuten.
Guardia Zibilak 1976ko apirilaren 10ean hil zuen Felipe Suarez, errepideko kontrol batean tiro bat jaso eta bi egunera, Zestoan (Gipuzkoa). Haren alaba da Noelia Suarez, eta jakinarazi zuen gertaera horien ostean jatorrira egin zutela itzulera, Gaztela eta Leonera (Espainia), eta une horiek «oso gogorrak» izan zirela, besteak beste, «isilik» egon behar zutelako. «Gu haurrak ginen, eta pixkanaka ulertu genuen zer gertatzen ari zen; hala ere, bazirudien zerbait gaizki egin genuela; une batean errudun ere sentitu ginen».
Belen Matabuena balmasedarrak, berriz, tratu txarrak eta torturak jasan zituen 1973an eta 1975ean. «Gaztetatik izan dut barneratua zer den emakumea, euskalduna eta langilea izatea, eta, beraz, erabaki nuen frankismoaren aurkako borrokan sartzea». Hain zuzen, erantsi zuen eraso horietako asko egiteko «emakume izaera» baliatu zutela erasotzaileek, eta Jaurlaritzak ere aitortu du andreen kasuan «are okerragoak» izan zirela jasandako irainak, besteak beste. Hala ere, borrokarako grinarekin jarraitzen du: «Egin zigutenaren ostean ere, ez diot inoiz borrokatzeari utzi; aurrera!».
Matabuenaren eran, Ines Baraiazarra ere tratu txarren eta torturen biktima izan zen 1972an eta 1975ean. Talde oso baten izenean hartu zuen hitza, eta nabarmendu zuen urte horietan guztietan jasotako zigorrak «herriaren aldeko militanteak» izateagatik jaso zituztela. Orain, aitortu zuen aukera dagoela kasuak mahai gainean jartzeko, eta «pozik» daudela. Dena den, urratsak egiten jarraitu beharra dagoela uste dute, eta, besteak beste, instituzioei egin diete horretarako eskaria. «Urraketa guztiak salatu arte lanean jarraitu behar da; ez dadila berriro gertatu».
«Puzzlearen zati bat»
Egiari Zor fundazioak ekitaldiaren balorazioa egin zuen. Haren arabera, «urrats garrantzitsua» izan da, hala nola «[Espainiako] estatuak hamarkadetan zehar euskal gatazka politikoaren inguruan baliatu duen indarkerien puzzlea» eraikitzen jarraitzeko. Baina azaldu zuen atzoko ekitaldian egin zen aitortza puzzle horretako «pieza txiki bat» baino ez dela, nahiz eta horrelakoak egitea «beharrezkoa» izan.
Poliziaren indarkeriaren 35 biktima aitortu ditu Jaurlaritzak
1960 eta 1978 urteen arteko biktimak izan dituzte gogoan. Biktimek uste dute urraketa guztiak salatu arte egin behar dela lan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu