Gerra zikinaren kanpaina odoltsuena, GAL sigla erabiliz burutua, 1983ko bukaeran abiatu zuten eta, ia berehala, PSOEtik oso gertuko El País egunkaria hainbat berri argitaratzen hasi zen. Gerra zikina frankismoan hasi eta geroztik martxan zegoela oso argi uzten zuten berriak. Aldi berean, hori bai, egunkariak ahal zuen guztia egin zuen gerra zikin haren arduradun gorenak nor ziren argitu ez zedin. Adibidez, GAL sigla erabiliz aldarrikaturiko lehen hilketa gertatu eta egun gutxira argitaratu zuen editorialarekin.
Editorial haren arabera, Espainiako Barne Ministerioko arduradun batek honako hau esan zien: «Erabaki genuen [frantses eta espainiar] poliziek beren artean konpondu behar zutela, eta Argalaren heriotza bezalako gaietan politikariek ez zutela parte hartu behar, politikariok ez baikara diskretuak, eta badaude Estatu arazo batzuk kontaezinak izan behar dutenak».
Urte batzuk geroago, erabat frogatu zen hura ez zela batere egia. El País-ek editorial hura atera zuenean, PSOEko goi-arduradun politikoak, Felipe Gonzalez buru zutela, buru-belarri sartuak baitzeuden gerra zikinean. Eta zantzu guztien arabera, beste horrenbeste egin zuten UCDko agintariek, Adolfo Suarez gobernuburu zenean, eta baita frankismoan jardun zutenek ere.
PSOEko agintariak kondenatuak izan ondoren, El País-ek berriro azpimarratu zuen frankismoan hasitako gerra zikinarekin jarraitu besterik ez zutela egin sozialistek. Egunkariko editorialista zen Javier Praderak argi utzi zuen: «ETAren aurkako borroka ilegala frankismoan hasi zen, trantsizioko lehen gobernuekin jarraitu zuen, UCDren garaietan ere bai, eta PSOEren lehen legegintzaldian berragertu zen, betiere lan zikinak egiteko mertzenario-talde bera erabiltzen zuten Estatuko aparatuetako agenteek zuzendua».
Mertzenario haietako bat Jean-Pierre Chérid izan zen, gerra zikinean frankismo garaian parte hartzen hasia. Eta halako lan zikinetan jarraitu zuen, harik eta 1984ko martxoaren 19an Biarritzen manipulatzen ari zen bonba-auto bat lehertu zitzaion arte. Hainbat errefuxiatu erail asmo zuen bonba-auto harekin, eta ekintza GAL sigla erabiliz erreibindikatu.
Chérid hil ondoren, polizia frantsesak haren agenda aurkitu zuen eta bertan hainbat telefono-zenbaki. Haien artean, Espainiako Barne Ministerioko Ekintza Berezien Kabinetekoa zen Manuel Pastrana guardia zibilarena eta Mario Ricci neofaxista italiarrarena.
Riccik eta Chéridek, beste ultraeskuindar askorekin batera, bi militante karlista hil zituzten Lizarran, Montejurran, 1976ko maiatzaren 9an. Eta frogatua dago ultraeskuindar haietako asko mertzenario gisa ibili zirela espainiar zerbitzu sekretuen agindupean. Bai lehenago, bai ondoren.
Ukaezina da, halaber, nor izan zen aginduak ematen zituen zerbitzu horietako agentea. Jean-Pierre Chériden agendan bere telefonoa ere bazegoen. Pedro el Marino ezizenez ezaguna zen Armadako ofizial bat: Juan Manuel Rivera Urruti, zeina 1969an Indar Armatuetako Estatu Gorenera destinatu zuten, eta kabinete berezi batean hasi zen lanean. Antonio Cubilloren MPAIAC infiltratzen ere jardun zuen eta, bereziki, mertzenarioen komandoak antolatzen gerra zikinerako.
Horren froga garbia da Guardia Zibilak 1979an egin zuen txosten esanguratsu bat. Bertan, oso zehazki azaltzen baitzen Rivera Urrutik izandako parte hartze zuzena Guardia Zibilak bertan behera utz zezan martxan zuen ikerketa garrantzitsua. Madrilgo etxebizitza batean ziren Chérid eta beste mertzenario batzuek zituen jomugan Guardia Zibilaren ikerketa hark eta txostenak argi eta garbi zioen, Riverak emandako aginduari men eginez, bertan behera utzi behar izan zutela.
SER irratia eta El País egunkaria izan ziren txosten hura ezagutzera eman zutenak, 1998an, eta oso nabarmena iruditzen zait nork eman zien txostena bi hedabideei: PSOEk, alderdiak argi utzi nahi baitzuen, berriro ere, frankismo garaitik erabiltzen zen gerra zikinari jarraitu besterik ez zutela egin. Horregatik helarazi zien txostena gertuen zituen komunikabideei, bide batez mehatxu argi bat zabalduz: halako gehiago zituzten eta erabil zitzaketen.
Leganesko futbol zelaiko aldageletan Chéridek ahaztuta utzi zuen poltsa bat aurkitu ondoren hasi zen txostenak aipatzen zuen ikerketa. Poltsa hartan hainbat gauza zegoen. Besteak beste, Espainiako Poliziak Gernikako Astra arma-fabrikan erositako errebolber bat, Chériden nortasun agiri faltsuak bere argazkiarekin, euskal errefuxiatu politikoei buruzko datu ugari eta Estatu Segurtasuneko telefono-zenbakiak zituen agenda bat.
Txostenaren arabera, orduan fragata kapitaina zen Rivera izeneko zerbitzu sekretuetako agente batek agindu zuen ikerketa bertan behera uzteko, Chérid eta gainerako mertzenarioak, hitzez hitz, «haien jendea» zirela esanez. SER irratiak eta El País-ek txostena zabaldu zutenerako, identifikatua zegoen Rivera jauna (adibidez, 1996an argitaraturiko liburu batean), baina irratiak eta egunkariak, seguruenik PSOEren aginduei jarraikiz, gezurretan jardun zuten, haren benetako izena Pedro Martínez zela esanez.
Horri buruz, azpimarratzekoa da Chérid hil ondoren, 1984an, Cambio 16 aldizkariak Alacanteko aireportuan ateratako argazki bat argitaratu zuela, non Juan Manuel Rivera Urruti Pedro el Marino azaltzen zen mertzenario talde zabal baten buruan. Tartean, Chérid eta Ricci.
Hala ere, Rivera Urrutik itzalpean jarraitu ahal izan zuen, hainbat kazetarik izandako jarrerarengatik, Pedro el Marino delakoa Pedro Martinez zela esaten jarraitu baitzuten urte luzez, nahiz eta ederki zekiten zein zen bere benetako identitatea. Gezur horrekin babestu zuten mertzenario talde haren benetako antolatzailea, zeinaren aita Carrero Blancorekin izan zen Itsas Akademia Militarrean.
Esan beharrik ez espainiar justiziak ez zuela Rivera Urruti inoiz deitu deklaratzera; ezta lekuko gisa ere. Gaur da eguna erdi-itzalpean eta ederki babestua jarraitzen duena. Noiz arte?
Gerra zikinaren arduradun gorenak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu