Energiaren arloa komunitateetan eraldatzera dei egin dute

Mintegi bat egin dute udal proiektu energetiko komunitario eta burujabeei buruz, Udalbiltzak antolatuta. Hainbat egitasmo aztertu dituzte

Maitane Arri, Idoia Zulet eta Aitor Urresti atzoko mahai inguruan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
arantxa iraola
Hernani
2021eko azaroaren 14a
00:00
Entzun
«Parte hartze anitza eta plurala lortu beharko genuke», argudiatu zuen EHUko irakasle Aitor Urrestik. «Herritarrek ez badituzte bere egiten, eraldaketarik ez da gertatuko», defendatu zuen Arankoa abokatu bulegoko kide Idoia Zuletek. «Gizarte zerbitzuekin-eta batera lan egitea garrantzitsua da», erantsi zuen Ekologistak Martxan taldeko kide Maitane Arrik. Hiru iritzi izan ziren, hirurak atzo Udalbiltzak antolatutako Udal proiektu energetiko eta burujabeak mintegiaren amaierako mahai inguruan adierazitakoak, eta norabide oso antzekoan egindakoak: komunitate energetikoen izaera indartzera eta trinkotzera egin behar da, benetan «eraldaketa sozialerako» tresna izan daitezen. Hernanin (Gipuzkoa)gin zuten mintegia, Orona fundazioaren auditoriumean. Euskal Herriko hainbat egitasmo aztertu zituzten, eta Grezian ari den kooperatiba bateko kideek ere izan zuten beren egitasmoaren berri emateko modua. Etorkizunari begira, zer? Energia komunitateen erronka nagusiak mahai inguruan solastatu ziren Urresti, Zulet eta Arri.

Komunitatean pentsatutako eta ondutako egitasmoak lantzen jarraitze aldera, instituzioek zeregin garrantzitsu bat dutela uste du Urrestik. Izan ere, energia lortzeko azpiegiturak jartzeko orduan, «gatazkak» sortzen dira zenbaitetan, baina pentsatzen dumotibo nagusi bat dagoela horretarako: «ordenamendu» egoki bat falta da. «Gatazkak daude,inolako antolaketarik ez dagoelako». Horiek horrela, «errentagarritasun» hutsean oinarritutako irizpideak garatzeko arriskua dago, eta gatazken iturburu izaten dira halakoak. Berehala leundu behar da halakoak saihesteko bidea: «Energia berriztagarrien bolada berri bat heldu da, eta lanak ez ditugu eginda».Zuleten iritzian ere, badira sor daitezkeen interes ezberdinen arteko «bizikidetza» arazoak bideratzeko jarraibideak, eta instituzioen «ardura» da horiek garatzeko oinarriak jartzea.

Erantzunak behar dira

Esate baterako, komunitate energetikoak kasko historikoetan-eta garatu nahi direnetan, izaten diren arazoak: azpiegiturak-eta jartzeko eragozpenak izaten dira sarri askotan. Usu traba horien «koherentzia» ulertzen zaila izaten dela uste du Urrestik, eta benetan gainditu ezin diren eragozpen klaseak direnetan, instituzioei dagokiela «zer beste aukera» egon daitezkeen ebaztea eta azaltzea: «Izan ere, guztiok izan behar dugu gure energia sortzeko eta erabiltzeko aukera».

Komunitate sendoak ez ezik, ikuspegi zabala dutenak ere behar dira, eta erreparatu behar zaio, adibidez, energia lortzeko erabiltzen diren gailuen bidez-eta sortzen den kutsadurari eta, areago, horiek lortzeko prozedurei. Hor ikuskera «etiko» bat behar dela defendatu du Arrik: «Materialen erauzketan-eta, ipar-hego arteko harremanak apurka kontuan hartu beharko genituzke».

Egiteko era berriak

Ikuspegi zabal horretan, komunitate energetikoak ehuntzeko garaian, erreparatu egin behar zaie «botere harremanei» ere. «Energia komunitateek, berez, definizioz, botere harreman askoren haustura dakarte», defendatu du Arrik. Horietan, orain, feminismoak proposatutako jarduteko ildoan, «zaintzarekin» lotutako aldagaiak aintzakotzat hartu behar direla pentsatzen du.

Energia komunitateak ehuntzeko garaian, usu, beste alor askotan bezala, gizonak gailentzen ikusi ditu Zuletek, baina orain hurbilean baditu bestelako esperientziak ere, eta «gobernantza» modu berrien eremu direla esplikatu du, pozik: «Energiak ez baitu izan behar gizonen kontua, eta komunitateak ere ez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.