Emakume Abertzaleen VIII. Topaketa Feministak egin zituzten atzo, Bilbon, Durangon (Bizkaia), Donostian, Errenterian (Gipuzkoa), Antsoainen, Elizondon (Nafarroa) eta Gasteizen. Topaketak etxetik ikusteko aukera ere izan zen, eta ia 600 emakume bildu ziren guztira, bazterretik bazterrerago daudenei begira jarri ziren hizlariak entzuteko.
Donostian egin zuten mahai inguru nagusian, Lurralde askean bizitza askeak zutela lelo, harreman kolonialei buruz hausnartzen jardun ziren Iratxe Retolaza, Pastora Filigrana, Ana Murcia eta Amaia Zufia, eta Udane Migeltorenak gidatu zuen saioa. Feminismoaz aritu ziren, baina baita, euskalgintzaz, antirrazismoaz eta klase borrokaz ere. Orain arte egindakoa mahai gainean jarri, eta etorkizuneko erronkak zehaztu zituzten.
Retolaza iraganera begira jarriz hasi zen, genero ikuspegitik abertzaletasunaren genealogia aztertuz, XIX. mendearen hasieratik. Emakume Abertzaleen Batzan jarri zuen begirada. Retolazak nabarmendu zuenez, amatasunari egin zion hark gorazarre hiru norabidetan. Esaterako, testuinguru hartan, arrazaren iraupena emakumeen ardura zen, eta «arraza garbiak» bizirik irauteko diskurtso batzuk sortu zituzten. «Ikuspegi ideologista eta arrazista hori gaindituta dago; arrazaren bueltan sortzen den abertzaletasunik modu esplizituan ez dago, baina iruditzen zait, halere, ikuspegiaren oihartzun batzuk baditugula batzuetan, ez diskurtso egituratuetan, baina bai mundu sinbolikoaren eremu batzuetan», ohartarazi zuen.
Aliantzen beharra
Aliantzak eta sareak iruteko beharra azpimarratu zuten hizlariek. «Mundu guztiaren lan indarrak eta bizitzak ez dute berdin balio», adierazi zuen Filigranak. Azaldu zuenez, emakume izateak merkatu egiten du biziaren prezioa, gorputz arrazalizatu bat izateak lan indarra merkatzen duen bezala. Zehazki, herri ijitoak jasaten duen eta jasan izan duen jazarpenaz aritu zen Filigrana. Ohartarazi zuen ezin dela alderatu herri ijitoaren «zati handi batek» bizi duen bazterketa eta prekaritatea Euskal Herrian bizi denarekin, baina «etsai komuna» zein den identifikatu zuen: Espainiako Estatua. «Munstroaren gorputza berdina da, eta horrek gutxienez elkarrizketa komun bat edukiarazi behar digu».
Murciak ere emakume arrazializatuekin aliantzak egiteko beharra azpimarratu zuen, baita haien artean sareak jostekoa: «Niretzat lorpen handia da espazio batean proiektu komunitario oso interesgarri bat egotea, eta bertan beltzak, indigenak, mestizoak eta emakume arabiarrak egotea».
Euskarari buruz ere aritu ziren hizlariak. Murciak, esaterako, alor horretan emakume migratuekin egiteko dagoen lana azaleratu zuen. Zufiak nabarmendu zuen feminismoaren lan lerroetako bat dela euskararena, euskara «erdigunean» jartzea, baina badagoela zeregina: «Euskara erdigunean jartzeko, akordio berritu bat indartu behar genuke feminismotik ere. Askotan, kostatu zaigu gure kideei ulertarazteaeuskara ere badela erresistentzia praktika bat munstro kolonial kapitalista horren aurrean».
Zufiak azpimarratu zuen helburua argia dela: «Euskal Herrian sustraitutako mugimendu feminista, antirrazista eta euskaldun bat artikulatzea; mugimendu anitza, deszentralizatutakoa izango dena; adostasunetatik, baina desadostasunetatik ere eraikitzen dakiena; eta gauza batzuetan batasuna, intzidentzia eta mintzakidetza lortuko duena». Haren irudiko, bazterretik zentroa interpelatzen ari dira, euskaldunak, gazteak, pentsiodunak eta migratuak, baina ez dute hainbeste zehazten zentro horretan nor geratzen ari den, eta nork hartuko duen horren ardura. «Askotan, askapen prozesuak ulertzen ditugu menderakuntzetatik askatzeko prozesu gisa, baina ez hainbeste boterearen galera bat eskatzen digun prozesu gisa». Zufiak, berriz, borrokak ez mailakatzearen alde egin zuen: «Gaur irudikatu moduan, euskalgintza, antirrazismoa, klase borroka eta feminismoa batera doaz».
Bazterretakoak erdian jarriz
Iratxe Retolazak, Pastora Filigranak, Ana Murciak eta Amaia Zufiak mahai ingurua egin dute Emakume Abertzaleen VIII. Topaketa Feministetan. Ia 600 lagunek hartu dute parte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu