Koronabirusa

Kutsatze foku bat detektatu dute Arrasateko Aita Menni ospitalean

Erietxeko bost langile kutsatu dira, eta bisita oro bertan behera utzi dute zentroan, prebentzio gisa. Basurtuko ospitalean kutsatuak 37 dira dagoeneko; horietatik hamalau, profesionalak

Arrasateko Aita Menni ospitalea, artxiboko irudi batean. JUANAN RUIZ / FOKU.
edurne begiristain
2020ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila beste kutsatze foku bat aztertzen ari da Arrasateko (Gipuzkoa) Aita Menni ospitalean. Bost profesionalek eman dute positibo PCR proban: bostak asintomatikoak dira, eta negatibo eman dute test serologikoan. Nekane Murga Jaurlaritzako Osasun sailburuak atzo jakinarazi zuenez, horko langile guztiei eta kutsatutako profesionalek artatutako pazienteei PCR probak egin zaizkie, eta denek negatibo eman dute.

Kutsatu diren bostak Aita Menni ospitaleko langileak dira: horietako lau erietxeko administrazio saileko beharginak dira, eta bestea, buruko gaitzak artatzen dituzten babestutako etxebizitza bateko langilea da. Bost pertsonak etxean bakartu dituzte. Aita Menni ospitaleak atzo ohar batean jakinarazi zuen babestutako etxeetan dauden gaixoak beste gune batera eraman dituztela, eta osasun etxeko bisita oro eten egin dutela, prebentzio neurri gisa.

Arrasateko ospitalekoa ez ezik, azken astean beste foku batzuk sortu dira hiru ospitaletan: Basurtukoan (Bilbo), Gasteizko Txagorritxukoan eta Barakaldoko (Bizkaia) Gurutzetan. Arrasatekoa kutsatze fokutzat jotzen du Osasun Sailak, bost profesionalek zerikusia zutelako elkarren artean, baina beste kasuak ez.

Basurtuko ospitalean 37 dira jada orain arte atzemandako positibo berriak, eta horietatik hamalau langileak dira. Osasun sailburuak adierazitakoaren arabera, bilatu ahala detektatu dituzte kasu berriak, eta horietako bi aurretik bakartuta zeuden: negatibo eman zuten PCR bidezko proban, baina, sintomak izanik, zortzi egun geroago egin ohi den bigarren testa aurreratu egin diete, eta orduan eman dute positibo. Gainera, Basurtuko ospitaleko erditze geletan lan egiten duten profesionalek eta han ziren pazienteek negatibo eman dute, eta atzo bertan gune hori berriro ireki zuten.

Gasteizko Txagorritxuko ospitalean, berriz, ez da aldaketarik izan azken orduetan, eta lehen zeuden zazpi kasuak daude: profesional bat, hiru paziente eta hiru bisitari edo hurbileko.

Murgak atzo nabarmendu zuen «azkar» erantzuten dutelaeta «prozedura» betetzen ari direla. Hala, Eibarko (Gipuzkoa) beste kasu baten berri ere eman zuen: asintomatikoa da, eta screening batean atzeman diote birusa. «Aisialdi lokal» batzuetan jarduten zenez, horko langile guztiak negatiboak direla baieztatu arte itxi egin dituzte lokalak.

Bi hildako Hegoaldean

Bestalde, azken orduetan beste 24 koronabirus kasu agertu dira Hego Euskal Herrian. Kasu horietatik, hiruna izan dira Araban eta Nafarroan, eta bederatzina Bizkaian eta Gipuzkoan. Gainera, beste bi pertsona hil dira koronabirusagatik Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Nafarroan, berriz, ez da hildakorik izan koronabirusagatik.

Kasu positiboen gainean «kontrol» handia dagoela azpimarratu zuen atzo Murgak. Haren arabera, kasu horiek agertu dira horien bila joan direlako, eta kasu gehiago aurkitzeko «jarrera proaktiboa» izaten jarraituko du Osasun Sailak. Kasu berri horiek ikertzen ari da Osasun Saila, eta inkesta epidemiologikoak ari da egiten telefonoz. 21 kasu berri horietatik hamar jada kontrolatuta zituzten aurretik, ustez positiboak izan zitezkeelakoan. Murgaren arabera, «oso eraginkorrak» izaten ari dira Osasun Sailak positibo berriak atzemateko martxan jarritako «kontrol sistema» eta «bilatze aktiboa».

Azken orduetan positibo kopuruak gora egin arren, Jaurlaritzak orain arte marraztutako bide orriarekin jarraituko du, Murgak baieztatu zuenez. Kasu positibo gehiago agertu dira, baina «kasu komunitarioak» kontrolatuta daude, eta, beraz, egungo egoera aldatu ezean, Jaurlaritzak ez du aldaketarik egingo alarma egoeratik ateratzeko planean.

Bestalde, kutsatze gehiago ez izate aldera, ospitaleetako bisitentzako protokolo bat lantzen ari da Osasun Saila. «Arrisku gehien dituzten eremuak identifikatu nahi ditugu; adibidez, immunoeskasia dutenena edo onkologia zerbitzuarena». Protokoloaren bitartez identifikatu nahi dute zer gaixorekin den zailagoa segurtasun neurriak betetzea. Kasu horietan, bisitariek PCR proba egin beharko dute, tenperatura hartuko zaie, eta agiri bat sinatu beharko dute egunero etxean tenperatura hartzeko konpromisoa hartuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.