«Paulo Garaialde Jauregizabal taxista hemendik eraman zuen Triple A-k», dio Alegian (Gipuzkoa) Garaialde zena oroitzen duen plakak. Gaur dira lau hamarkada Garaialde tiroz hil zutela. 1982ko urtarrilaren 2a zen, eta atzo beteko zituzkeen ehun urte, bizirik balego. Efemeridea baliatuta, aitaren memoria plazaratu nahi izan du Iñaki Garaialde semeak, eta kasuari buruzko txosten bat ondu du Elixabete Garmendia Lasa kazetariak. Eusko Jaurlaritzaren esku utzi zuten dokumentua astelehenean. «Data borobila denez, asmoa da azaleratzea aitari egin zizkioten injustizia guztiak: bizi zen bitartean, hil zutelako, eta hil ondoren ere bai», dio Garaialdek.
Zein zen Paulo Garaialde? Jaiotzez, Orendaingo errotakoa zen, Iñaki semeak gogora dakarrenez: «Pertsona bat oso irekia, kontuetan eta berriketan aritzeko pertsona bat, abertzalea, jeltzalea, independentista. Oso elizkoia zen, fede handia zuen». Taxi gidaria zen Alegian (Gipuzkoa), eta lanean ari zela hil zuten; gauerdian zerbitzu bat emateko dei bat jaso, eta haren arrastorik ez zen agertu hurrengo eguerdira arte: «Leitzarango ibarrean, basoaren erdian, oso leku apartatuan, haren gorpua aurkitu zuten bi pertsonak. Atestatuak dio bi pertsonak deklaratu zutela gorpu bat aurkitu dutela Leitzaranen. Atestatuetan ez da ageri bi pertsona horiek nortzuk ziren; ez zieten deklaraziorik hartu».
Izan ere, Garaialderen hilketak baditu ezaugarri berezi batzuk: batetik, haren hilketaren egiletzaren inguruan sortu zen uste faltsua, eta, bestetik, ikerketa judizialak eginiko bide laburra. Garaialde hil ondoren, nahasmena sortu zen egiletzaren inguruan, Iñaki Garaialdek gogora dakarrenez. «1972an, herrian zabaldu zen salatari bat zela. Hori zela eta ez zela, ETAk bonba bat jarri eta autoa lehertu zion». Urtarrilaren 3an egunkariek hilketaren berri eman zutenean, ETAren erasoa gogorarazi zuten. Sustraitu egin zen uste okerra herritarren iruditerian, urteetan. Halere, MULA Terrorismoaren Aurkako Aginte Bakarrak atera zuen oharrean, azaldu zuen ez zirudiela ETAk eginikoa, eta ikerketa beste bide batean zihoala.
Nahasmenak ez zuen etenik izan: handik bi egunera, Komando Autonomoen hipotesia zabaldu zuen MULAk. Urtarrilaren 4an, ordea, Triple A-k bere egin zuen atentatua, esanez oker bat izan zela, eta hilaren 6an, ukatu egin zuen. Biharamunean, Batallon Vasco Españolek azaldu zuen Triple A-k exititzeari utzi ziola 1980an. Bitartean, ETAk ez zioen ezer, eta horrek zurrumurruetarako atea zabalik utzi zuen, ekainean ETAren agiria iritsi zen arte, egiletza ukatuta. «Sei hilabete geroago atera izanak lagundu egin zien esamesei», dio Garaialdek, eta horrek «estigma bat» sortu zuela.
Ordurako, senideek eurek «ebidentziak» zituzten ETAren egiletza baztertzeko. Batetik, tiroak eskopeta batekin eginikoak zirela, eta hori ez zela ETAk erabili ohi zuen arma bat; bestetik, auzia hilketa gertatu eta hilabetera itxi zutela. Apenas ikertu zen, eta kartutxoei buruzko azterketak ere ez ziren iritsi epaitegira. Ikertzeko asmo eskas horren erakusgarri, autoarekin gertatutakoa: senideei jakinarazi zieten non agertu zen Paulo Garaialderen ibilgailua, eta esan zieten joateko bila. Jaso zuten senideek, eta, behin autoa etxera eramanda, Poliziak txosten batean jaso zuen ezin izan zutela autoa arakatu. Ikerketa lerro posible guztiak itxita geratu zen auzia. «Babesgabetasun ikaragarria» gogoan du Iñaki Garaialdek, eta baita ezker abertzalearen nahiz EAJren aldetik izandako babes falta ere.
«Izen ona» itzultzea xede
Justiziarik gabe, ukatutako egiaren eta aitortzaren bidea urratzen hasia da azken hamarkadan. 2012ko ekainaren 23an jarri zuten plaka Alegian, eta, 40. urteurrenean, bultzada bat eman nahi diote Garaialderi memoriari, txostena prestatuta: «ahaztuta» egon delako; «aitaren izen ona bere lekuan» jartzeko, «kristorenak pasatu zituelako bizitzan eta heriotzan», eta «propio» ez ikertutako kasu bat izan dela salatzeko.
«Eraman» zuten taxista oroimenean
Triple A-k Paulo Garaialde hil zuela 40 urte bete dira gaur. Txosten bat prestatu dute auziaz, taxi gidaria zena ahanzturatik ateratzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu