Foro Sozialaren ustez, «sektore ezberdinen» lana da bizikidetza

Plataformak prest ikusten du euskal gizartea «elkarrizketa zintzo baterako» eta kontakizun ezberdinek tokia dutela onartzeko

Foro Soziala osatzen duten elkarteetako hainbat kide, atzo, Donostian. G. R. /FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
2021eko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
«Bizikidetza demokratikoaren eraikuntza etengabeko prozesu bat da, eta gizarteko sektore ezberdinek elikatu behar dute». Bi ideia horiek Foro Sozial Iraunkorrak Bizikidetza demokratikorako konpromiso soziala ekinbidetik eratorritako ondorio nagusietako batzuk dira. Plataformako hainbat kidek egitasmo horren lehen sei hilabeteetan emaniko pausoen berri eman zuten atzo, eta webgunean herritarrentzako irekitako buzoia uztailaren 15era arte irekita dagoela gogoratu zuten. Era berean, iragarri zuten iritzi guztiak jaso ondoren agiri bat plazaratuko dutela, urrian, «bizikidetza demokratiko bat eraikitzeko oinarriak» biltzea asmo izango duena.

Donostiako Miramar jauregian egin zuen agerraldia Foro Sozialak, Elkarrekin Bakean Bizitzeko Eskubidearen Nazioarteko Egunaren karietara. Hasi aurretik, omenaldia egin zioten Mixel Berhokoirigoin hil berriari, eta, ondoren, Eneko Calle foroko kideak hartu zuen hitza. Urrian hasitako prozesuaren nondik norakoen berri eman zuen; besteak beste, foroa osatzen duten elkarteekin izandako bilerak eta hamabi pertsona erreferentziali eskaturiko iritziak.

Lehen bi ondorioez gain, «giza eskubideak babestuko dituen» eta «gatazkak konpontzeko indarkeriaren erabilera baztertuko duen» etorkizun baten aldeko «apustu garbi baten» garrantzia nabarmendu zuen Callek. Izan ere, foroaren ustez, zenbait aldagai ezinbestekoak dira bizikidetza demokratikoa lortzeko: «Ongizate komuna bilatzeko borondatea, pazientzia, ahalegina, politika publiko iraunkorrak, aniztasun kulturalaren onarpena eta gizarte aktibo bat».

Sei hilabeteko hausnarketaren ondoren, foroak prest ikusten du euskal gizartea «elkarrizketa zintzo baterako» eta sentsibilitate ezberdinen araberako kontakizun ezberdinek tokia izango dutela onartzeko. Betiere, «indarkeriaren bazterketa» eta halako oinarrizko irizpide batzuk badituzte. Gai berean, azaldu zuen indarkeriarik eza ez dela «bake justu eta iraunkor baten berme», eta lanean jarraituko duela preso eta iheslarien egoera «modu integralean» konpontzeko, biktimen aitortza eta erreparazioa lortzeko, eta «memoria kritiko inklusibo» bat sortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.