Hego Euskal Herria konfinamendua arintzeko hirugarren fasera pasatuko da bihar. Bi berritasun nagusi ekarriko ditu fase aldaketak: batetik, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak COVID-19 izurritearen kudeaketaren ardura osoa hartuko dute, baita egoera berrira egokitzeko erabakiak hartzeko ere. Bestetik, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrak herrialde batetik bestera ibili ahal izango dira, inolako mugarik gabe; oraingoz, ezingo dira Nafarroara joan, ezta alderantziz ere. Araba, Bizkai eta Gipuzkoa barruan egiten den pertsonen garraioak —errepideetakoak eta trenbideetakoak— %100 edukiera eta maiztasuna izango ditu, eta maskarak jantzita joan beharko da. Gainera, aurrerantzean, hogei pertsona elkartzeko aukera egongo da —hamabostekoa zen orain arte—. Jaurlaritzako sailburu Nekane Murgak eta Arantxa Tapiak atzo eman zituzten xehetasunak, prentsaurrekoan, eta ostiralean egin zuen gauza bera Nafarroako presidente Maria Txibitek.
OSTALARITZA
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, ez da gehienezko edukierarik egongo ostalaritzan, elkarte gastronomikoetan eta jatetxeetan. Barran zerbitzatzea ere baimenduko dute. Espainiako Gobernuak aurkakoa esan badu ere, diskotekek eta gaueko tabernek itxita segitu beharko dute. Nafarroan, elkarte gastronomikoak irekita egongo dira. Ostalaritzako terrazetan gehienezko edukiera %75ekoa izango da, eta barruan, bi herenekoa. Beste astebetean gutxienez, ezingo da barran kontsumitu.
MERKATARITZA
Nafarroan, txikizkako merkataritzako saltokiak eta lokalak eta zerbitzu profesionaletako jardueretarakoak irekitzeko aukera egongo da, erakusketarako eta salmentarako azalera edozein dela ere, eta edukiera gehienez ere %50ekoa izanik. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan merkataritzarako erabiltzen diren guneak edukieraren %60an egongo dira irekita, eta espazio komunetan eta jolasguneetan ere neurri bera errespetatu beharko da.
HEZKUNTZA
Eusko Jaurlaritzak 0-3 urtekoentzako haur eskolak irekitzea baimenduko du astelehenetik aurrera, gehienez edukieraren %60an. Ospitaleko, etxeko eta hezkuntza terapeutikoko hezkuntza arretarako lurralde zentroetan aurrez aurreko jarduerari ekingo diote.
KULTURA
Jaurlaritzak iragarri duenez, liburutegiak, museoak, azokak egiteko eremuak, erakusketa aretoak eta zinemak irekita egongo dira, gehienez %60ko edukierarekin. Leku itxietan kultur jarduerak egiteko, gehienezko edukiera %60koa izango da, eta 80 pertsona elkartzeko aukera egongo da, aurrez esleitutako eserlekuekin. Aire zabalean egiten direnean ere, gehienezko edukiera %60koa izango da, baina mila pertsona elkartzeko aukerarekin, eserlekua aurrez esleituta. Nafarroako Gobernuaren arabera, liburutegietan eta museoetan kultur jarduerak egin ahal izango dira, %50eko edukierarekin. Gehienezko edukiera bera izango dute entzunaretoek, zinema aretoek, antzokiek, zirkuek eta antzeko espazioek, eta eserlekuak aldez aurretik esleiturik dituzten guneek, ikuskizunetarako eta bileretarako. Aire zabaleko ikuskizunetan eta kultur jardueretan, gehienez 400 pertsona biltzeko aukera egongo da.
AISIALDIA
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan haur eta gazteentzako aisialdiko jarduerak berriro hasiko dira egiten. Aire zabalean direnean, gehienezko edukieraren %60ra mugatuko da parte hartzaile kopurua, eta gehienez 200 parte hartzaile izango dira, hezitzaileak ere kontuan hartuta. Eremu itxietan egiten direnean ere, edukiera %60ra mugatuko da, baina gehienez 80 parte hartzaile izango dituzte, hezitzaileak ere kontuan hartuta. Kasu batean zein bestean, gehienez hamabost laguneko taldeak —hezitzaileak ere kontatuta— egingo dira. Nafarroaren kasuan, ekintzak aire zabalean egiten direnean, gehienezko edukiera %50ekoa izango da, eta gehienez 200 pertsonak parte hartuko dute. Itxitako eremuetan egiten direnean, berriz, heren bateko edukiera izango dute, eta gehienez 80 lagun elkartuko dira. Ekainaren amaierara arte, ludotekak, udalekuak eta antzekoak ez antolatzea gomendatu dute.
KIROLA
Kirol instalazioak —igerilekuak ere bai— ireki daitezke Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, gehienez %60ko edukierarekin. Taldeko entrenamenduak ere egin ahal izango dituzte, kirolarien arteko interakzioarekin, arrauneko, banku finkoko eta pilotako diziplina guztietan, ekainaren 20tik aurrera lehiatzen hasteko. Ordutegiei dagokienez, berriz, adinekoentzat eta zaurgarrienentzat ezarritako lehentasunezko ordutegia ez dute kenduko. Nafarroan, berriz, ez da ordutegirik egongo, eta hogei laguneko taldeek kirola edota paseoak egiteko aukera izango dute. Gainera, Nafarroa osoan mugitu ahal izango dira horretarako. Udal igerilekuak, berriz, ekainaren azken astera arte behintzat ez irekitzea gomendatu dute.
Koronabirusa
Aurrera, muga desberdinekin
Astelehenetik haur eskolak ireki ahal izango dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta ostalaritzan ez da edukiera mugarik egongo. Nafarroak muga gehiago ezarri ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu