Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan COVID-19a duten herritarrek ezin izango dute gaur botorik eman Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan. Atzo, Eusko Jaurlaritzak berretsi egin zuen azken orduetan zabaldutako mezua: gaixotasunagatik «mugikortasuna mugatua» duten herritarrak ezin izango dira gaur etxetik atera eta bozkalekuetara joan. Eta abisua bidali zien pertsona horiei: «Osasun publikoaren kontrako delitu bat» egingo lukete bozkatzera joanez gero, gainerako pertsonen osasuna arriskuan jarriko luketelako.
Koronabirusaren azken datuak eta gaurko hauteskunde deialdiari buruzkoak jakinarazteko, elkarrekin agertu ziren atzo komunikabideen aurrean Nekane Murga eta Estefania Beltran de Heredia Osasun eta Segurtasun sailburuak, hurrenez hurren. Koronabirusa duten herritarrei ezarritako debekuaren inguruan galdetuta, Murgak argudiatu zuen «osasun publikoko» arrazoiengatik dela, eta berdin jokatzen dela bestelako gaixotasun infekzioso batzuk dituzten gaixoekin ere. Mugikortasuna mugatzea «guztien onerako» dela azpimarratu zuen Murga sailburuak, eta «norberaren ardura» dela botoa ematera ez joatea: «Herritar guztiek dakite zer den positibo ematea, eta gainerakoen osasuna arriskuan jar dezaketela. Arduraz jokatzea ezinbestekoa da».
Eusko Jaurlaritzak ez du aurreikusi bestelako alternatibarik gaixorik dauden pertsonei boto eskubidea bermatzeko. Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak zehaztu zuen legeak ez duela horretarako aukerarik jasotzen. Haren esanetan, gobernuak ez die boto eskubidea ukatu COVID-19a duten pertsonei; etxetik irtetea dutela galarazia, eta, ondorioz, aurrez posta bidezko botoa eskatu ez badute ezin izango dutela gaur botoa eman. «Botoa emateko bi aukera baino ez daude: aurrez aurre hauteskunde egunean, edo posta bidezko botoaren bitartez: eta horretarako epea amaitu egin da», gogorarazi du, gainera, Beltran de Herediak.
Denera, 160 lagun inguruk ezin izango dute euren botoa eman gaur. Une honetan COVID-19a dutela baieztatu dietenak dira horiek. Kopuru horrek, ordea, ez du bat egiten gaur egun koronabirusagatik ospitaleratuta dagoen eri kopuruarekin. Murgak arrazoitu zuenez, erietxean dauden gaixo ugarik izan badute botoa emateko aukera, COVID-19agatik ospitaleratuta izan arren jada hura zabaltzeko aukerarik ez badute. Kasu horietan, gaixo bakoitza artatzen duen mediku taldeak aztertu beharko luke eria prest dagoen edo ez bozkalekura joan eta berriz ospitalera itzultzeko.
Bozak direla eta, Espainiako Hauteskunde Batzordeak ohar bat kaleratu zuen atzo ontzat joz Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaurko ezarritako osasun neurriak, eta, modu horretan, alboratu egin zuen Elkarrekin Podemosek gaixo daudenen boto eskubidea bermatzeko eskatuz aurkeztutako errekurtsoa. Hauteskunde Batzordeak uste du Jaurlaritzaren erabakia «proportzionala» dela, eta herritarren osasun eskubidea «bermatzen» duela.
Beste 58 kasu
Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi duenez, izurriaren aurkako azken zenbaketan, COVID-19a duten beste 31 positibo atzeman dituzte PCR proben bidez: bi Araban, hamabi Bizkaian eta hamazazpi Gipuzkoan. Gainera, herritar bat hil da koronabirusaren eraginez. Ordiziako (Gipuzkoa) agerraldiari lotutako kasuei dagokienez, orain arte atzemandakoak 70 dira; eta horietatik 45 dira herrian bertan egindako PCR probekin atzemandakoak. Azken orduetan lau kasu berri baieztatu dituzte han, baina beste hiru kendu dituzte orain arteko zenbaketetatik, foku harekin lotuta ez daudelakoan. Horiek Lleidako (Herrialde Katalanak) foku batekin lotuta egon daitezke, Murgaren esanetan.
Nafarroako osasun agintariek ere eman zuten atzo azken datuen berri; Tuteran hiru kasu gehiago atzeman dituzte, eta dagoeneko 34 dira positiboak. Gainera, Iruñean beste agerraldi bat atzeman dute, eta zortzi positibo agertu dira. Joan den astelehenean Iruñean egindako hamaiketako batekin lotu dituzte positibo horiek. Kasu horiei dagokienez, positibo gehienak gazteak direla jakinarazi du gobernuak. Guztira, Nafarroan beste 27 positibo atzeman dituzte azken orduetan, baina ez da hildakorik egon koronabirusaren eraginez.
Koronabirusa
«Osasun publikoaren aurkako delitua» izango da gaixorik bozkatzea
Sorburua Ordizian duten lau kasu berri agertu dira, eta Tuterakoarekin lotutakoak 34 dira guztira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu